Osasuna. Diabetesa: ehun urte intsulinarekin

Bizitzak salbatu ditu

Ehun urte bete dira diabetikoak intsulinarekin tratatzen hasi zirenetik. 2 motako diabetesa dago hedatuen munduan, eta «arazo» bat da osasun sistemarentzat

Emakume bat intsulina xiringa batzuk erakusten. EFE.
Edurne Begiristain.
2022ko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun
Duela mende bat zientziak pauso garrantzitsu bat eman zuen diabetikoen bizi itxaropenari dagokionez: intsulina gizaki batean erabiltzea lortu zuten lehen aldiz historian. Leonard Thompson diabetes larria zuen 14 urteko gazteari intsulina injektatu zioten, Toronton (Kanada), 1922ko urtarrilaren 11n. Aurkikuntza horrek ateak parez pare zabaldu zizkion gaitzaren tratamenduari, eta «mugarri» bat ezarri zuen eritasunaren garapenean, Izortze Santin EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Biologia irakasle eta BioCruces-eko ikertzaileak nabarmendu duenez. «Garai batean jende asko hiltzen zen diabetesak jota, baina, intsulina purifikatu zutenetik eta paziente diabetiko bati ematen hasi zirenetik, erien ongizatea izugarri hobetu zen».

Frederick Banting eta Charles Herbert Best zientzialariek egindako aurkikuntzak betiko aldatu zuen diabetesa zuten gaixoen bizi kalitatea. «Ordura arte, diabetesa diagnostikatu eta gutxira hiltzen ziren eri gehienak, baina, intsulinari esker, diabetesa tratatu daitekeen gaixotasun bat da». Santinek azaldu duenez, azken ehun urtean aurrerapen itzelak izan dira intsulinaren tratamenduan ere. Hasieran intsulina txerrien pankreatik ateratzen zen, txerrien eta gizakien intsulina oso antzekoak direlako, baina horrek albo kalte batzuk sortzen zituen pazienteen osasunean. Gaur egun, berriz, escherichia coli bakteriotik eta ingeniaritza genetikoaren bidez eskuratzen da intsulina «garbia», eta horrek abantaila ugari ekarri ditu gaixoen iraupenean.

Ikusi gehiago: Sonia Gaztanbide: «Aldi hartan, intsulina behar zuten gaixoak hil egiten ziren bost urteren buruan»

«Pankreak sortutako hormona bat da intsulina, eta odoleko azukre maila erregulatzeaz arduratzen da», azaldu du Santinek. Intsulina zer den jakitea ezinbestekoa da diabetesa zer den ulertzeko: «Gaixotasuna sortzen da gorputzak odolaren azukrea kontrolatzeko gaitasunik ez duenean, eta, normalean, intsulinaren ekoizpenarekin edo intsulinaren funtzio okerrarekin du zerikusia». Horra EHUko irakasle eta ikertzaileak eritasunari buruz egindako definizio samurra. Hitzokin erraz uler daiteke zertan den diabetesa, baina izatez gaixotasun «oso heterogeneoa» da, «konplexua», ertz askotarikoa. Eta, garaiz eta egoki tratatzen ez bada, «ondorio larriak» izan ditzake: bihotzeko arazoak, bistakoak, hezurretakoak, gaixotasun neurologiko degeneratiboak, giltzurruneko eritasunak,...

Aldaera bat baino gehiago ditu gaixotasunak, baina bi dira nagusienak: 1 motako diabetesa eta 2 motakoa. Santinek esplikatu duenez, 1 motako diabetesa umetan eta gaztetxotan diagnostikatu ohi da, eta genetikoki ezaugarri jakin batzuk dituzten pertsonetan agertzen da, baina oraindik guztiz ezagutzen ez diren kanpo faktoreek eraginda. Pankreak sortu ohi duen intsulina hormona falta dute gaixoek, eta horren ondoriozkoak izaten dira haien osasun arazoak. Intsulina artifiziala hartu behar dute 1 motako diabetesa duten gaixoek. Mota horretako diabetesa «oso konplexua» izaten dela azaldu du Santinek, batez ere umeetan eta nerabeetan agertzen delako; maiz, jaio eta gutxira. «Ume txikietan, kontrolatzeko nekeza izaten da, gurasoen esku geratzen delako haien glukosa neurtzea eta intsulina jartzearen ardura». Mota horretako diabetesa duten eriak kronikoak bilakatzen dira, eta «bizitza osorako» izaten dute gaitza.

2 motako diabetesaren ezaugarriak bestelakoak dira. Adinarekin agertu ohi da, gizentasunaren eta ariketa fisikorik ezaren ondorioz batez ere. Intsulinarekiko erresistentziak garatzen ditu gorputzak, eta glukosaren kontrolean desorekak eragiten ditu. 1 motako diabetesaren tratamenduaren aldean, 2 motako diabetesa duten eriek askotan ez dute intsulina hartu beharrik izaten, eta gaixotasuna eragiten duten kausak desagertuta esaterako, argalduta senda daiteke diabetes mota hori.

Gisa horretako diabetesa kontrolatzeko errazagoa bada ere, munduan gehien zabaltzen ari dena da oraintxe bertan. OME Osasunaren Mundu Erakundeak diabetesaren inguruko kezka adierazi du berriki, gaixoak asko ugaritzen ari direlako. «Diabetesa mundu osoan zabaltzen ari da, baina, batez ere, diru sarrera apalak eta ertainak dituzten herrialdeetan», ohartarazi zuen irailean Tedros Adhanom Ghebreyesus OMEko zuzendariak. FID Diabetesaren Nazioarteko Federazioak datu adierazgarri bat eman du: munduan 537 milioi helduk dute diabetesa; 2019an, berriz, 463 milioi ziren. «Arazo bat da osasun sistemarako, jende asko artatu behar delako», ohartarazi du Santinek.

Kontrolatzea eta atzematea

Diabetesa duten pertsona gehienentzat intsulina artifiziala hartzea da gaixotasuna kontrolpean izateko modu bakarra, bereziki 1 motako diabetesa dutenen kasuan. Baina kasu horietarako bestelako tratamendu batzuk ere erabiltzen hasiak dira. Besteak beste, irla pankratikoen transplanteak egiten ari zaizkie modu esperimentalean. Oraingoz, baina, «epe laburreko soluzioa» dela azaldu du Santinek.

Ikusi gehiagoDena neurtzera ohitu behar

Ikertzaile gehienen helburu behinena diabetesa aurreikustea eta osasun arazoak saihestea da. Bide horretan, bi dira kontuan hartu beharreko gakoak, Santinek azpimarratu duenez. 1 motako diabetesa dutenen artean «gaitza kontrolpean izatea» da xede nagusiena, eta 2 motakoan, «gaitza atzematea». 1 motako diabetesa izaten da diagnostikatzen samurrena: «Eritasuna larriagoa izaten da, eta pairatzen dutenek aise amaitzen dute larrialdietan». Mota horretako diabetesa ikertzen du Santinek, eta, dioenez, ezinbestekoa da genetikatik eritasunari aurrea hartzeko neurri profilaktikoak diseinatzea: «Gaixotzeko arriskua duten pertsonak identifikatu behar dira, eta estrategiak bilatu eritasunari hasiera ematen dioten faktoreak geldiarazteko».

2 motako diabetesa detektatzea, ordea, zailagoa izaten da. Izan ere, normalean odol analisi batean atzematen da gaitza, baina gisa horretako osasun kontrolak egiteko ohiturarik ez duenak «nekez» daki gaixotasuna duela. Gaur egun, gaixoen %40 inguruk ez dakite diabetikoak direnik. Prebentzioaren garrantziaz ohartarazi du Santinek: «Genetikak eritasuna garatzeko duen pisua albo batera utzita, kirola egitea eta elikadura osasuntsu bat izatea ezinbestekoak dira diabetesa ez garatzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.