Ur eskasia

Hasi dira ur edangarria Santurtzitik Bermeora itsasontziz garraiatzen

«Ezohiko egoera bati erantzuteko ezohiko neurria» da ontziarena. Bilbo Bizkaia Ur Partzuergoko arduradunen esanetan, uraren kalitatea bermatuta dago: «Ez dago kontrol gehiago duen urik»

Bilbo Bizkaia Ur Partzuergoko arduradun Pedro Barreiro eta Koldo Urkullu, atzo, Bermeon. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
gotzon hermosilla
Bermeo
2022ko abuztuaren 19a
00:00
Entzun

Bilbo Bizkaia Ur Partzuergoa hasi da hura Santurtziko portutik Bermeokora (Bizkaia) itsasontziz garraiatzen, Busturialdea eta Urdaibai eskualdeetan dagoen ur eskasiari aurre egiteko. Partzuergoko arduradunek azaldu dutenez, orain arte probak eta azterketak egiten ibili dira, eta proba horiek bukatuta eta beharrezkoak diren baimen guztiak lortuta, atzo ekin zioten ura garraiatzeari. Goizean hasi ziren ura itsasontzitik hornikuntza sarera punpatzen, eta aurreikusia zuten operazioa 17:00etarako amaituko zela.

 

«Ezohiko egoera bati erantzuteko ezohiko neurri bat» izan da ura itsasontziz garraiatzeko erabakia, Pedro Barreiro Ur Partzuergoko kudeatzaileak azaldu duenez. Haren esanetan, Bizkaiko urtegiak edukieraren %70ean daude, eta, beraz, herrialdean egoera «normala» da, eta ez dago ur eskasiarik, baina besterik da Bizkaiko kostaldeko zenbait herritako egoera: «Eskualde horietan ura akuifero, errekasto eta ibaietatik hartzen da, eta, beraz, hain euri gutxi egin izanak eta tenperatura altuek eragin dute aurtengo egoera ezohikoa».

Ikusi gehiago: Ur kamioiak lehortea arintzeko

Ur Partzuergoak ekainean eman zien udalei egoeraren berri, eta uztailaren 19an alerta egoera ezarri zen, eta lehenengo neurriak hartu zituzten: igerilekuak betetzea debekatzea, kaleetako garbiketa murriztea, eta abar. Abuztuaren 8an, berriz, beste neurri bat hartu zuten: 00:00etatik 06:00etara etxeko uraren presioa jaistea. Ura itsasontziz garraiatzea izan da «ezohiko egoerari» emandako azken erantzuna.

«Irtenbiderik merkeena»

Operazioak 1,8 milioi euroko aurrekontua du, baina ur partzuergoko arduradunek azaldu dute horri BEZa deskontatu behar zaiola eta, beraz, partzuergoak 1.497.000 euro ordainduko duela azkenean. Partzuergoko arduradunen arabera, «irtenbiderik merkeena» da: «Askoz garestiagoa izango zen eskualdeko herritarrei, industriei eta saltokiei ura moztu behar izatea», adierazi du Barreirok.

Zenbait herritarri kezka sortu die ekarri den urak zer kalitate izango duen. Zalantza horiek uxatu nahi izan dituzte partzuergoko arduradunek: aitortu dute ez dakitela Dutch Spirit ontzia orain arte zer-nolako produktuak garraiatzen aritu den, baina ziurtatu dute tangak lau aldiz garbitu dituztela: itsasoko urez, ur gezaz, tenperatura altuko lurrunez eta produktu kimiko batez. Erantsi dute, gainera, osasun zerbitzuek beharrezkoak diren baimen eta oniritzi guztiak eman dizkiotela: «Gaur egun, Euskadin ez dago horrek baino kontrol gehiago duen urik», esan du Barreirok.

Beste polemika bati ere aurre egin nahi izan diote ur partzuergoko arduradunek. Bezperan, bideo bat zabaldu zen sare sozialetan, eta hor ikusten zen ura parrastaka isurtzen zela itsasontziko hodietatik itsasora. Hainbat bertsio egon dira gertatutakoaz: hasieran zabaldu zen hura «istripu txiki bat» izan zela eta segituan konpondu zutela, baina atzo ur partzuergoko arduradunek esan zuten ez zela istripua izan, «proba bat» baizik, eta irudiak Santurtziko kaian hartu zituztela, «ur eskasiarik ez dagoen eremuan».

