Maialen Lujanbio Zugasti. Txapelduna

«Goizean falta izan nituen olatuak aldean izan nituen arratsaldean»

Ez zuen marka jakin bat egin nahi Maialen Lujanbiok, finalean zortzikote horrekin kantatzearekin soilik lortua baitzuen bere helburua. Hirugarrenez jantzi zuen txapela, eta «pixkanaka» ari da pozten.

JON URBE / @FOKU.
Miren Mujika Telleria.
Villabona-Amasa
2022ko abenduaren 20a
00:00
Entzun

Igandera arte kantatu gabe zegoenez, egon zitekeen zalantza nola helduko ote zen finalera Maialen Lujanbio (Hernani, Gipuzkoa, 1976). Bertsoz bertso argitu zituen zalantza guztiak. Hasierako agurretik agertu zituen bere asmoak: «Zer eta nola, nork eta nori/ non eta nondik esango/ aurrera nahiak, atzera kargak/ ta urratu gabe ez dago/ artea hori da, eta finalak/ gaur Nafarroa arrago/ izan izan da arrago/ gauzak gertatu daitezkeenean/ gertatzen direla nago/ beti gertatu behar zuketena/ baino beranduxeago». Aldarriz josi zituen bertsoaldi gehienak, eta hori zuen xede. «Garaiari eta lekuari erantzun beharko liokeen bertsogintza bat da txapelketa».

 

Amaieran, goizeko saioan «korrontearen kontra» aritu zela kontatu zuen, «bila eta bila», erabat lehertu ezinda. Ordea, gainontzeko zazpi bertsolariak baino koska bat gorago aritu zen; hala diote, gainera, puntuek. Arratsaldean «indartsuago» sentitu zen, eta, hala, hirugarren aldiz egin zuen salto txapelak bere burura.

Hirugarren txapela jantzita atera zinen Nafarroa Arenatik. Zer moduz zaude?

Bada, egia esan, nekatuta, txikituta, pozik ere bai, baina zurrunbilotik ateratzen ari naiz oraindik. Pixkanaka ari naiz atzokoaz jabetzen, eta, horrekin batera, pixkana pozten.

Oholtzapean, behintzat, ilusioa nabari zen. Iritsi zen zuenganaino ere?

Bai. Gure ikuspuntutik behintzat, oso ederra izan zen. Nafarroa Arenara poza zekarren jendeak, hori guk ere sumatu genuen, bai; gogoa, energia eta poza. Bestetik, uste dut guk, talde bezala, oso talde polita osatu dugula eta harreman ona sortu genuela; finean, elkar laguntze bat eta elkar bultzatze bat.

Saioa amaitu orduko, «burrunba batean bezala» sentitzen zinela zenioen. Alegia, «zaila» zitzaizula une horretan balorazio bat egitea. Digestioa eginda zaude gaur?

Guztiz ez, egia esan [barreak]. Txapelketak, eta zer esanik ez, finalak, parametro jakin batzuk ditu, enkorsetatuta dago momentu batzuetan. Zure gailurrera joan nahi duzu, baina irristatzeko arrisku horrek beti eramaten zaitu kontserbadore jokatzera hastapenetan. Beraz, saioaren balorazio orokor bat egitekotan, esango nuke, hasieran pixka bat kosta bazitzaigun ere, gorantz egin zuela saioak aurrera egin ahala. Jendeak esan beharko du, baina uste dut bertsoaldi ederrak egon zirela, bertsolariek maila handia eman zutela momentu jakinetan. Alde horretatik, ohiko final bat izan zen, maila onekoa.

«Bertsolariek maila handia eman zutela» diozu. Zer moduz sentitu zinen zu?

Txapelketa honetan lehenengo saioa nuen, eta kabitu ezinda eduki ninduen, egia esan.

Zertan eduki zintuen «kabitu ezinda»?

Bere metriketan, bere tematiketan, bere formetan... Kosta egin zitzaidan pixka bat egokitzea. Goiza, nire sentsazioz, behintzat, lanean pasatu behar izan nuen; olatu handirik bilatu gabe, eta olaturik gabe surfean bezala. Sentitzen nuen gaiak ez zetozkidala errazak, ezta mamitsuak ere. Egia da, hala ere, oso erlatiboa dela hori. Izan ere, norbera oso argi dagoenean, edozein gairi ateratzen dio txispa, eta agian, gutxien espero duen gaian aterako zaio saioko onena. Beraz, ardura hori erdi bana jarriko nuke gaien eta neure buruaren artean.

