Alu bat da, alu baten elementu denekin: bulbari dagokionez, klitoriaren glandea eta estalkia, uretraren zuloa eta kanpoko eta barneko ezpainak argi ikusten zaizkio; bagina ere badu, eta, bukaeran, uteroaren lepoa ipini diote. Alu bat da, hain zuzen; baina, paradoxikoki, alu hain identifikagarri bat izatea da haren berezitasuna. Izan ere, ez dago besterik. Ondorio horretara heldu zen Juncal Alzugarai zoru pelbikoan espezializatutako fisioterapeuta aluaren eredu anatomiko fidelen bila ibili ondoren: ez zegoen AEBetan, ezta Interneten ere. Ez zegoen inon. Eta, hori hala, hark asmatu du lehena: Alooa.
Gainontzeko ereduak zurrunak dira, eta, horregatik, Alzugaraik ez ditu erabiltzen. Anatomia azaltzeko, beraz, masturbatzaileetara eta kakorratzezko edo oihalezko aluetara jo izan du, bigunagoak baitira; baina horiek ere ez dute erabat ase: lehenengoek gorputzak «sexualizatu» egiten dituztelako, bulbarekiko antza aitzakia baino ez baita zulo bat egon dadin, fisioterapeutaren arabera; eta, ehunezkoei dagokienez, alua «infantilizatu» egiten dutelako. «Bi alde horietan mugitu izan gara».
Alooak, berriz, emeen gorputzak «diren bezala» azaltzen ditu, sortzaileak aldarrikatu duenez. Ukipenean ere antzekoa da, bulbako elementuak oso definituak ditu, eta bagina malgua dauka. «Nire ustez, barrutik da benetan berritzailea. Atzamarra sartuta, baginaren paretaren bidez organoak antzeman daitezke: uretraren lepoa, G zona deiturikoa —klitoriaren sentsibilitate goreneko gunea— eta puxika». Raquel Pintado artista hiperrealistak taxutu du eredua platinozko silikonarekin eta foamarekin, pisu gutxiago eduki dezan. Eusko Jaurlaritzaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntza jaso du.
Izenetik hasita
Alooak hutsune bat bete du, hein batean; baina, halere, bere ekarpena gehiago izan da galderak eragitea, erantzunak ematea baino, Alzugarairen ustez. «Zergatik ez da halakorik existitu 2022ra arte? Zergatik ez da egon ikasteko eredu bat, baina bai masturbatzeko milaka?». Hipotesia bota du. «Uste dut emakumeon gorputzak garrantzi gutxi daukala gizartean, baita osasunean ere». Iritzi berekoa da Ana Bernal Chico EHUko Anatomia irakasle eta ikertzailea: iruditzen zaio andreak beste gisa tratatuak izan direla, orobat ikerketa zientifikoan. «Gizona hartu izan da beti eredutzat: gizona zen normala, eta gure gauzak aldaerak ziren».
Beste horrenbeste genitalen anatomiari dagokionez, Mithu M. Sanyal Alemaniako ikerlariak Vulva liburuan plazaratu zuenez. Izenei erreparatu besterik ez dago: Sanyalen esanetan, historiako medikuek eta anatomistek era lausoan izendatu izan dituzte emeen genitalak, eufemismoak erabilita gehienetan, edo arren ugalketa aparatuarekin analogiak eginda bestela. Hala, klitoria «zakila txikia» zen; obarioak, «emakumeen esperma hodiak»; eta bagina, «pitilin iraulia». Alua galera baten arrastoa ei zen ezinbestean, zakila erauzi osteko ebakiondoa baino ez, garrantzi urriko zerbait: horrek alderik alde blaitu du ikerketa zientifikoa.
XVII. mendean, bagina hitza erabiltzen hasi ziren, baina horrek ez zituen ikusgaiago egin genitalak, Sanyalen arabera; kontrakoa gertatu zen. Latinez, vagina-k zorro esan nahi du, eta horregatik hautatu zuen Matteo Realdo Colombo zirujau eta anatomista italiarrak, ezpata gordetzeko toki bat baino ez zela iradokitzeko. Berba orokor gisa erabili zuen, gainera, eta beste horrenbeste haren ostekoek, nahiz eta bagina, berez, bulba eta umetokia lotzen dituen hodia baino ez izan. Bulba ez zegoen behialako ikerlarien hiztegietan, baina orain ere kostata ebakitzen den hitza dela dio Sanyalek, ohikoa baita, gaur egun ere, bagina erabiltzea bulbaren eta aluaren sinonimotzat. «Modu horretan, emakumeen genitalen alde agerikoa ikusezin egiten da hizkuntzaren bidez, eta, halaber, esanahi independentea galtzen du; zulo bat baino ez da».
Txarto erabili izan dira kontzeptuak, edo, bestela, «infantilizaziora» jo izan da, Alzugarairen iritziz. Uste du erreparoa dagoela hitz zehatzak erabiltzeko, eta txikitatik erakusten dela hori. «Esango nuke ez dagoela munduan bulba esaten duen umerik». Beste berbaren bat erabiltzen da beti; alabaina, zerekin ordezkatu nerabezaroan eta helduaroan txikitako txitxi edo potxolita? Hutsunea, beste behin.
«Izendatzen ez dena ez da existitzen», gogorarazi du Alzugaraik, eta, existitzen ez bada, ikertu ere ez da egiten. Hala, bulba berbarekin batera ezabatu da bulba bera, eta, era berean, haren elementuak: klitoria, zehazki, berariaz. «XX. mendearen hasieran, bazekiten nolakoa zen klitoriaren anatomia», azaldu du Bernalek. «Baina, 1950eko urteetan, anatomiako liburuetatik kendu zen; ezabaketa bat egon zen». 1980ko eta 1990eko hamarkadetan berreskuratu zen ezagutza hori, eta ordukoa da klitoriaren lehen hiru dimentsioko eredua: alegia, agertzen dituena, estalkia eta glandea ez ezik, baita barruko egitura ere, epsilon formako gorputz mardulagoa. Baina ordura arteko urteak «zulo beltz» bat izan ziren, irakaslearen hitzetan.
Ez da berdin gertatu, ordea, ugalketan parte hartzen duten parteekin, Bernalek azaldu duenez. «Baginaren eta umetokiaren anatomia askoz hobeto ezagutzen dugu, eta klaseetan irakatsi egin da». Ikerlarien beste joeretako bat izan da. «Arreta handiagoa izan dute gizartearentzat erabilgarriak diren parteek, emakumeen ugalketa ahalmenari lotutakoek. Baina klitorian ez dute esfortzurik egin, soilik gure plazererako baita».
Ondorioak, ikusgarriak
Ikertzen ez bada, edo ikertutakoa ezkutatzen bada, profesionalek ez dute eskura andreak artatzeko adina materialik: hots, eragina «oso larria» da, Bernalen irudiko. «Gure anatomia ez ezagutzeak esan nahi du gure prozesu fisiologiko arruntak ere ez ditugula ondo ezagutzen; ez badakigu zer den normala edo osasuntsua eta zer izan daitekeen gaixotasun edo arazo baten sintoma, ezin dugu identifikatu; ezin dugu bermatu emakumeok osasun ona izango dugula».
Egoerak arrastoa uzten du diagnostikoetan, besteak beste, Alzugaraik bere kontsultan igarri duenez. «Askotan, oso diagnostiko bitxiak aurkitzen ditut, eta uste dut dela emagin eta ginekologo batzuek ez dutelako gure anatomia ondo ezagutzen». Harrigarria dirudi, baina fisioterapeutak ulertzen du, hein batean. «Dena bi dimentsiotan izan badugu, laminetan, edo eredu gogor horiek baino ez baditugu, non ez den ikusten nolakoa den benetan egitura bakoitza eta nola erlazionatzen diren, zaila da jakitea anatomia zehazki nolakoa den». Ikasle garaiko urteak oroitu ditu fisioterapeutak: genitalei aipamen hutsa egiten zitzaien, gainerako gorputz atalak sakon jorratzen ziren arren.
Baina profesionalengandik haragokoa da kontua: emakumeek eurek ere ez dute alua ondo ezagutzen, kasu batzuetan. Kontsultan ikusi du hori, halaber. «Esan izan didate ukitzean zerbait aurkitu dutela, baina ez, uretraz ari dira, gauza normala da; edo hilekoaren kopa galduko zaien beldur dira, pentsatzen baitute bagina infinitua dela». Alooak balio lezake hori dena argitzeko, norberaren gorputza ukitu gabe. Izan ere, batzuek erreparoak dituzte are beren bulbak haztatzeko ere. «Askok ez dute nahi ezta ispilu bat jartzea ere euren aluaren aurrean, ez dute ikusi nahi, super itsusia iruditzen zaielako».
Alooa orain dela hilabete eskas aurkeztu zuen Alzugaraik, baina aurretik erabili izan du bere pazienteekin, eta emaitza oso positiboak izan ditu, dioenez. «Emakume askok ez daukate harreman oso osasuntsua euren genitalekin, hezkuntza oso zorrotza eduki dutelako, edo agian bizirik irauteagatik deskonektatu egin dutelako parte horretatik». Eta, hain justu, harreman traumatikoa duten horiekin izan da Alooa eraginkorren, Alzugarairen esanetan, bitartekari gisa funtzionatu baitu. «Konexioaren lehenengo urratsa izan daiteke: berriro aurkeztea bulba eta bagina. Pila bat eskertu dute alu hiperrealista bat eskuan edukitzea, ikustea eta arakatu ahal izatea, euren gorputza inbaditu barik». Pazienteak bere sexualitatearen «boterea» berreskuratzeko hauspoa da Alooa, dioenez. «Muga indartsu bat dago, baina ereduarekin disolbatzen da, pixkanaka-pixkanaka».
Halako eredu baten «beharra» erakusten du aurrenekoak izandako harrera: bai pazienteengandik, bai profesionalengandik. Izan ere, eskaera mordoa jaso ditu dagoeneko: hala nola zoru pelbikoko fisioterapeutek, sexologoek, ginekologoek eta emaginek interesa agertu dute, harremanetan jarri dira Aragoiko osasun sistemakoak (Espainia) eta, are, uteroaren lepoaren neurketak egiten dituen enpresa bat ere bai. Ikasten ari da zer beharrizan dituzten bestelako profesionalek, eta, hori baliatuta, eredu anatomikoa garatzeko asmoa du aurrerantzean. Buruan du bat dagoeneko: eredu berdintsu bat da, uzkurtu daitekeen bagina batekin, baginismoaren inguruan ikertzeko —bagina ezin izaten da zabaldu gehiegi uzkurtuta dagoelako—. «Sentsore batzuk jar daitezke nerbio sustraietan, eta ikusi bagina nola mugitzen den». Finantzaketa behar du, nolanahi ere.
Alua: baztertua sarritan, agerian orain
Juncal Alzugarai fisioterapeutak alu baten eredu hiperrealista bat sortu du, egiturak fidelki erakusten dituena: Alooa. Mota horretako lehena da; izan ere, andreen anatomiak garrantzi txikia izan du ikerketa zientifikoan, adituen arabera. Horrek ondorioak izan ditu emakumeen osasunean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu