Erretiro aurreratua lan feminizatuetan. Sektore soziosanitarioa

ERRETIROA AURRERATZEKO MODURIK EZ

Gizarte Segurantzak erretiro aurreratua hartzeko aukera ematen die nekagarriak eta arriskutsuak diren zortzi lanbideri. Emakumeak gehiengoa diren lanbide bat bera ere ez da multzo horretan sartzen. SATSEk, LABek eta ELAk eskatu dute sektore soziosanitarioa talde horretan sartzeko.

Garbitzaile bat lanean, Andoainen. GORKA RUBIO / FOKU.
maddi iztueta olano
2022ko urriaren 30a
00:00
Entzun
Lanean hasi orduko amesten dute askok erretiroarekin. Egun, 65 edo 66 urterekin har daiteke, kotizatutako urteen arabera. Hala ere, badira lan urteak murrizteko modua ematen duten zenbait salbuespen.

52 urtetik aurrera erretira daitezke «lan nekagarriak, arriskutsuak, toxikoak edo osasungaitzak egiten dituzten eta gaixotasun edo heriotza tasa altuak dituzten talde edo jarduera profesionaletako langileak», Gizarte Segurantzan jasotako lanbide talde edo lan jarduerak eragindako erretiro aurreratuaren xedapenaren arabera.

Neurriak biltzen dituen sektoreetako langile ia guztiak gizonezkoak dira, eta «baztertu» egiten ditu lan nekagarri, arriskutsu, toxiko edo osasungaitzak dituzten sektore feminizatuak. Horixe salatu dute Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 1.528 erizainek baino gehiagok, Espainiako Inklusio, Gizarte Segurantza eta Migrazioen ministro Jose Luis Escrivari bidalitako gutunean.

Ikusi gehiago:«Emakumeok zaintzarekin lotu gaituzte beti, baina gu nork zaintzen gaitu?»

Dokumentuan eskatu zuten erizainei aukera emateko erretiro aurreratua har dezaten. Espainiako eta Euskal Herriko adin guztietako 30.000 profesionalek baino gehiagok sinatu zuten. Amaia Mayor SATSE sindikatuko Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako bozeramaileak BERRIAri adierazi dionez, «ez dute erantzunik jaso».

Erizainek «arrisku biologikoak, fisikoak, psikosozialak eta ekonomikoak jasaten dituzte beren jarduneko egunerokoan». Osagai eta elementu kantzerigenoak dituzten botikekin egiten dute lan, eta etengabe harremanetan daude gaixotasunarekin eta heriotzarekin: «Psikologikoki oso gogorra da», esan du Mayorrek.

Sindikatuak eskaeraren erdigunean jarri ditu 60 urtetik gorako langileak. Mayorren esanetan, «oso luzea» da erizainen lan bizitza, eta urteetan jasandako arriskuek eragina dute beren osasunean. Nabarmendu du txandakako lanorduak dituztela; izan ere, 365 egunez eta 24 orduz, gauez eta egunez herritarren zerbitzura dagoen «ardura handiko jarduna da».

SATSEk salatu du lanbidearekin «sentsibilizazio falta handia» dagoela, bai gizartean eta baita instituzioetan ere. Erretiratzeko gutxiengo adina igo dute azken urteetan, eta Mayorrek uste du erizainek «eskubidea» dutela erretreta aurreratzeko.

Hala, sindikatuak iragarri du ministeriora gutunak eta eskakizunak bidaltzen jarraituko duela, «Espainiako Gobernuak erizaintzaren sektoreko langileei erretiro aurreratuaren aukera emateko konpromiso irmoa hartu arte».

Soziosanitarioak eri daude

Espainiako Gobernuak eskaera epe bat ireki du lan baldintza gogorrak dituzten kolektiboak erretreta aurreratzeko eskubidea duten lanbideen multzoan sartzeko. CIG, ELA, LAB eta Intersindical Catalana sindikatuek sektore soziosanitarioko langileen eskaera aurkeztu zuten Madrilen, eta, erantzuna aldekoa bada, erretiroa aurreratzeko eskubidea izango dute.

Iragan irailean bildu ziren sindikatuak Espainiako Diputatuen Kongresuan ordezkapena duten alderdi politikoekin VOX, PP eta Ciudadanos alderdiekin izan ezik. Bilkuran galdegin zuten urtea amaitu baino lehen sektore publiko eta pribatuko soziosanitarioek 63 urterekin erretreta penalizaziorik gabe hartu ahal izatea eta sozialisten agintaldia amaitu baino lehen 60 urterekin erretiroa hartzeko eskumena aitortzea.

Espainiako Gobernuak erabakiko du hori, eta Eusko Jaurlaritzak «han erabakitakoa ezarriko du hemen». Hala ere, Xabier Ugartemendia LABeko kidearen esanetan, Lakuak eta Foru Aldundiak ez dute «jarrera ona» izan azken urteotan: «Ez dituzte hitzarmenak berritu, ezta soldatak hobetu ere».

Ikusi gehiago:«Langile askok gaixotasunak eta arazo mental eta fisikoak izaten dituzte»

Sektore soziosanitarioko langile ia guztiak emakumeak dira, eta, batez beste, 50 urtetik gorakoak. Egoitzetako langileek aurrez aurre dituzte gaixotasuna eta heriotza, eta karga handiak mugitu behar dituzte egunero. «Denborak aurrera egin ahala gaixotasunak garatzen dituzte langileek», adierazi du Esther Saavedra ELAren Osakidetzako arduradunak. Sektoreko batez besteko adina kontuan izanik, hari fin baten gainean kolokan dago lantaldearen osasuna: «Askok bizkarreko eta besoetako mina eta bestelako arazoak izaten dituzte».

COVID-19aren pandemiak azalera atera zituen langileen lan baldintza gogorrak, baina balkoietako txaloek ez zuten egoera aldatzeko adina indar izan: «Zaintzaren esparruko eta sektore soziosanitarioko langileen jarduerak ez du merezi duen errekonozimendua jasotzen; ez lan baldintzei dagokienez, ez soldatei dagokienez, ezta antolaketari dagokionez ere», salatu du Ugartemendiak.

Sindikatuek azaldu dute ez dagoela «nahikoa sentsibilizaziorik, ezta borondate politikorik ere, langileen egoera aldatzeko». Salatu dute egun «sektorean sustatzen duten eredua prekaritatean eta pribatizazioan oinarrituta» dagoela. Are, bai Saavedrak eta baita Ugartemendiak ere nabarmendu dute gizartean ere «garrantzi handiagoa» eman behar zaiola sektoreari. «Lehenago edo beranduago guztiok izango gara zerbitzu horren erabiltzaile», gogorarazi du LABeko kideak.

Emakumeak ikusezin

Gizarte Segurantzak ezarritako xedapenaren arabera, zortzi lanbide taldek dute lan nekagarria eta arriskutsua izateagatik erretiro aurreratua eskatzeko eskubidea: meatzariek, aireko lanetakoek, trenaren sektorekoek, artistek, zezenketako profesionalek, suhiltzaileek, Ertzaintzako kideek eta udaltzainek, eta itsasoko langileek.

Betaurreko moreak jantzi behar dira auzia oso-osorik ulertu nahi bada; izan ere, erretiroa aurreratzeko eskubidea duten lanbide horietako langile ia guztiak gizonezkoak dira. Salbuespen bakarra da itsasoko langileen erretiroaren erregimen berezia, saregileak, neskatilak eta paketatzaileak sartzen baitira erregimen horretan.

SATSEk ez ditu ukatu erretreta aurreratua eskuratu dezaketen lanbideen arriskuak, baina gogorarazi du «emakumeek lana izateaz gain familian eta gizarteko beste arlo askotan lan karga handia» dutela. Horrek, lan jardunarekin batera, eragin zuzena du langileen osasunean.

Saavedrak ere nabarmendu du genero ikuspegiaren garrantzia. Haren ustez, emakumeak buru dituzten sektoreei, esaterako zaintzaren arloari, ez zaie «behar luketen balioa ematen». Aitzitik, gogorarazi du emakumeen kasuan beste hamaika zailtasun edo arazo gehitu behar zaizkiola laneko jarduerari: «Diru-sarrera txikiagoak izan ohi dituzte», esan du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.