Irekitako liburu bat da Bardea. Geologiaren ikuspegitik hala da. Paisaiaren baldintzei esker, arroken geruza guztiak ongi ikus daitezke, bata bestearen gainean. Beraz, historia geologikoan zer gertatu den irakur daiteke, erregistro geologikoak uzten duen modurik jarraituenean. Ez da ohikoa hori. Adibidez, Austrian badaude antzeko garaiko materialak, baina landaredia ugariak estaltzen ditu. Bardean, ongi ikusten direnez, arrokak aise aztertu eta erregistratu dituzte. Lan horri esker jakin daiteke geruza bakoitza zer garaitakoa den. «Ez da bakarrik liburuko orrialde guztiak ditugula, ordenatuta; orrialdeak zenbakituak ditugu», esan du Xabier Murelaga paleontologoak.
Ikerketen emaitza da EHUk argitaratu duen liburua: Nafarroako Errege Bardeak. Bisitariaren gida. Geologia. Orain euskarazko bertsioa karrikaratu dute. Informazioa edozeinek ulertzeko moduan azalduta dago, dibulgazioa baitu helburu; are, Bardea bisitatzen dutenek ikusten dituzten paisaien atzean dauden gertakari geologikoak ezagutu ditzaten nahi dute. Xabier Murelaga, Juan Cruz Larrasoaña, Jose Luis Peña eta Carlos Sancho ikerlariek idatzi dute. Liburua Sanchori eskaini diote, 2019an zendu baitzen.
Modu errazean azaldu dute, bai, baina zorroztasuna «erabatekoa» izan dela esan du Larrasoaña paleomagnetistak. «Guk egin ditugun ikerketak eta zientzia aldizkarietan argitaratutakoak agertzen dira. Hemen ez da inoren ikerketarik falta. Bardean zientziaren arloan egin den guztia liburuan agertzen da». Bardea argitalpen askoren iturri izan da.
Bardeako material geologikorik zaharrenak duela 20 milioi urte baino gehixeago eratu ziren. «Lurraren eskala geologikoan nahiko modernoak dira, kontuan izanda 4.500 milioi urte dituela», azaldu du Larrasoañak. Lurraren historia urtebeteko egutegi batera eramanda, abenduaren 30etik aurrerakoa litzateke azken 20 milioi urteetan gertatutakoa. «Begi kliska bat baino ez da». Are, lehen hominidoak abenduaren 31ko 16:10ean agertuko lirateke, eskala horretan betiere.
El Planok, Bardea Zuriak eta Bardea Beltzak osatzen dute Bardea. Liburuan pluralean erabili dute, Bardeak, eta hori egiteko arrazoiak eman ditu Murelagak: «Ikuspegi geologikotik begiratuta, hiru gune dira, eta bakoitzak bere esanahi geologikoa dauka. Hiru gauza desberdin dira: antzinako laku horien hiru gunetako bakoitzak sedimentu mota bat sortu zuen bere garaian; hiru sedimentu mota horiek hiru arroka mota eman dituzte; arroka mota horiek portaera ezberdina izan dute agente meteorologikoen ondorioz, eta horrek eman ditu hiru paisaia mota».
Lakuak aipatu ditu, bai. Duela 21 milioi urte Bardearen itxura ez zen gaur egungoa. Afrikako sabanako lakuen antzekoagoa zen, eta, han, krokodiloen edo hipopotamoen antzekoak ziren antrakoteridoak bizi ziren, besteak beste. «Barneko ingurune kontinental horretan laku erraldoiak sortu ziren. Pirinioetatik eta Iberiar mendikatetik isurtzen ziren ibai guztiek lokatza eta harea eramaten zuten hara, eta erdigunean utzi. Sedimentu hori arroka bihurtu da, eta horregatik daukagu erregistroa», azaldu du Murelagak.
Ikerketaren geruzak
Ikerketa hauen abiaburua 1980ko hamarkadan dago. Eliseo Martinez Tuterako institutuko irakasleak (Nafarroa) Bardean aurkitutako aztarnak erakutsi zizkion Humberto Astibia EHUko paleontologia katedradunari. Astibiak hezurrak zeudela ikusi zuen, eta tesia gai horren inguruan egiteko proposatu zion Xabier Murelagari. Hara joan, eta aztarna gehiago aurkitu zituzten.
Murelaga ornodunen fosilekin aritu da lanean: «Laginak hartu, eta fosilak ateratzen ditugu horietatik. Batzuk handiak dira: krokodiloen eta antrakoteridoen hezurrak, kastoreen hortzak...; eta besteak, berriz, txikiak: arrainen edo sagutxo txikien hortzak... Garai geologiko bakoitzak bere fauna duenez, espezieen arabera jakin dezakegu zer garaitakoak diren fosilak».
Ez da fosilek ematen duten informazio bakarra: «Krokodiloen aztarnak baditugu, esan nahi du tenperatura beroa zela; Afrikako sabanaren antzekoa izango zen klima. Kastoreak egoteak esan nahi du laku horren inguruan baso ugari egongo zirela. Beraz, laku erraldoien inguruan baso eraztun bat egongo zen, eta, hortik kanpo, Afrikako sabanaren moduko zerbait».
Arroken adina zehaztasunez jakiteko, paleomagnetismoa erabili du Larrasoañak. «Lurraren eremu magnetikoa aldatu egiten da denborarekin: ipar poloa, orain iparra erakusten duena, hegoaldera erakustera pasatzen da», azaldu du. Horrek erregistro bat uzten du arroketan. «Burdina duten mineral txikiek iparrorratz fosilen gisa jokatzen dute: haiei esker jakin dezakegu iraganeko eremu magnetikoaren noranzkoa». Burdina duten mineral horiek arroka sortzen den momentuko eremu magnetikoaren arabera orientatzen dira. «Bardeako arroketan ditugun aldaketen sekuentzia ikusita, eta planeta osorako zehaztuta dagoen sekuentziarekin alderatuta, garaia zehaztu dezakegu. Barra kode baten gisakoa da».
Murelagak esan du oraindik lan handia gelditzen dela Bardean: laginketak egiten ari dira, eta aztarnategi berriak lantzen. Horietako batzuk, higadurak hautsi aurretik, mapak egin, aztertu eta 3Dn eskaneatu dituzte. Dibulgazio lanarekin ere jarraitzen dute.
«Orain arte armazoia egin dugu: fosilen arrastoei buruzko informazioa antolatu dugu, eta arroken adina hobeki ezagutu dugu, historia geologikoa hobeki ulertzeko. Orain hango laginak erabili nahi ditugu arroketan erregistratu diren klimaren aldaketak hobe zehaztu ahal izateko», kontatu du Larrasoañak. Bardearen erregistroko garaia Miozenoko Optimo Klimatikoari dagokio, azken 30 milioi urteetako eperik beroenari, hain zuzen. Egoera klimatiko hezeagoen edo beroagoen erakusle diren mineralak aztertu nahi dituztela esan du paleomagnetistak: «Egungo aldaketa globala aztertzeko baliagarria izan daiteke, homologo bezala».