Gaietan sentitu zenuen, orduan, ezin kabitu hori?

Gai zaintsu eta lehorrak egokitu zitzaizkidan. Iruditu zitzaidan ez zutela argumentu sakon edo potente baterako zirrikitu handirik ematen. Horren aurrean zer egin dezakezu? Bada, ahal den tokitik tira egin, eraiki, atera... Zentzu horretan sentitzen nuen lantsua egin zitzaidala. Kostatakoa izan zen. Une oro esaten nuen: «Benga, orain», «orain beste pixka bat». Eta, azkenean, ibili nintzen ezin erabat askatu edo lehertu. Baina, tira, eskarmentuak ere erakusten dizu horri eusten. Horrela joan zen nire goizeko saioa.

Eta arratsaldekoa?

Aldarte hobean sentitu nintzen arratsaldean; indartsuago. Gaien heldulekuak eta goizean falta izan nituen olatu horiek aldean izan nituen arratsaldean. Beraz, nire sentsazio onena arratsaldekoa da. Goizean katastrofe handirik egin ez baduzu, behintzat, egunaren zati handi bat eginda dago, normalki. Beraz, gustura gelditu nintzen arratsaldekoarekin.

Zein ariketarekin gelditu zinen gustura?

Nerearekin [Ibarzabal] hasi nintzen hamarreko txikian. Egoki egin genuela uste dut. Puntukakoa ez zen gaizki joan, Aitorrekin [Mendiluze] egin nuen, eta, batez ere, harengatik joan zen ondo ariketa. Izan ere, artista handia da Aitor puntukako lan horretan, eta elkarrekin asko kantatu izan dugu modu horretan.

Konfiantza ematen du horrek?

Bai. Konfiantza neukan berarekin tokatu zitzaidalako zozketan eta puntukako saioa berarekin egingo nuelako. Izan ere, Aitor garantia bat da horretan, eta berak asko eraman zuen saioa, eta asko ondu zuen.

Bakarkako lana zetorren puntukakoaren ondotik...

Bai. Goizez burua lanbrotuta eduki nuenez, bakarkako ariketan nire kezka zen aukera edukiko ote nuen argiagoa izango zen zerbait egiteko. Bada, uste dut nire onentsuena hor harrapatu nuela, bakarkako horretan.

Ale gogoangarriak utzi zenituen. Eta, hain zuzen, horrek eta egun osoan egindako lanek eraman zintuzten saioaren gailurrera, buruz burukora. Hirugarrenez errepikatu zen argazki hori. Izan ere, 2009an eta 2013an bezala, Amets Arzallusekin kantatu zenuen.

Bai. Oso ederra izan zen niretzat, eta poz handia hartu nuen. Arratsaldean lasaitzen garen bezala, buruz burukora iristerako, nolabait, beteta dago helburua. Nik ere sentitu nuen lasaitasun hori. Ez zitzaidan inporta ez irabaztea. Benetan, nik saio on bat egin eta Ametsek irabazi izan balu, kristoren poza hartuko nuke. Baina momentu horretan zor diozu zeure buruari, zure kideari eta bertan dagoen jendeari segitzea zure onena ematen. Gainera, saioari ere zor diozu bukaera on bat. Orduan, are gehiago estutu behar izaten duzu zeure burua. Horrek ekar dezakeen ondorioa izan daiteke, alde batetik, lasaitu zarelako, dena hobeto ateratzekoa.

Hala gertatu zitzaizun zuri?

Bai. Eta uste dut Ametsi ere hala gertatu zitzaiola. Alegia, biok lasaitu ginela, eta poza sentitu genuela elkarrekin berriz hor egotearekin. Konfiantza sentitu genuen, eta uste dut ondo eraman genuela hori.