Urrira arte

Itsasontzia bi hilabetez arituko da ura Santurtzitik Bermeora garraiatzen, urriaren erdialdera arte. Beharrezkoa balitz, epe hori luza daiteke; aldiz, arazoa lehenago konponduko balitz eta ur gehiago garraiatzea beharrezkoa ez dela ikusiko balute, egongo litzateke zerbitzua eteteko aukera, gastu finko batzuk ordainduta.

Edonola ere, ontziarena behin-behineko irtenbidea da, oraingo larrialdiari erantzuteko atondua. Benetako konponbidea beste bat da, Bilbo Bizkaia Ur Partzuergoko Aktiboen Kudeaketa eta Ustiapeneko zuzendari Koldo Urkulluren iritziz: «Arazoaren behin betiko irtenbidea izango da Zadorrako ura Mungiatik Bermeora ekartzeko hodia egitea»,

Egitasmoa mahai gainean du ur partzuergoak, baina ez dirudi egun batetik bestera gauzatuko denik; Urkulluk azaldu duenez, «oso lan konplexua» da, eta denbora luzea eta inbertsio handia beharko dira hori egin ahal izateko. Oraingoz, lanaren diseinua esleitzeko prozesuan dago partzuergoa: horretan bi milioi euro inbertitzea aurreikusi dute, eta urtebetean egitea espero dute. Gero etorriko lirateke planaren tramitazioa, lanaz arduratuko den enpresaren kontratazio prozesua eta, azkenik, obra bera. Azken horrek ere denbora beharko du: 17 kilometroko hodi bat eraiki nahi dute, eta pentsatzen dute beharrezkoa izango dela Sollube mendia tarte batzuetan zulatzea.

Hortaz, Urkulluk eta Barreirok nahiago izan dute zuhur jokatzea eta ezer ez aurreratzea lanak beharko lukeen epeaz edo egin beharreko inbertsioaz, baina bi-biek nabarmendu dute euren iritziz horixe dela «konponbide posible bakarra», eta eskualdea Oiz mendiko erreketatik hornitzea ez dela «bideragarria».

Joan den urtarrilaren 1etik, Busturialdeko Ur Partzuergoa osatzen duten hamasei herriak batu zaizkio Bilbo Bizkaia Ur Partzuergoari. Erabaki hura ere ez zen polemikarik gabekoa izan, zenbait eragilek uste baitzuten egokiagoa zela Busturialdeko ur baliabideak eskualdean bertan kudeatzea, eta Bilbo Bizkaia Ur Partzuergoarekin bat egiteak baliabideak galtzea eta ura garestitzea ekarriko zuela.

Aurten uraren horniduran egondako problemak ikusita, eztabaida areagotu egin da, eta horri ere erantzun nahi izan diote. Bermeoko alkate Aritz Abaroak, adibidez, esan du ur eskasia ez dela soilik aurtengo arazoa, eta iazko udan ere zailtasunak izan zituztela, batez ere, udan erabiltzaile kopurua asko emendatzen delako eskualdean. «Desberdintasun bat dago aurten iazko egoerarekin alderatuta», erantsi du; «aurten, Bilbo Bizkaia Ur Partzuergoko kide gara. Partzuergoarekin bat egin izanari esker, orain badugu gaitasun tekniko eta ekonomikoa arazoari aurre egiteko».

Partzuergoaren jarduera kritikatzen dutenei «egindako lana ezegonkortu» nahi izatea leporatu die, eta galdetu die ea proposatzen duten alternatiba «ura moztu behar izatea» ote den. Herritarrei, berriz, «lasaitasun mezua» helarazi nahi izan die: esan duenez, hartutako neurriei esker eta, bereziki, ura itsasontziz garraiatuta, ez da beharrezkoa izango neurri murriztaile gehiago hartzea, eta uraren kalitatea «guztiz bermatuta» dago.

Abaroak gaineratu du ura Zadorratik ekartzeko lana egin ostean ere, Busturialdean «bertako ura» kontsumitzen jarraituko dutela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.