Gaurko Euskal Hirigune Elkargoko batzarrak haserrea sortu du hautetsi batengan baino gehiagorengan. Otsailaren 28an egitekoa zen berez, baina, osasun egoeragatik, gibelatzea erabaki zuen Jean Rene Etxegarai lehendakariak, osasun dispositiboa indartzeko neurri berriak aurkitu artean. Hau erabaki dute: hautetsien erdiekin eginen da batzarra, eta lurralde eremuei eskatu diete hautetsiak izendatzeko. Neurri berriak eztabaida handiak eragin ditu, eta «demokratikoki» sortzen dituen arazoak nabarmendu dituzte batzuek. Beste behin, duda sortu da neurriak osasun egoeragatik hartuak ote diren, aitzineko aldian bezala gai gatazkatsuak aipatzekoak baitituzte gaurko bilkuran ere.
332 hautetsi dira elkargoko batzarrean, baina 119k baizik ez dute parte hartzen ahalko gaur. Sortzen duen lehen galdera da ea legezkoa ote den, eta ez ote duen arazorik sortzen ahal quorumari dagokionez, hautetsien erdiak beharrezkoak baitira normalean. Eneritz Zabaleta juristaren hitzetan, azaroan luzatu zuten osasun larrialdiaren barnean sartzen da. «Arauak aldatu zituzten bilkurak bideokonferentziaz egitea erraztu eta jende gutxiago biltzea ahalbidetzeko». Horren arabera, hautetsien herenak aski dira quoruma betetzeko, eta prokurazioek ere balio dute kopurura heltzeko.
Halere, kexa agertu dute hautetsi batzuek, herri batzuek ez baitute ordezkaritza zuzenik izanen batzarrean. «Zuberoako lurralde eremuan gaizki ikusi dugu erabakia. Herri bat = boz bat printzipioari atxikiak dira herrietako ordezkariak», esplikatu du Peio Quihillalt Ligiko (Zuberoa) auzapezak. Elkargoko zerbitzuei beste proposamen bat egin zieten Zuberoatik: batzarra leku batera baino gehiagotara deszentralizatzea, hautetsi guziek parte hartzeko parada izan zezaten. Zinema geletan egiteko aukera aipatu zuten; ezezkoa eman zuen elkargoak. Eztabaida luze baten ondotik, Zuberoari zegozkion hemezortzi ordezkariak izendatzea onartu zuten martxoaren 11n. «Gaitza izan zen», aitortu du Quihillaltek. Ondokoa beste manera batez egiteko eskatu dute.
Elkargoko komunikazio zerbitzuaren arabera, kontseilu exekutiboan hartu zuten erabakia, «gehiengo zabal baten oniritziarekin», eta Baionako suprefetak baieztatu du, idatziz. 8 metro karratuko espazioa izanen du hautetsi bakoitzak, eta prentsa eta publikoa harmailetan izanen dira, distantzia atxikiz. «Antolaketa aldetik sekulako lana egiten ari da krisialdiaren hasieratik; hautetsi anitzek goretsi dute», azpimarratu dute.
Denek ez, hala ere. Arño Gaztanbide Aiherrako (Nafarroa Beherea) auzapezak ere «gaizki» ikusten du erabakia. «Ez da normala! Iduriz ez dutela hauturik... erdi sinesten dut», adierazi du. «Demokratikoki ez da zuzena. Badira gai bereziak larunbatean aipatu behar ditugunak. Ez dakit zer den horren gibelean». Beste lurralde eremuetan bezala, Hazparnekoan ere eztabaida sortu du erabakiak..
Jean Daugerreko harmailak
Otsailean bezala, bada erabakiaren gibelean arrazoi politikoak ikusten dituenik. Zuberoan batek baino gehiagok «duda» agertu duela dio Quihillaltek, ea zinez eritasuna den oinarrian. «Susmagarria da jendearentzat. Espres egina izan dela uste dute; estakurua dela gauzak pasarazteko».
Zehazki, 25., 26. eta 27. puntuak dira auzitan. Hiru proiekturen diruztapena bozkatzera deituak dira elkargoko hautetsiak gaurko batzarrean: Baigorrin (Nafarroa Behera) eraikitzekoa duten kirolgela, Donibane Lohizunen (Lapurdi) egin nahi duten polo kulturala, eta Baionako errugbi taldearen zelaiko harmailen berritzea. Azken horrek sortu du tentsiorik handiena, enpresa pribatu bati bi milioi euro inguruko laguntza ematea proposatu baita.
Gaztanbideren iritziz, ez dira gaiak berak problema, «egiteko manera» baizik. «Orain arte ez ginen batere jakinean: bat-batean jin dira». Oraindik ez du deliberatua zer bozkatu: «Kontra edo xuri, baina ez dut aldeko boza emanen». Zehaztu du jadanik gertatu dela enpresei laguntza ekonomikoak ematea proiektu batzuetarako, baina sekula ez halako kirol azpiegituretarako, «eta ez halako kopuruetan».
Quihillalti ere formak sortzen dio «arrangura» handiena. «Nola eraman den. Lehendakariordeekin aipatu gabe, batzordeetan, hautetsien artean eztabaidatu gabe, deliberoetan ezarria izan da. Normalki, aitzin-lanketa bat bada gaiak prestatzeko», ohartarazi du. «Hautetsi berria naiz; ez nuen uste horrela iragaten zirenik gauzak». Azpimarratu du azken urteetan zerbitzu publiko anitz «galdu» dutela barnealdean, eta, alde horretatik, ez du dudarik Baigorrikoa sostengatu behar denik, baina ez zaio iruditzen errugbi profesionaleko talde baten harmailak zerbitzu publikoadirenik.
Elkargoko komunikazio zerbitzuaren erranetan, «prozedura normala» izan dute deliberazio horiek ere, eta batzorde exekutiboan eta iraunkorrean aipatuak izan dira. Gaurko batzarrean ikusiko da zenbatekoa da hautetsien desadostasuna.
Hautetsien erdiekin eginen da gaur Euskal Elkargoko batzarra
«Osasun egoerari erantzuteko» hartu dute erabakia elkargoko batzorde exekutiboan, eta Baionako suprefetak baieztatu du. Hainbat hautetsik desadostasunak agertu dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu