Zientzia

Sutan, argiaren bila

Paleolitoko kobazuloetako margolanak egiteko zer-nolako argiztapen tresnak eta baldintzak behar izan zituzten ikertu du talde batek. Ondorioztatu dute esplorazio, plangintza, ahalegin eta trebetasun handia behar zutela margolanak egin ahal izateko.

Suziriekin eta su argiekin Isuntzako kobazuloan egindako esperimentuak. IIIPC.
jakes goikoetxea
2021eko ekainaren 18a
00:00
Entzun
Paleolito garaiko margolanak kobazulo baten barrunbeetan: bisonteak, zaldiak... Pinturentzat arreta, interpretazioa eta lilura. Baina, nola egin zituzten? Margotzeko tresnez eta margolanen osagaiez hitz egiten da batez ere. Galdera gehiago daude, ordea: nola iritsi ziren kobazuloen erraietaraino? Zer baldintzatan egin zituzten pinturak? Margotu eta gero, nola atera ziren handik?

Margolanen making of-a falta da, alegia. Zeren, arkeologoak —eta espeleologoak— kopetan led argi zuri indartsuak dituztela sartzen dira kobazuloetan, baina duela milaka urteko gizakiek ez zuten ez kopetako argirik, ez esku argirik, ez pilarik. Suziriak, argiontziak eta sua zituzten.

Kobazuloetako pinturak ikusteko, gora begiratu behar da normalean. Margolan horiek nola egin ziren jakiteko, baina, lurra arakatu behar da, han pilatzen eta gordetzen baitira garai hartan erabiltzen zituzten argiztapen sistemei buruzko arrastoak, ikatz zatiak batez ere.

Paleolito garaiko artea duten kobazuloetan pinturak egiteko nolako argiztapen sistemak erabili zituzten ikertu du talde batek. Ikertzaileen artean daude Maria Angeles Medina historiaurrean doktore (iaz defendatu zuen tesia, EHUn) eta IIIPC Kantabriako Historiaurreko Ikerketen Institutuko ikertzailea, eta Diego Garate IIIPCko Ramon y Cajal ikertzaile eta Before Art proiektuko zuzendaria.

Ikertu bakarrik ez; lan berritzailea egin dute: argiztapen sistemak (suziriak, argiontziak eta sua) egin, eta probatu egin dituzte kobazulo batean, Lekeitioko Isuntzan (Bizkaia). Tresna bakoitzak ematen duen argia neurtu dute: indarra, iraupena, argiztapen eremua, isuritako kea... PLOS One kode irekiko aldizkari zientifikoan argitaratu dituzte ondorioak.

Hainbat urte daramate Atxurrako kobazuloa ikertzen (Berriatua, Bizkaia). Pinturak daude han, eta 500 ikatz arrastotik gora topatu dituzte. Pintura horiek egiteko nolako argiztapena erabiltzen zuten jakin nahi zuten, eta Atxurratik kanpo egin dute esperimentua, Isuntzan: lau kilometro eskasera dagoen eta antzeko baldintzak dituen koba bat.

Artea lehentasun

Paleolitoko artea duten kobazuloen ikerketak artean oinarritzen dira batez ere: estetikan, sinbolismoan, teknikan, formetan... «Normalean, XX. mendeko arkeologian, ikertzaileak zuzenean joan dira horma apainduak ikustera eta ikertzera», azaldu du Garatek: «Lurrean zer zegoen begiratu gabe eta, askotan, ikatz zatiak, ebidentzia arkeologikoak, begiratu gabe eta zapalduz». Zati txikiak izan ohi dira, milimetro batzuetakoak. Horrek behaketa eta baheketa zehatza eta zabala eskatzen du: «Ia-ia miatu egin behar dituzu lurreko bazter guztiak. Ez da oso erakargarria eta ikusgarria, baina informazio pila bat eman dezake».

Suzirietatik ikatz zati txikiak eroriz joaten ziren, eta zati horiek informazioa ematen dute, ez bakarrik jakiteko suziriak zerez egiten zituzten, baita non ibiltzen ziren ere. Argiztapen sistemen arrasto txiki pila bat aurkitzen dituzte kobazulo horietan, eta gizakiak noiz eta nondik nora ibili ziren eta zer leku bisitatu zituzten jakin dezakete. «Hanselen eta Gretelen ipuineko ogi apurren modukoak dira guretzat», alderatu du Medinak.

