Frantziako Polizia Judizialeko agenteak Josu Urrutikoetxearen etxera agertu ziren atzo goizean, eta atxilo eraman zuten, fiskaltzaren aginduz. Parisko Clichy auzoko komisarian jakinarazi zioten Fijait arau hauste terroristen egileen Frantziako fitxategi judizial automatizatuan sartu dutela, eta hiru hilabetean behin aurkeztu beharko du hemendik aitzina, haren sendiak BERRIAri jakinarazi dionez. Arratsalde hasieran libre utzi zuten, eta etxera itzuli zen.
«Terrorismoaren» akusaziopean egondako jendea biltzen du Fijait fitxategiak, eta kontrol judizial baten heineko neurri murriztaileak ezartzen ditu. Frantziako Gobernuak 2015eko urtarrilean Charlie Hebdo aldizkariaren kontra izandako atentatuen ondotik aipatu zuen «terrorismoarekin» lotura duten herritarrak zaintzeko tresna baten beharra. 2015eko uztailean egin zuten zerbitzu sekretuen legean onartu zuten Fijaiten sorrera, eta neurria 2016ko uztailean jarri zen martxan. Euskal preso eta preso ohiak urte hartako abuztutik aitzina hasi ziren jasotzen fitxategian sartzen zituztela ohartarazteko jakinarazpenak. BERRIAren datuen arabera, lehen aldia da oraindik epaitua izan ez den euskal herritar bat Fijait fitxategian sartzen dutela.
Egoitz Urrutikoetxea Josuren semeak Frantziako Fiskaltzaren jarrera salatu du. «Itxaron zezaketen epaiketa, itxaron zezaketen zigortua izatea, Fijait fitxategian sartzen zutela jakinarazteko», adierazi du. Hain zuzen, «intimidazio saiakera» bat ikusten du gertatutakoan.
Heldu den urriaren 19an eta 20an epaituko dute Josu Urrutikoetxea Parisko Dei Auzitegian, eta urriaren 21ean Parisko auzitegi korrekzionalean, eta Frantzian bere kontra irekiak dituzten bi prozeduren harira izango da epaitua.
Igor Uriarte ere, atxilo
Igor Uriarte euskal preso ohia, berriz, atzo iluntzeanatxilotu zuten Urruñan (Lapurdi), eta Baionako polizia etxera eraman. Lerro hauek idazteko orduan, ez zegoen atxiloketaren inguruko informaziorik, baina gaur goizean igaroko da epailearen aurretik. 2013an atxilotu zuen Uriarte Frantziako Poliziak, ETAko kidea izatea egotzita, Montpellierren. 2017ko irailean epaitu zuten beste bost pertsonarekin batera, eta 2018ko martxoan utzi zuten aske, sei urtez kartzelan egon ostean.
Bestetik, Madrilen (Espainia) daude Ekhiñe Eizagirre, Kepa Arkauz eta Imanol Jaio, herenegun atxilotu zituzten hiru euskal herritarrak. Guardia Zibilaren komandantzian daude, komunikatuta. Gaur Auzitegi Nazionaleko epailearen aitzinean pasatzea espero da. Hark erabakiko du aske utzi ala ez.
Urrutikoetxea atxilo hartu du Frantziako Poliziak, jakinarazpen bat emateko
Fijait fitxategian sartu dutela jakinarazi diote. Igor Uriarte euskal preso ohia atxilotu dute, eta gaur igaroko da epailearen aurretik. Herenegun atxilotuak ere gaur pasatuko dira epailearen aurretik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu