Hizkuntza gutxituak

Bozka «historikoa» dela azpimarratu dute euskararen aldeko eragileek

Euskarazko irakaskuntza sailek «lorpen handia» dela diote. Diputatuek hizkuntza gutxituekiko jarrera aldatu izana txalotu dute hainbatek

Euskarazko murgiltzearen beharra azpimarratu zuten euskararen aldeko eragileek iragan urrian, Baionan. BOB EDME.
Oihana Teyseyre Koskarat.
2021eko apirilaren 9a
00:00
Entzun
Euskararen aldeko eragileek aho batez erran dute Frantziako Asanbleak hizkuntza gutxituen babeserako legea onartu izana «historikoa» dela. Antton Kurutxarri Euskararen Erakunde Publikoko presidenteak erran du «egun historikoa» izan zela atzokoa. «Historikoa da frantses nazioaren tenplua den Frantziako Asanbleak onartzea aise gehiago egin behar duela lekuko hizkuntzak salbatzeko; batez ere, Frantziak hizkuntza gutxituen kontra eraman duen 250 urteko borrokaren ondotik». EEPk, gainera, Frantziako Hezkunde Nazionalarekin dituen negoziazioan «berme bat gehiago izango du» hemendik aitzina, Kurutxarriren ustez. «Parisek erabiltzen dituen argumentu batzuk erorarazten ditu legeak. Esperimentaziotik Hezkuntza Kodearen baitan izatera pasatu da murgiltzea».

Seaskako zuzendari Hur Gorostiaga ere pozik mintzatu da: «Frantziako Gobernuak dena egin du lege hori ez pasatzeko. Errepublika Martxan alderdiak ere kontra egiteko borondatea erakutsi du, baina diputatu batzuek alderdi diziplinaren kontra egin dute, eta legea onartua izan da». Azaldu du Seaskaren kasuan murgiltze ereduari ezagupen ofiziala ematen diola legeak; halere, «bidea luzea» da oraino. Gorostiaga: «Ikusi beharko da ditugun beste aldarrikapenak nola gauzatzen diren, hala nola baxoa eta brebeta osoki euskaraz izatea». Peio Jorajuria Seaskako lehendakariak ere historikotzat jo du atzoko erabakia. Erronkak ere aipatu ditu: «Jadanik egiten genuena urrunago eraman beharko da». Marie Andree Ouret Biga Bai sail elebiduneko guraso elkarteko bozeramaileak segurtatu du «indar harremana» aldatuko duela legeak: «Ez da dena egunetik biharamunera aldatuko, baina, bederen, legea gure alde izanen da».

Euskal Konfederazioak ere atzoko bozketa historikotzat jo du: «Lehen aldia da, 1951n Deixonne legea bozkatu zuenetik, Frantziako Asanbleak lurralde hizkuntzen inguruko lege bat onartzen duela». Irakaskuntzari buruzko artikuluak onartu izanak «aitzinamendu handia» dakarrela berretsi du. Era berean, Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusia honela mintzatu da: «Garaipentzat hartu behar dugu Frantziako Asanblearen erabakia. Halere, Estatuak urrats berriak eta are eraginkorragoak egin behar ditu gure hizkuntzetan bizitzea berme guztiekin ahalbidetzeko».

Ipar Euskal Herriko hainbat hautetsik berria txalotu dute sare sozialetan. Kasurako, Jean Rene Etxegarai Euskal Hirigune Elkargoko lehendakariak erran duenez, atzokoa «egun historikoa» da, eta «ezagupen garrantzitsua tokiko hizkuntzentzat».

EH Baik ere balorazio positiboa egin du: «Lege proposamenak hainbat oztopo, blokeo, eta erresistentzia ezagutu dituen arren, eta [Frantziako] Gobernuak azken momentura arte hainbat emendakin aurkeztu baditu ere, Asanblea Nazionalak lege proposamenaren alde bozkatzea lorpen handia da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.