Herriak bere egin du errugbia

Ordizia errugbi elkarteak 50. urteurrena ospatuko du larunbatean, eta oro har denboraldi osoan zehar. 2012an eta 2013an Espainiako Kopa irabazi zuen, eta hiru aldiz izan da ligako txapeldunorde.

3. Harrobia. 1974an, Jubenil mailan aritu zen taldea. ORDIZIA.
Iñaki Berastegi.
2023ko urriaren 24a
00:00
Entzun

Larunbatean mende erdia beteko da Ordizia errugbi elkarteak bere historiako lehen partida jokatu zuenetik. 50 urte hauetan, kluba asko hazi da. Hainbeste, ezen gizonezkoen taldeak bi bider irabazi baitu Espainiako Kopa, eta ligan ere hiru aldiz izan baita txapeldunorde, 2022an azkenekoz. Baina hori baino garrantzitsuagoa izan da urte hauetan guztietan herriari eta herritarrei errugbiaren balioak transmititzeko egin duen lana. Kirol berri bat erakutsi zioten Ordiziari, eta herriak bere egin du kirol hori. Kepa Korta eta Joseba Garmendia jokalari ohi eta zaleak eta Oier Goia egungo lehen taldeko jokalaria horren lekuko dira.

Ikusi gehiago:Koro Bosque, Ordiziako presidentea: «Luzera begira, nesken taldea Ohorezko Mailan nahi dugu»

KEPA KORTA
Ordiziako presidente ohi eta jokalari ohia
«Ohorezko Mailara igotzeak bultzada handia eman zion klubari»

Kepa Kortak (Ordizia, Gipuzkoa, 1958) ez zuen taldearen historiako lehen neurketa jokatu, baina lehen denboraldi hartako jokalaria izan zen. «Ordiziako lagun kuadrilla batek jarri zuen martxan taldea. Ni ikusle bat gehiago izan nintzen lehen neurketan, baina denboraldi hartan bertan bat egin nuen haiekin. Ez genekien errugbia zer zen ere, eta, beraz, hutsetik hasi behar izan genuen. Mikel Etxebeste entrenatzaileak asko lagundu zigun, eta gogoan dut telebistaz Bost Nazioen Torneoa ikusten genuela, gehiago jakiteko asmoz. Hori izan zen gure errugbi eskola».

Altamirako belar naturaleko zelaian egin zituen lehen urratsak talde hark. «Lokatz handia sortzen zenez, hasieran tirabirak izan genituen futbolekoekin. Ondoren, Lazkaon ere jokatu genuen, Trevijanora joan eta Altamirara itzuli aurretik».

Bost urtez aritu zen errugbian Korta, eta ondoren zale bilakatu zen. «Klubaren historiako mugarri handietako bat 2005ean Ohorezko Mailara igotzea izan zen. Horri esker, zale asko erakarri ziren, eta klubak bultzada handia izan zuen. Mailari eusteko helburua zutenez, taldeko jokalariek erabaki zuten atzerriko jokalari batzuen beharra bazegoela».

Jokalari eta zale ez ezik, Ordizia errugbi elkarteko presidente ere izan zen Korta, 2013 eta 2016 artean. «Bi kopak irabazi ostean hartu nuen kargua. Aldaketa handia bizi izan zuen taldeak, eta kosta egin zitzaigun berriro ere taldea martxan jartzea. Denboraldi gogorra izan zen».

Altamirako harmailetatik erreparatzen dio orain taldearen ibiliari. «Maila oneko errugbia ikusten segitzen dugu Ohorezko Mailan. Emakumezkoen taldea daukagu, errugbi inklusibokoa, eta eskolarekin ere lan handia egiten da. Errugbiaren balioak irakatsi ditu klubak: errespetua, berdintasuna eta pasioa».

JOSEBA GARMENDIA
Ordiziako jokalari ohi eta zalea
«Ezin dugu ahaztu herri eta eskualde txiki bateko taldea garela»

Lau urtez izan zen Joseba Garmendia (Ordizia, Gipuzkoa, 1974) Ordiziako jokalaria. «Gazte mailetan eta Senior mailan aritu nintzen, 1988 eta 1992 artean. Oso oroitzapen onak dauzkat». Trevijano zaharreko lokatzetan probatu zuen lehenengo aldiz errugbia. «Ni saskibaloian aritzen nintzen, baina, gazteegia nintzenez, ezin nuen partidarik jokatu. Hala, soilik entrenatzeaz aspertuta-edo, errugbian hastea erabaki nuen».

Emaztearekin joaten da orain Altamirara, eta 2012ko eta 2013ko Kopako finalak bertatik bertara ikusi zituen. «Bi partidak oso gaizki hasi genituen, baina txapeldun izan ginen. 2012ko txapeldunei herrian egindako harreraz asko oroitzen naiz; oso hunkigarria izan zen». Palentzian (Espainia) El Salvador 30-27 menderatu zuen Ordiziak, eta hurrengo urtean, Santanderren (Espainia), Quesos Entrepinaresen aurka gailendu zen: 17-27. 2022an, berriz, herrian jarritako pantaila erraldoian ikusi zuen Santboianaren aurkako ligako finala.

Garai txarragoei ere aipamena egin nahi izan die. «Maila galtzeko zorian izan ginen behin, duela hamar urte, baina Ciencias Sevillaren aurka irabazi genuen. Kopako garaipenei baino garrantzi handiagoa ematen diot nik horri, jaitsiz gero oso zaila baita igotzea. Ezin dugu ahaztu herri eta eskualde txiki bateko taldea garela».

Altamirako harmailak betetzen badira ere, Garmendiaren ustez «bestelakoa» da egungo giroa. «Gure garaian, partida hasi baino ordubete lehenago zelaira joan ezean, ez zenuen esertzeko lekurik aurkitzen. Errugbiaz baino ez zen hitz egiten herrian». Edonola ere, elkarteari «etorkizun ona» aurreikusten dio.

OIER GOIA
Ordiziako jokalaria
«Trevijanon zaildutako jokalaria naiz»

Bi hamarkada baino gehiago daramatza Oier Goiak (Idiazabal, Gipuzkoa, 1995) Ordizia errugbi elkarteari lotuta. «Autoan maiz pasatzen ginen Trevijano zelaiaren paretik, eta aitari noizbait bertara eramateko eskatu nion. Gustatu egin zitzaidan ikusi nuena, eta halaxe hasi nintzen errugbian», nabarmendu du.

Duela 23 urte izan zen hori. Honela azaldu du: «Bederatzi edo hamar urte izango genituen neurketak jokatzen hasi ginenerako. Hego Euskal Herrian talde gutxi zeudenez, Iparraldera jotzen genuen maiz».

Beste askok bezalaxe, Trevijanon egin zituen bere lehen urratsak idiazabaldarrak. «Trevijano zelaian zaildutako jokalaria naiz. Nire belaunaldiko jokalari guztiek gauza bera esaten dugu. Errugbia erabat ezberdina zen orduan. Lehen taldeak erabat lokaztutako zelaian jokatzen zuen garai haietaz asko gogoratzen naiz. Jokalari haiexek irakasten ziguten ondoren guri errugbian jokatzen, eta horrek ilusio handia egiten zigun».

Altamirako belar artifizialera lekualdatu zen ondoren Ordizia, 2009an. «Nik nahiago dut belar naturalean jokatu, baina agerikoa da aldaketa onerako izan dela. Hori bai, hasieran kosta egin zitzaigun». Aldaketa haren ostean ailegatu ziren klubaren urrezko urteak. «Ikaragarria izan zen zure anaiak, lagunek eta ezagunek bi kopa irabaztea». Denboraldi bat geroago hasi zen Goia lehen taldean. «Hamar urte hauetan ere asko aldatu dira gauzak. Etxeko jokalarientzat, garai batzuetan zaila izan da lana edo ikasketak taldearekin uztartzea».

Duela urtebete, 2022an, berriro ere titulu bat irabazteko zorian izan zen Goierriko taldea. «Kawaren [Kawa Leauma, Ordiziako jokalaria zena] heriotzarekin hasi genuen denboraldia. Oso gogorra izan zen, baina indarra eman zigun amaierara arte ailegatzeko, garaipena hari eskaini nahi genion eta». Tamalez, Ordiziak 23-17 galdu zuen Santboianaren aurkako finala. Orain, taldea «trantsizio» garai batean murgilduta dagoela uste du Goiak. «Aldaketa asko izan ditugu azken urteetan. Jokalari berri asko etorri dira, eta oraindik egokitzen ari dira. Dena den, uste dut bide onetik goazela».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.