Ni, emaitza aldetik, lasai nengoen. Oso eginda neukan egin beharrekoa. Esan nahi dudana da txapela ez zela derrigorrezko helburu bat, eta are gutxiago momentu honetan niretzat. Lan baten emaitza izan zedila nahi nuen, eta ez edonola iritsi beharreko zerbait. Eta, bueno, ba gero txapela gertatu zen, edo egokitu zen, edo eman zidaten, edo irabazi nuen... [barreak]. Pozik, beraz, pozik. Pena puntu bat ere ematen du, beste hainbatek mereziko luketelako txapela. Finean, lau urtean behin den txapelketa batean, hiru edo lau etapa pasatzen dira jende batentzat, eta pena ere ematen dizu alde horretatik. Gogoratzen naiz Andonik [Egaña] ere hori esaten zuela eta ez genuela hain ondo ulertzen, baina egia da beste hainbat leudekeela txapela mereziko luketenak. Egia da gero eman behar zaiola daukan garrantzia. Ez gutxiago eta ez gehiago.

Eta zein da daukan garrantzia?

Zentzu desberdina izan du niretzat txapelketa honek. Alde batetik, nire zazpigarren finala zelako, eta, bestetik, aurtengoak zituen ezaugarriak zituelako: Iruñean izatea, gazte jendea sartzea, hiru emakume izatea... Nik zentzua horrekin bakarrik ere ikusten nion. Niretzat, txapelketan parte hartzeko motibazioetako bat zen aurten zerbait pasatuko zela, eta izango zela txapelketa bat mugarri bat markatuko zuena. Poz handia neukan halako final baten parte izatearena. Gazte jendea etortzekotan edo beste bi-hiru emakume elkartu behar baginen, nik han egon nahi nuen. Hori zen nire txapelketa honetako poza. Beraz, helburua hasieratik beteta zegoen kasik. Finalista talde horrekin nire helburua beteta neukan nolabait. Aipatu dut lehen ere nire helburua ez zela derrigorrez beste txapel bat irabaztea. Nik ez dut markarik egin nahi. Egia da gero, han zaudenean, zor da, eta zor diot neure buruari eta baita beste guztiei ere, nire onena ematea. Aurtengo txapelketak, beraz, beste zentzu bat zeukan nire barruan. Sekula baino txikiagoa zen helburu konkretu hori.

Epeltasunik nahi ez zenukeela sinatu zenuen saioaren aurretik. Uneren batean nabaritu zenuen gertu?

Hain justu, horretatik ihes egiten saiatu nintzen. Txapelketan baldintza bertsuko gaiak izan behar direnez, eta ez daudenez espresuki zuretzat pentsatuta, batzuetan hutsaren gainean geratzeko arriskua dago; hau da, ariketa formalak ateratzekoa, gimnastikoak, kasik. Niri hori ez zait interesatzen; ez txapelketan eta ez saioetan ere. Gaiek funts pixka bat izan zezatela nahi nuen, eta, ez bazuten, nik neuk atera nahi nien funtsa. Lurreko hargunea eman nahi nien gaiei. Hori zen nire gogoa, eta, ahal izan nuen neurrian, egin nuen.

Lurreko hargune horretatik, garaiari eta lekuari erantzungo zion final bat desio zenuen. Ikuspuntu edo kritika sozial batetik abiatu zenituen ideia asko... Hori zenuen helburu?

Bai, neurri batean bai. Finean, niretzako bertsolaritza eta txapelketa ez delako ariketa estetiko formal bat, ez da ginkana bat, ez da zeinek egingo duen pirueta politena. Bertsolaritza da formaren eta hondoaren arteko batasun bat. Izan ere, lengoaia, hizkuntza eta mezua, guretzako dena da bat. Beraz, zentzu horretan, zaindu behar da forma, zaindu behar da edukia, baina niretzat oso inportantea da bertsokerak inguru bati erantzutea; alegia, ez dadila izan hutsaren gaineko dantza bat, eman dezala bide gauzez hitz egiteko, fikzioaren bidez bada ere. Ni eszena horien atzean egon zitezkeen gai horien bila ibili nintzen.

Bila ibili, eta aurkitu. Iñaki Muruak jantzi zizun txapela. Nola bizi izan zenuen une hori?

Poz eta zorte handiz. Iñakirekin harreman handia daukat. Oso mirestua da Iñaki, eta berak irabazi du hori bere karisma eta lanarekin. Polita izan zen oso, eta uste dut berari ere zor zitzaiola horrelako opari bat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.