Margolanak ez ziren kobazuloan hasten, kanpoan baizik. Aurrena, kobazuloa esploratu behar zuten, ezagutu. Gero, margotzea pentsatu eta erabaki. Tresnak prestatu, argiztapena bermatzekoak barne (sartzeko, margotzeko eta ateratzeko). Kobazulora sartu eta margotzen denbora pasatu. Eta, azkenik, handik atera.

Atxurrako kobazuloan egindako ikerketa baten arabera, margolanak dauden lekura iristeko 38 minutu behar zituzten, gutxi gorabehera: «Bi suziri, beraz, gutxienez, sartzeko eta ateratzeko [bakoitzak ordubete inguru irauten du]», kalkulatu du Medinak. «Horrez gain, bi kilo egur eta erregaia (erretxina, urki azala eta animalien gantza)».

Kontzeptu moderno batekin laburbildu du Garatek: «Logistika». Aurre egin behar zieten kobazulo ezezagunetako iluntasunari, pasabide estuei, irtenguneei, amildegiei, lur irristakorrei...

Pare bat adibide aipatu ditu Garatek: Etxeberriko Karbia, Gamere-Zihigan (Zuberoa), eta Aitzbitarteko kobazuloa, Errenterian (Gipuzkoa). Aitzbitarten, hamabost metroko tximinia bertikal batera igo ziren, eta han margotu zituzten zaldiak eta bisonteak. Etxeberriko Karbian, katuka jaitsi behar izan zituzten zortzi metro, eta erlaitz oso estu batean margotu zuten.

Aintzat hartu behar da, gainera, ez zirela kobazulo horietan bizi; propio joaten ziren haietara, margotzera. Margotzeko, zerbait adierazteko premia zuten: «Ikerketa garrantzitsua da arteak gizarte horietan zuen inplikazioa ulertzeko», esan du Medinak.

Ikertzaileak argiztapen sistemei buruzko datu arkeologiko asko bildu zituen bere tesian, baina azken urratsa falta zen: sistemak erreplikatzea eta benetan probatzea, esperimentatzea.

Ikatz zatiak ikertuta, bazekiten suziriak ipuruarekin, pinuarekin, haritzarekin... egiten zituztela. Baina nolako suziriak ziren? Europan aurkitutako suzirien arrastoetan oinarritu ziren: Reseau Clastreseeko kobazuloan (Okzitania) suziri bateko pinu xafla bat aurkitu zuten; Austriako Hallstatt meategian, berriz, Brontze Aroko suziri oso bat, makila baten inguruan jarritako eta lotutako egur xaflez osatua.

Hala egitea erabaki zuten, suziri horiek ezaugarri jakin bat zutelako: «Ez ziren bat-batean itzaltzen». Batzuetan itzaltzen ziren, baina, pare bat aldiz batera eta bestera mugituz gero, suak oxigenoa hartzen zuen ipuruzko xaflen artetik, eta suziria berriz pizten zen. Suziri batzuk erretxinarekin eta animalien gantzarekin aberastu zituzten.

Su argietan, erretxina eta behien hezur muina erabili dituzte erregai gisa. Ipuru eta haritz egurra erabili zituzten sua egiteko. Zortzi esperimentu egin dituzte guztira: bost suziri, bi su argi eta su bat.

Sistema osagarriak

Ondorioetako batzuk: kobazuloan mugitzeko suziriak erabiltzen zituztela; margolanak egiteko, berriz, su argiak, argi motelagoa bai, baina egonkorragoa eta kerik gabea egiten duelako; erretxina eta animalien gantza osagarriak direla, batak intentsitatea ematen duelako eta besteak, berriz, iraupena; eta kobazuloetan, suziriekin, guztia gorrixka ikusten dela.

Esperimentuak argia eskainiko die etorkizuneko ikerketei. Pinturak egiteko behar izan zuten plangintza kalkulatu ahalko da, gutxi gorabehera. Baliagarria izan daiteke kobazuloetarako eta interpretazio zentroetarako ere, margolan horiek nola egin zituzten eta nola ikusten zituzten azaldu ahal izango dutelako.

Baina galdera gehiago ere sortzen ditu: Atxurran, Aitzbitarten eta Etxeberriko Karbian, esaterako, leku erosoenetatik ikusten ez ziren lekuetan egin zituzten margolanak. Zergatik? Norentzat?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.