Hego Euskal Herriko gidari guztiek baliatu ahalko dute erregai litro bakoitzeko hogei zentimoko deskontua. Hasieran, garraio sektoreko profesionalentzako diseinaturiko neurria zena gidari eta ibilgailu mota guztietara zabalduko du Espainiako Gobernuak. Aurretik Frantziako, Italiako eta Portugalgo gobernuek hartutako bide beretik jo du Pedro Sanchez presidenteak. Gaur onartuko du neurria, Ministroen Kontseiluan, eta ostiralean sartuko da indarrean. Iparraldeko gidarientzako hamabost zentimoko deskontua ere egun berean hasiko da.
Espainiako Gobernuak Ukrainako gerrak eragindako kalte ekonomikoei aurre egiteko neurri sorta bat diseinatu du. Gaur onartuko du, baina atzo eman zuen haren berri. 16.000 milioi euroko plan bat da, eta bost ardatz nagusi ditu: langile eta familiei laguntzeko neurriak, energia, industria ehuna, garraioa eta zibersegurtasuna. Erregaia da neurri gailena, baina horrez gain, besteak beste, alokairuaren igoera %2ra mugatuko du hurrengo hiru hilabeteetan, eta aldi baterako lan erregulazioak bigunduko ditu kaleratzeak egiteko debekuaren baldintzapean. Pandemian erabilitako neurria da hori.
LANGILE ETA FAMILIEI LAGUNTZEKO NEURRIAK
Mugak alokairu igoerei, kaleratzeak debekatuta...
«Erregaiaren garestitzeak familia guztiei eragiten die, ez sektore jakin batzuei bakarrik». Sanchezek horrela azaldu du erregaia merkatzeko neurria zabaldu izana. Apirilaren 1etik ekainaren 30era erregaiak hogei zentimo merkatuko ditu. Horietatik hamabost estatuaren kontura izango dira, eta bost, petrolio enpresen kontura. Konpainia batzuk, dena den, dagoeneko esan dute beherapen handiagoak egingo dituztela. Deskontua gasolindegian bertan egingo da, zuzenean. Gauzak hala, 50 litroko biltegia duen —ohiko neurria da— auto bat erregaiz betetzea hamar euro merkeagoa izango da.
Erregaia neurririk deigarriena da, baina ez bakarra. Gauzak hala, krisiak eragindako kaleratzeak debekatuko ditu, eta enpresek baldintza hobeagoetan eskatu ahal izango dituzte aldi baterako erregulazioak. Pandemian harturiko neurri bati segida emango dio, beraz. Haren babesean jo zituzten legez kanpoko, besteak beste, Tubacexeko edo PCB ITP Aeroko lan erregulazioak.
Etxebizitzen alokairuen berrikuspenek %2ko muga izango dute hurrengo hiru hilabeteetan, KPItik oso behera; eta, tarte horretan, %15 igoko da bizitzeko gutxieneko diru sarrera. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, Jaurlaritzak du laguntza hori kudeatzeko eskuduntza; eta Nafarroako Gobernuak, ondo bidean, etzi lortuko du transferentzia.
Kontsumitzaile txikien argindar fakturarekin zerikusia duten bi neurri onartuko dituzte halaber: batetik, ekainaren 30era arte luzatuko du zergen beherapena (%10eko BEZa kontsumitzaile txikientzat), eta, bestetik, bonu sozialaren onuradun kopurua handituko du. Iazko neguan, 68.759 ziren bonu horren onuradunak Hego Euskal Herrian, eta oraindik ezin da jakin zenbat handituko den kopuru hori.
ARGINDARRA MERKATU
Muga gasaren prezioari
Energia merkatzeko neurrien artean, argindarra sortzeko erabiltzen den gasari ere gehienezko prezio bat ezarriko dio Espainiako Gobernuak, baina Sanchezek ez du aurreratu zenbatekoa izango den. Portugalekin batera egingo du eskaera zehatza, eta, horretarako, Iberiar penintsularen berezitasunak kontuan har daitezela eskatuko dute bi presidenteek. Sanchezen ustez, gehienezko muga horiek «berehalako» eragina izango dute, eta «modu nabarmenean» merkatuko dituzte argindar fakturak.
Energia berriztagarrien zergetan ere eragingo du Espainiako Gobernuak, eta Sanchezek iragarri du 1.800 milioiko beherapen bat egongo dela sistemaren karguetan. Era berean, ekainaren 30era arte luzatuko da zerutik eroritako irabaziak deiturikoen kontrol mekanismoa. Iragan neguan konpainiekin adostu zuen kontrol hori ezartzeko modua.
GARRAIO SEKTOREARI LAGUNTZEKO NEURRIAK
1.250 euro kamioiko
Garraio sektorean 1.000 milioi euro txertatuko ditu Espainiako Gobernuak. Erregaia merkatzeaz gain, 450 milioi euroko funts bat sortuko du garraio enpresak laguntzeko: 1.250 euro banatukoditu kamioi bakoitzeko; 900 autobusentzat, eta 300 taxi eta anbulantzientzat. Autonomoei ere iritsiko zaiela espero da.
Hidrokarburoen gaineko zergaren itzulera hiru hilabeteko tartetik bakarrera murriztuko da, eta, era berean, garraiolariek «bidezko prezio» batean lan egitea ahalbidetuko duen lege bat onartzea hitzeman du Sanchezek. Garraiolarien eskaera zehatzetako bat betetzen ikusi behar da: espresuki debeka dadila kostuaren azpitik lan egitea.
EHUN PRODUKTIBO ETA EKONOMIKORAKO NEURRIAK
ICO kreditu gehiago
Ehun ekonomiko eta produktiboak «likidezia» behar duelauste du Sanchezek, eta norabide horretan doaz enpresei laguntzeko neurriak. 10.000 milioi euro jarriko dituzte ICO kredituetarako, eta haiek itzultzeko epeak luzatuko dituzte. Azken hilabeteetan enpresa askok onartu dute pandemian garaian eskatu zituzten ICO kredituak itzultzeko arazoak dituztela. Horrez gain, 362 milioi euroren laguntzak emango dizkiete nekazaritzari eta abeltzaintzari, eta beste 68 milioi euro arrantzari.
Energia kontsumitzaile handi diren industriek, berriz, 500 milioi euroren laguntzak izango dituzte eskura argindarraren bidesarien %80 ordaintzeko. Euskal Herriko enpresa asko daude multzo horretan: Sidenor, Arcelor, Acerinox... Batek baino gehiagok etenaldiak egin ditu, energia prezio horretan izanda ekoizpena ez delako errentagarria.
Azkenik, 1.020 milioi euroko zibersegurtasun plan bat jarriko du abian, eta, haren bitartez, 5G sareak erabiliz egiten diren komunikazioen segurtasuna indartuko du. «150 ekintza» egingo ditu, besteak beste, garraio edo osasun zerbitzuetako sareetan.
Energiaren garestitzea. Madrilen neurriak
Betea, hamar euro merkeago
Erregai litroko hogei zentimoko deskontua finkatu du Madrilek Hegoaldeko gidari guztientzat. Ostiralean egongo da indarrean neurria, Iparraldeko hamabost zentimoko deskontuarekin bat
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu