Gurasoek argitaratutako argazki eta bideo aunitzek kalte egiten diote adingabeen pribatutasunari, baita umeon irudirako, intimitaterako eta ohorerako eskubideei ere. Hortaz, haur horien ongizatea bermatzeko, lege babesa galdegin ohi dute adituek. Errealitatea, ordea, bestelakoa da, lege eta arau tartean galtzen baitira adingabe horien eskumenetako aunitz. Euskal Herrian, adibidez, bi lege egoera daude: Iparraldean berariaz eta zorrotz araututa dago adingabeen irudien erabilera, baina Hegoaldean ez dago guztiz zehaztuta.
Ikusi gehiago: Irudi ase, intimitate gose
Ipar Euskal Herrian legeak babestu egiten ditu Interneterako edukia sortzen duten adingabeak, Frantziako Parlamentuak 2020an onartutako Sareko plataformetan haurren irudiaren esplotazioa izeneko legearen bidez, hain zuzen ere. Arau horrek 16 urte baino gutxiago dituzten eta sare sozialetan edukia sortzen duten gazteak babesten ditu.
Legearen neurri esanguratsuenak hiru dira. Lehenbizikoari esker, umeen irudiak erakutsiz irabazitako dirua kontu korronte jakin batera bideratu beharko da. Gurasoek ezin izanen dute bertan dagoen dirua ukitu; adingabeek, berriz, 16 urte betetzean erabiltzen ahalko dute. Bigarren neurriaren ondorioz, enpresek umeak kontratatu nahi badituzte publizitatea egiteko edo bestelako ekintzetarako, tokian tokiko agintarien baimena beharko dute. Azkenik, adingabeek eurek eska dezakete sarean dagoen eta beraiek agertzen diren irudi edo bideo bat ezabatzeko.
Zehaztasun falta
Hego Euskal Herrian, berriz, ez dago sarean presentzia duten adingabeak babesten dituen lege zehatzik. Espainiako Parlamentuak 1982an onartu zuen ohorerako, irudirako eta intimitaterako eskubideei buruzko legea; familiaren intimitatea ere jorratu zuten bertan, eta adingabeen babesa ere aipatu zuten tarteka, baina sare sozialek ekarritako jarduerek eta arriskuek zaharkituta utzi dute erabat.
Adingabeen alorrean, berriz, Madrilek berariazko lege bat onartu zuen iaz, haurrak eta nerabeak indarkeriatik babesteko, Rhodes legea deiturikoa. Bortizkeriaren alorrean neurri esanguratsuak dakartzan arren, ez du zehatz arautzen Interneteko jarduna, baina egiten du aipamenik. Hemeretzigarren artikuluak dio sarean adingabe bati buruzko informazio desegokia topatuz gero dagokien agintariei jakinarazi behar zaiela; hau da, derrigorrezko jotzen du halakoak salatzea. Beraz, legean sharenting-a propio ez da gaitzesten; bai, ordea, praktika horren erakusle diren zenbait ekintza.
Coppa Legea
Baina sareko jarduna ez dago soilik herrialdeetako gobernuen esku: Interneteko plataformek ere adingabeen presentzia erregula dezakete, eta askok araudi propioak dituzte. Youtube sare sozialak, adibidez, Coppa Legea du. Arau horren arabera, haurrei zuzendutako edukietan ezin izanen da publizitaterik jarri. Hala, enpresa iragarleetatik babesten dira eduki horiek kontsumitzen dituzten adingabeen datuak.
Sare sozialak. Adingabeak
Hutsuneak ditu adingabeen pribatutasuna babesteko legediak
Ipar Euskal Herrian badaude sare sozialetan edukia sortzen duten adingabeak babesteko neurriak; Hego Euskal Herrian, ordea, ez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu