Kataluniako murgiltze eredua

Epaileak, «pedagogo lanetan»

ERCk, JxCk, CUPek eta En Comu-Podemek auzitegien «esku hartzea» salatu dute, Gorenak murgiltzearen kontra hartu duen erabakiagatik. PSCk eskatu du sententzia betetzeko eta «akordioa berregiteko»

Guztientzat. Murgiltzea eskatzeko pankarta bat, Bartzelonan. DANI CODINA.
Gorka Berasategi Otamendi.
2021eko abenduaren 18a
00:00
Entzun
Epaileek astindu dute beste behin Kataluniako agertoki politikoa. Espainiako Auzitegi Gorenaren erabaki batek eztabaidaren erdigunea hartu du: Kataluniako hezkuntza ereduari buruz hartuduen erabakiak. Gorenak ontzat jo du Kataluniako ikastetxeetan gaztelaniazko klase orduen gutxieneko bat ezartzea, %25ekoa, Kataluniako Auzitegi Nagusiak iaz ezarri bezala. Horrenbestez, berretsi egin du eskoletan katalanaren erabilera mugatzeko agindua. ERCk, JxCk, CUPek eta Catalunya En Comu-Podemek (CECP) auzitegien «esku hartzea» salatu dute, eta pedagogoei dagozkien irizpideak ezarri nahi izatea leporatu diete. PSCk nabarmendu du sententzia nahitaez bete behar dela. Alderdi horietako ordezkariekin hitz egin du BERRIAk, jakiteko zer ikuspuntu duten gai horren inguruan.

Anna Simo ERCko parlamentari ohi eta azken hiru ikasturteetan Kataluniako Eskola Kontseiluko presidente izandakoaren iritziz, Gorenaren erabakiak «ez du inolako zentzu pedagogikorik, ezta administratiborik ere», eta gogorarazi du Espainiako Auzitegi Konstituzionalak «hainbatetan onetsi» duela Kataluniako Hezkuntza Legearen hizkuntza eredua. «Berretsita dagoen eredu bat da».

Kataluniako Hezkuntza Legeak eman zion euskarri juridikoa herrialdeko murgiltze sistemari. Hizkuntza eredu horrek Katalunian duen babes zabalaren erakusle da parlamentuak 2009. urtean onartu zuen legea. CiUren, PSCren, ERCren eta ICV-EUiAren aldeko botoekin onetsi zuen.

ERCk bezala, JxCk, CUPek eta CECPek ere salatu dute adostasun horren kontrako «erasoa». Monica Sales JxCko parlamentariak kezka agertu du. «Kataluniako Parlamentuak adostasun handiz onartutako legeen gainetik jarri nahi dute epaile batzuek». Carles Riera CUPeko diputatuak nabarmendu du «Generalitatearen eskumenen kontrako oldarraldia» dela Gorenak berretsi duen sententzia. Erabakia «politikaren judizializazioarekin» lotu du. Rieraren ustez, «katalanaren normalizazio prozesua ahuldu nahi dute, eta bi komunitateren arteko zatiketa sakondu». Joan Mena CECPek Espainiako Kongresuan duen diputatuarentzat ere Kataluniako murgiltze eredua «ahultzeko» borondatea dago erabakiaren atzean. Adierazi du hizkuntzen erabilerari buruzko erabakiak «irizpide pedagogikoen araberakoak» izan beharko liratekeela. «Harrigarria da auzitegi batek ezartzea eredu linguistikoa».

Indar katalanisten artean, PSC izan da Auzitegi Gorenaren sententzia kritikatu ez duen bakarra. Esther Niubo parlamentariak adierazi du alderdi sozialista ez datorrela bat auzitegiaren erabakiarekin. «PSCk ez du inoiz kuota sistema bat babestu, uste dugulako irakasleei eta ikastetxeei dagokiela helburuetara nola iritsi erabakitzea. Baina sententzia bete egin behar da, gustuko izan ala ez».

Niuboren iritziz, posiblea da hizkuntza ereduari buruzko adostasunari eustea, baita eskolen %25 gazteleraz emateko agindua beteta ere. «Generalitateak aztertu behar du nola eutsi ereduari». Adostasuna «berregitera» deitu du, eredua «gaurkotuta».

Kataluniako Gobernuak ziurtatu du eutsi egingo diola indarrean den murgiltze ereduari. Baina ikusteko dago nola bermatuko duen hori. Oraingoz, hiru neurri iragarri ditu: ikuskaritzak egingo ditu murgiltzea betetzen dela ziurtatzeko; irakasle bat gehiago jarriko ditu gaztelania erabiltzea derrigorrezkoa den eskoletan; eta «legezko erasoaldia» hasiko du Kataluniako hezkuntza eredua babesteko. Azken horri dagokionean, mahai gainean ditu hezkuntza legea erreformatzeko edota dekretu bidezko aldaketak bultzatzeko aukerak.

Simok Generalitateak eskura dituen eskumenen «erabilera eraginkorra» aldarrikatu du hizkuntza eredua mantentzeko, eta Salesek irakasleen babesa bermatzera deitu du.

Sententzia gauzatzeko saiakeren aurrean, Rierak egoera «iraultzea» proposatu du, «aurrerapauso bat ematea» murgiltzea ikastetxe guztietan bermatzeko, adostasun politikoaren eta mobilizazio sozialaren bidez.

Epaiaren bideragarritasuna

Indar politikoen arteko akordioek eta gizartearen presioak auzian izan dezaketen eraginaz harago, ERCk, CUPek eta CECPek nabarmendu dute legea ere murgiltzearen aldekoa dela. Kataluniako Auzitegi Nagusiaren sententziak gaztelaniazko gutxieneko ordu kopuru jakin bat eskaintzera derrigortu arren, epaia betetzea legez kontrakoa litzatekeela ohartarazi dute. Azaldu dutenez, epaiak Espainiako LOMCE legea du oinarri —PPk 2013an onartu zuena—. Lege horrek aipatzen du gaztelaniaz egin behar dela, gutxienez, klase orduen %25. Iazko azarotik, ordea, PSOEk sustatu zuenLOMLOE hezkuntza legea da estatuan indarrean dagoena, eta horrek ez du hizkuntzen banaketarako ehunekorik aipatzen, soilik hizkuntza ofizialen ezagutza bermatu behar duela sistemak.

Beraz, Generalitateak baldintza hori beteko ez balu Espainiako Gobernuak sententzia betetzea eskatu beharko ote lukeen galdetuta, Menak adierazi du ez lukeelazentzurik izango —hala egiteko galdegin diote PPk, Ciudadanosek eta Voxek—. «Espainiako Gobernuak sententzia betetzea eskatuko balu, gobernuak berak bultzatu zuen LOMLOEren aurka egingo luke. Kontraesana litzateke. Gobernuak legea betetzen dela bermatu behar du, eta legeak dioena da ikasleek gaztelania eta katalana menperatu behar dituztela hezkuntza sistematik irteten direnean. Hori murgiltze ereduak bermatzen du. Horrez gain, legeak dio Generalitateak erabaki behar duela hezkuntzaren esparru arautzailea Katalunian».

Aurrekoek ez bezala, JxCk ez du uste Zelaa legea bezala ezagutzen denak murgiltze eredua bermatzen duenik. «Pentsatzen genuen zerbait gaizki joango zela onartu zenean, hezkuntza agintariei atea irekitzen zielako ereduak aztertu eta horien gainean erabakitzeko. Ohartarazi egin genuen, bakarrik gelditu ginen, eta denborak arrazoia eman digu. Gaztelania da batzuek bermatzen duten bakarra. Beti», adierazi du Salesek, Generalitatean JxCren koaliziokide den ERC zeharka kritikatuz. ERCk ez bezala, JxCk ez zuen legea babestu; abstenitu egin zen.

PSC ez dator bat ERCrekin,CUPekin eta CECPekin sententziaren oinarri juridikoari dagokionean. Niubok ez du uste epaia betetzeak LOMLOE urratzera behartzen duenik. Argudiatu duenez, konstituzioa da sententziaren euskarria, eta ez PPren LOMCE legea, nahiz eta azken hori izan %25eko gutxienekoa zehazten duen lege bakarra. Eta gaineratu du epaia beteta ere Zelaa legeak baliabide nahikoa eskaintzen duela Kataluniako murgiltze ereduaren oinarriei eusteko.

Lorpenak eta gabeziak

Simoren esanetan, «ikuspuntu pedagogikotik» ez du zentzurik hizkuntzen erabilerari legez ehuneko jakin batzuk zehazteak. Azaldu du Kataluniako hezkuntza sisteman ikastetxe bakoitzak finkatzen duela bere proiektua, inguruan duen errealitate linguistikoaren arabera. «Gaitasun linguistikoen datuek adierazten dute emaitzak askoz ere hobeak direla eredu horrekin Valentzian edo Euskadin baino, esaterako». Horregatik, «arraroa» iruditzen zaio ehunekoei buruz hitz egitea. «Azken batean, gaztelania hizkuntza arrotz bat balitz bezala tratatzeko eskatzen ari dira».

Alderdi katalanista guztiek aitortu diote arrakasta murgiltze ereduari. Bai gaitasun linguistikoak bermatzeari dagokionez, baita katalana gizarte «kohesiorako» eta «aukera berdintasunerako» erreminta bihurtzeari dagokionez ere. Lorpentzat daukate eskola eredu bakarra martxan jarri izana, ikasleak jatorriko herrialdearen edo etxeko hizkuntzaren arabera banatu gabe.

Hala ere, Rierak salatu du murgiltzea ez dela «erabat» ezarri, «Generalitatearen laxotasunagatik», eta katalanaren erabilera soziala «atzerakadan» dagoela ohartarazi du; «baita ikastetxeetan ere». Hala diote azken ikerketek. Eta, hain justu, nabarmendu du murgiltze ereduaren kontrako erabakia testuinguru horretan iritsi dela, hura indartzeko hausnarketa bat behar den honetan.

Niuborentzat ere agerikoa da atzera egin duela katalanaren erabilera sozialak, baina, PSCko ordezkariaren ustez, joera hori «ez da eskolen menpekoa». Ikus-entzunezkoen kontsumoan katalanak duen toki urria eta «hizkuntzaren politizazioa» aipatu ditu atzerapauso horren arrazoi gisa. «Katalanarekiko pertzepzioa aldatu egin da. Prozesu independentistarekin batez ere. Hizkuntzaz politikoki jabetzeko ahaleginak izan dira, eta batzuek katalana independentismoarekin lotzen dute orain. Horrek hizkuntza ahuldu du. Gaztelaniaz hitz egiten duenak konnotazio politiko jakin bat ikusten badio eta ez badator harekin bat, nekez egingo du katalanez hitz egiteko urratsa».

Alderdi independentistek, berriz, adierazi dute murgiltzearen kontra egin dutenek politizatu dutela gaia. «Kontua ez da soilik salaketak aurkeztu dituzten familietako seme-alabek bi hizkuntzak ikastea, baizik eta ez dutela nahi horien ikaskideek bi hizkuntzak jakitea. Jakintza erraztea da kontua, ez arrazoirik gabe eredu jakin bat inposatzea», adierazi du Simok. Rierak gogorarazi du gaztelaniak «erabat bermatuta» dituela ezagutza eta erabilera. «Katalana aurrerantzean ere hala izan dadin ahalegintzen ari gara».

Niubok murgiltzearen «egokitzea» eskatu du, hizkuntzen pisua inguru bakoitzaren errealitatera moldatzeko. «Toki batzuetan katalana indartu beharko da, eta beste batzuetan, gaztelania». Dena den, gaztelania mailari dagokionez ereduak zer gabezia dituen galdetuta, onartu du Kataluniako ikasleen «emaitzak egokiak eta parekagarriak» direla. «Ez dago gaztelania indartu beharrik». Hala ere, beharrezkotzat jo du murgiltzea «gaurkotzea», besteak beste, «errealitate linguistikoa asko aldatu delako» azken urteetan, ingelesa indartzeko, ahozko konpetentziak aztertzeko, eta «bete beharreko sententzia bat» dagoelako. Epaia «aukera bat» dela adierazi du, eredua hobetzeko eta «hizkuntzaren politizazioak» ahuldu duen «adostasuna berregiteko». ERCk, JxCk eta CUPek PSCren jarrera kritikatu dute, adostasun zabal horretatik urrundu egin dela iritzita.

PSC izango da, hain justu, Somescola plataformak Espainiako Auzitegi Gorenaren erabakiaren kontra gaurko deitu duen mobilizazioan parte hartuko ez duen indar katalanista bakarra. Alderdiak ezohiko kongresua duela argudiatu du. Somescolak elkarretaratzera deitu du eguerdirako Bartzelonan, Kataluniako Auzitegi Nagusiaren parean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.