Espainiako gobernu osaketa

Gehiengo aurrerakoia izango du Espainiako Kongresuko Mahaiak

JxCrekin eta ERCrekin azken orduan lortutako akordioei esker, Francina Armengol sozialista aukeratu dute mahaiko presidente. PPk lau ordezkari izango ditu, eta Voxek, bat ere ez

PSOEko kide eta Espainiako Kongresuko Mahaiko presidente Francina Armengol, atzo goizeko bozketa saioan. JUAN CARLOS HIDALGO / EFE.
Maddi Iztueta Olano - Mikel P. Ansa - Arantxa Elizegi Egilegor
2023ko abuztuaren 18a
00:00
Entzun
JxC Junts Per Catalunyari begira zeuden atzo guztiak, baina ezusteko handiena kontrako norabidetik etorri zen: Voxek ez zuen PP babestu. Espainiako Kongresuko Mahaia aukeratzeko bozketa saioa 10:00etan hasi zen, eta, lehen botoak boz gora irakurtzen hasi zirenean, inork espero ez zuen izen bat entzun zen: Ignacio Gil Lazaro. Voxeko kideak bere alderdiko diputatu guztien babesa jaso zuen: 33 boto guztira. Eskuin muturrekoen sostengurik gabe, 139 boto lortu zituen PPren hautagai Cuca Gamarrak —UPN eta CC Koalizio Kanariarra alderdien babesa izan zuen—, eta, 178 botorekin, PSOEko kide Francina Armengol hautatu zuten Kongresuko presidente. Horiek hala, gehiengo aurrerakoia izango du Kongresuko Mahaiak.

Sozialistek, Sumarrek, ERCk, Juntsek, EH Bilduk, EAJk eta BNGk egin zuten Armengolen alde. Bozketa hasi baino lehen, PSOEk aldeko 171 boto zeuzkan ziurtzat, baina ez zuen argi JxCk zer egingo zuen. Carles Puigdemont alderdi independentistako buruak asteazken gauean X sare sozialean idatzitakoak are gehiago kezkatu zituen sozialistak: «Egiaztatzeko moduko ekintzak nahi ditugu, gure botoa eman aurretik». Azkenean, baina, bozketa hasi baino ordu laurden lehenago heldu zen akordioa. Hala ere, alderdi independentistek argi utzi dute hitzarmenak Kongresuko Mahaiaren bozketara mugatzen direla. «Mahaiaren osaketa soilik negoziatu dugu. Lortutako akordioek ez dute inolako loturarik inbestidurarekin», berretsi zuen Miriam Noguerasek, JxCren eledunak.

JxCk baino ordu batzuk lehenago luzatu zion eskua ERCk PSOEri. Halere, oso antzekoak izan dira bi akordioen emaitzak. Bi alderdi independentistek hizkuntza katalana jarri zuten negoziazioaren lehen lerroan, eta Espainiako Estatuan ofizialak diren hizkuntzei bultzada bat ematea hitzartu zuten sozialistekin. Armengolek dagoeneko iragarri du Kongresuan katalana, euskara eta galiziera erabili ahalko direla.

Panorama lausoa eskuinean

Negoziazioak adosten aritu ziren ezkerreko blokean, eta aurretik hitzartutakoak hausten eskuinekoan. Voxen 33 diputatuek beren hautagaia bozkatu zuten, Gamarrari babesa eman ordez. Orduan zabaldu ziren bi alderdi kontserbadoreen arteko hausturaren lehen susmoak. Ondoren, Voxek jakinarazi zuen PPrekin egiten ari ziren negoziazioak bertan behera utzi zituztela atzo goizean. Eskuin muturrekoek salatu zutenez, PPri babesa emanda ere, «demokrazian bigarren aldiz» hirugarren indarrak ez luke ordezkaritzarik izango Kongresuko Mahaian, eta azaldu zuten horregatik egin zutela Gil Lazaroren alde.

Halere, eguna ez zen erabat goibela izan Alderdi Popularrarentzat. PPko Pedro Rollan hautatu zuten Senatuko presidente, eta Javier Maroto presidenteorde. Alderdi kontserbadoreak gehiengo absolutua du ganbera horretan, eta 142 boto lortu zituen. Dena den, Senatuan ere agerikoa izan zen Voxen eta popularren arteko haustura, eskuin muturreko hiru senatariek beren hautagaia babestu baitzuten.

Kongresuko Mahaian, berriz, bederatzi karguetatik lau eskuratu dituzte popularrek. Horietatik bi lau presidenteordeak hautatzeko bozketan lortu zituen; 73 boto eskuratu zituen Jose Antonio Bermudez de Castrok, eta 65 Marta Gonzalezek. Beste bi karguak, berriz, idazkariak hautatzeko bozketan lortu zituen PPk, eta bana PSOEk eta Sumarrek.

Horiek hala, Kongresuko Mahaian guztira bost eserleku izango dituzte PSOEk eta Sumarrek, lau PPk eta bat ere ez Voxek. «Gaurtik aurrera ekingo diogu lanari, Espainian koalizio gobernu aurrerakoi bat osatu ahal izateko», esan zuen atzo Sumarreko buru Yolanda Diazek.

«Zin egin» edo «muzin egin»

Azken unean bakoitzak bere bidetik egin zuen arren, bozketa saioaren amaieran berriro aurkitu zuten elkar PPk eta Voxek. Bi alderdietako diputatuek eskatu zioten Armengoli berrikusi eta baliogabetu zitzala zenbait diputaturen zin egiteak, formula okerrak erabiltzeagatik, errepublika aipatzeagatik edo hizkuntza koofizialetan esanak izateagatik. «Diputatu askok ez dute ulertzen zer esaten ari diren, ezta Konstituzioari zin egiten edo muzin egiten ari diren ere», esan zuen Gamarrak. Armengolek, ordea, atzera bota zituen salaketak: «Konstituzioaren araberakoak eta zuzenak izan dira Kongresuko diputatuek erabilitako formulak».

Hain justu, ERCko, Juntseko, BNGko, EH Bilduko eta Sumarreko diputatuen zin egiteen harira kexatu ziren eskuinekoak. Salatu zuten zin egite horiek Auzitegi Konstituzionalak ezarritako sententzien aurkakoak direla, eta, horrenbestez, baliogabetu egin behar liratekeela. Katalanez, euskaraz eta galizieraz hitz egin zuten batzuek, eta feminismoa aldarrikatu besteek. Voxeko eta PPko kideen txanda heldu zenean, berriz, guztiek errepikatu zuten: «Espainiaren alde, bai».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.