Euskararen aurkako epaia Protesta

Uliazpiko langileek, «epai euskarafoboa» salatu, eta oposizioen emaitza babestu dute

Desgaitasunen bat dutenekin eta senideekin lan egiten dutenez, langileen irudiko ezinbestekoa da ama hizkuntzan jardutea. Olanok eraso «larritzat» jo du sententzia

Protesta. Uliazpiko langileek elkarretaratzea egin dute. BERRIA.
gurutze izagirre intxauspe
Donostia
2023ko martxoaren 3a
00:00
Entzun

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak asteazkenean emaniko «epai euskarafoboa» salatzeko elkarretaratzea egin zuten atzo Uliazpi fundazioko langileek, Donostiako Jose Maria Sert plazan, fundazioaren egoitza nagusiaren parean, LABek eta ELAk deituta. Uliazpi Gipuzkoako Foru Aldundiaren menpeko erakunde publiko bat da; era guztietako desgaitasun neurologikoak edo fisikoak dituzten herritarrekin eta senideekin egiten du lan. Fundazioak 34 zaintzaile kontratatzeko oposizioa antolatu du, eta euskarazko B2 titulua ezinbestekoa zen horietatik 32tan; meritutzat zeukaten beste bitan. Baina EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak bertan behera utzi du betekizuna, enplegu publikoa eskuratzeko eskubidea urratzen duelakoan.

Ikusi gehiago:Iñigo Urrutia: «Araubide askoz ere zorrotzagoak behar ditugu»

Uliazpiko langileentzat, «kolpe latza» izan da epaia. Jon Txasko LABeko ordezkariak azaldu du haien lanean oso garrantzitsua dela ama hizkuntza zaintzea, «askok zailtasunak dituztelako beste hizkuntza bat bereganatzeko». Artatzen dituztenetako asko dira euskaldunak, eta haien familiak ere bai: «Euskarazko zerbitzua ez ematea diskriminatzailea da haientzat». Artatzen dituztenekin lan egiteko ezinbesteko tresna da komunikazioa, Txaskoren esanetan, eta «ama hizkuntzan ezin jarduteak asko mugatu dezake lana».

Raul Garro ELAko ordezkaria da, eta zaintzaile lanak egiten ditu Uliazpin: «Gipuzkoako herrietako jende asko euskaraz bizi da, eta guk zerbitzua euskaraz eman behar dugu». Zeresan handia dute lana egiten dutenen beharrek ere: «Komunikazioa zaila da berez, desgaitasunen bat dutenak etortzen direlako gurera, eta, euskara buruan eta bihotzean dutela etortzen badira, gaztelania sartzeak komunikazioa zailtzen du».

Epaiak badu beste adar bat: lan eskaintza publikoetan egin beharreko hizkuntza eskakizunarena. Txasko: «Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak egindako arautegian oinarritzen gara euskararen eskakizuna zehazteko. Jende askok egin ditu azterketak, ikasi dute euskara, eta izugarrizko ezustekoa izan da orain epai hau jasotzea». Garrok ere kezka agertu du datozen oposizioei begira. «Oposizio asko izango dira hemendik aurrera, ez bakarrik Uliazpin; ate joka dauzkagu beste asko, baina arriskuan ikusten dugu hizkuntza eskubideen alde egin den lan guztia».

Uliazpiko oposizioa bukatu berria zen, eta langileei kontratuak egiten ari ziren. Horien artean, badira 34 urtez hartan lanean aritu eta postua bereganatu berri dutenak ere. Orain kezkatuta daude, epaiak postua airean jar diezaiekeelako. Kezka horren adierazgarri, Gipuzkoa osoko langileak batu ziren elkarretaratzera. Zizurkil, Bergara, Eibar eta Hondarribian ere baditu egoitzak Uliazpik.

Lanpostuak, «airean»

Nerea Amenabar Uliazpiko langilearentzat ere kolpe handia izan da epaia, lan giro euskalduna dutelako eta aurrerantzean ere hala izatea nahi duelako. Hark ere gogoan ditu B2 maila prestatzeko «lan handia» egin duten lankideak: «Lankide askok esfortzu handia egin dute euskaraz ikasteko, azterketak gainditzeko, euskaraz arreta emateko. Eta, orain, dena lausotuta geratu da». Mirian Pinto da horietako bat: «B2a atera nuen. Eta nire lanean ikusi dut beharrezkoa dela, gugana datozenak eta haien familiak euskaldunak direlako. Euskaraz jakin behar dugu». Kezka du bere lanpostuaren inguruan. Bergaran egiten zuen lan, eta Donostian lortu berri du postua: «Orain, epai honekin, atera berri dudan postua airean dago».

Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak oso larritzat jo du epaia, lehen eta bigarren mailako herritarrak ezartzen dituelako. «Aldundiaren eginbeharra da guztien eskubideak bermatzea; ezin da atzera egin. Muturreraino eramango dugu», adierazi du Olanok Euskadi Irratiari egindako adierazpenetan, eta berretsi du helegitea jarriko dutela.

Unai Urruzuno EH Bilduko eledunak, berriz, uste du euskararen aurkako «oldarraldi judizial oso larri bat» gertatzen ari dela. Haren irudiko, epaiak auzitan jartzen ditu hizkuntza eskubideak: «Ez gaude herri eleaniztun batean: gizarte diglosiko batean gaude, eta batzuek nahi dute diglosia horrek bere hartan segitzea, euskara bigarren mailako hizkuntza gisa utzita». Euskadi Irratian egindako elkarrizketan, gogoeta sakon bat eskatu du, epaile batzuk «ideologia bat» ezartzen ari direlako herritarren eskubideak bermatu beharrean.

Gazte Euskaltzaleen Sareak ere salatu du epaia sarean. «Euskara ez da aurrera joango, aurrera eraman behar da, eta euskara jomugan duen administrazio batekin behintzat, ezin da. Aski da». Kontzientziak piztera deitu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.