«Zuk %200 eman behar duzu beti»

Konta daiteke, batetik, Alaitz Ziarsoloren istorioa; haren gorreriarena, trabena. Bestetik, Noelia Dacostarena; paralisiarena, gutxiespen guztiena. Biak batera kontatuta, ordea, gardenago ikusten da dena: gizartea, elbarritasunak tarteko, motza da sarri, eragozpenez josia. Baita EHUn ere.

Alaitz Ziarsolo, Noelia Dacosta eta Ainhoa Atxa interpretea. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
arantxa iraola
Gasteiz
2023ko apirilaren 11
00:00
Entzun
Bi andre gazte, EHU Euskal Herriko Unibertsitateak Gasteizen duen campuseko kafetegi bateko terrazan; hizketan ari ez direnean, buruarekin baiezkoa egiten diote elkarri usu, konplizitatez. Alaitz Ziarsolo (Eibar, Gipuzkoa, 2003) eta Noelia Dacosta (Gasteiz, 1996) dira. Iragan urteotan ezagun egin dira biak, beren elbarritasunak tarteko EHUn ikasteko dituzten trabak salatzeko asmoz hedabideetan maiz atera baitira, bakoitza bere aldetik. Eta bai: aparteko bi kasu dira, bakoitzak bere berezitasunak ditu, eta konta daitezke bereizita. Bien arteko solasaldia, ordea, lezio ederra da gizarteari gogorarazteko zenbat falta den oraindik desgaitasunak dituztenei bidea zelaitzeko: inguruan dituzten horma guztiak eraisteko. Ziarsolok egin du laburpena, Dacostak buruarekin baietsi duen bitartean: «Zuk %200 eman behar duzu beti. Eta gizarteak %20 jartzen du, edo %50». Hor dago arazoa.


26 urteak konplituta, bide akademikoan aurrera eginda dago Dacosta, bere adin paretsuko gazte askoren gisan. «Gizarte Langintza ikasketak bukatu ditut. Gizarte Zerbitzuen Kudeaketa eta Berrikuntza graduondoa egiten ari naiz orain». EHUren berezko titulazioetako bat da, eta unibertsitateak berak webgunean eskaintzaren berri ematean nabarmentzen du ikasketak osatze aldera tituluak duen garrantzia: «Gizarte zerbitzuen kudeaketan eta berrikuntzan espezializatutako graduondoko bakarra da EAEn». Ikasketa horiek master ofizial bat ez direnez, ordea, Dacostari ukatu egin diote laguntzaile bat ondoan izatea.

Gradua egin bitartean bermatu zioten laguntza, baina orain gabe ari da. Horregatik ari da protestan, bidegabea iruditzen zaiolako egoera, eta arazo handia delako beretzat laguntzarik gabe jardutea. «Garun paralisia daukat», esplikatu du. Egin ezin dituen gauzak aletu ditu; zerrenda oso luzea da: «Gurpil aulki batean nago, eta txamarra kentzeko, ordenagailua mahai gainean jartzeko, liburuak ateratzeko, komunera joateko: guztietarako behar dut laguntza». Orain laguntzailerik ez duenez, etxekoen babesari esker ari da graduondokoa egiten; gainerakoan, ezinezkoa litzateke: «Amarekin joaten naiz fakultatera: ama da laguntza ematen didana».

«Independentzia» helburu

19 urte oraindik, unibertsitate bizitzan berriagoa da Ziarsolo. Bi urte daramatza EHUn: fisioterapia ikasketak egiten ari da, Leioan (Bizkaia). «Bigarren mailan nago orain». Arazoak izan ditu bi ikasturte hasieretan; gorreriarengatik, interpretea behar du ikasketak taxuz jarraitzeko, eta zailtasunak izan ditu lortzeko. «Nahiz eta audifonoak eduki eta hitz egin, ulertzeko zailtasunak ditut, ez baitaukat segurtasunik ondo ulertu dudan jakiteko. Hortaz, zeinuen hizkuntza izatea garrantzitsua da niretzat, segurtasuna ematen baitit elkarrizketa bat ondo eramateko», azaldu du. Solaskidetza honetarako ere laguntza hori izan du ikasle gazteak: Euskal Gorrak elkartearen bidez kontaktua eginda, Ainhoa Atxa interpreteak kazetariaren hitzak eta Dacostarenak zeinu bidez doi adierazi dizkio.

Dauden eskariak betetzeko adina interprete ez daude, ordea; eta horixe da arazoaren muina. Behin laguntza lortuta, unibertsitateko zerbitzua ondo antolatuta dagoela onartu du Ziarsolok: «Eta interpretea izaten dut eskoletan, azterketetan eta tutoretzetan». Eta konfiantza ematen dio horrek: lan ondo egiteko era. Elbarritasunak dituztenek sarri esaten dute behar dituzten laguntzak jasotzen dituztenean sentitzen direla benetan«independente», eta horixe gertatzen zaio berari ere: «Interpreteak independentzia ematen dit, eta niri gustatzen zait gauzak neure kasa egitea». Hori lortzeko trabak daudela sentitzea, ordea, penagarria izaten da, eta ezinegon handia sentitzen du: «Orain badut interpretea, baina datorren urtean edozer gerta liteke».

Ulertzen du ezinegon hori Dacostak. Oroitzen da unibertsitatean ikasketak hasi berri laguntzaile bat ondoan izango zuela bermatu arte igaro behar izan zituen asteez. «Aurretik bilera bat egin genuen, eta esan zidaten dena baietz: laguntzaile bat izango nuela». Beste ikasle askoren gisan, egutegiren batean gorriz ondo markatuta izango zuen berak ere unibertsitatean hasteko eguna. Ez du ahantzi oraindik zer egun zen, zer amorru sentitu zuen: «2018ko irailaren 8a zen; joan nintzen, eta ikusi nuen han ez zegoela inor ere: inor ere ez. Ikaskideak oraindik ere ez nituen ezagutzen, eta komunera eraman behar izan ninduten... Oso egoera biolentoa izan zen». Asteak egin zituen zain, laguntzaile eskean, eta lan poltsan inor ez zegoela erantzuten zioten EHUn. «Sareetan agertzen hasi nintzen, hedabideetan; 48 ordura laguntzaile bat lortu nuen orduan».

EHUn gaiaz arduratzen den departamendua «oso zabala» dela nabarmendu du Ziarsolok, eta zail dela eskari bakoitzaren ñabardurei tentuz erreparatzea. «Izan ere, desgaitasun bakoitza ezberdina da, eta pertsona bakoitza ere bai». Ororen gainetik, hala ere, «sentsibilizazio» handiagoa nahi dute gaiari buruz.

Unibertsitatera heltzerako, gainera, biek ondo zekiten zer zen hesiz betetako bide bat. Gorrentzako eskola batean egin behar izan zuen bigarren hezkuntza, adibidez, Ziarsolok. Nahi baino urrutiago; Eibartik Bergarara (Gipuzkoa) joan behar izaten zuen. Nahi baino bakartuago: «2. DBHtik aurrera, ni nintzen gelako ikasle bakarra». Unibertsitate aurrekoak gogoan, irudi artegagarriak pizten zaizkio oroimenean Dacostari. «Bullying-a datorkit burura; nik bullying-a pairatu nuen, eta horrek markatu egin ninduen. Inklusioak herren egin zuen hor». Irakasleen aldetik ere, dena ez zen ona izan: «Zenbait azterketatan egokitzapenak izaten nituen, eta beste zenbaitetan, ez; irakaslearen araberakoa izaten zen hori». Minak arrasto sakonegia uzten du, eta ezin ahaztu ditu zenbait esperientzia txar: «Selektibitatea egin aurretik irakasle batek esan zidan zertarako aurkeztuko nintzen; institutuko batezbesteko nota jaitsiko nuela...».

Muin berekoak

«Aurreiritziak» kontra sentitu dituzte usuegi. «Oso gor gutxi heldu gara unibertsitatera, hezkuntza sistema ez dagoelako prestatuta guretzat... Bueno, ez guretzat, ezta gainerako desgaitasunentzat ere», azaldu du Ziarsolok. Buruarekin baiezkoa egin du Dacostak: «Oso ondo ulertzen dut hori». Muinean, batzen dituena sakona dela azaldu dio Ziarsolok: «Gure bizipenak motibo ezberdinengatik izan dira, baina ondorioak antzekoak dira».

Eraitsi dituzte, hala ere, hesiak. «Garun paralisia duen laugarren pertsona naiz Araban goi mailako ikasketak izaten», azaldu du Dacostak. Bideko oztopoen berri ematen jarraitu nahi du, hala ere, horiek salatzen: «Izan ere, gero eta traba handiagoa, bada horrek dakarren akitzea ere handiagoa da. Niri honek guztiak ekarri didan akitze emozionaletik irteten ari naiz oraindik. Aurrera ari naiz, bai, hau delako nahi dudana, baina akitu ere egiten du honek». Ziarsolok ere beti «borrokan» ibili beharraren atzean dagoen bidegabekeria salatu nahi du: «Borroka egin behar duzu uler zaitzaten, aditu zaitzaten, zuk nahi duzun hori lortzeko... Eta erantzuna ezezkoa bada, bada, azkenean, etsi egiten duzu; gogoa ere galtzen duzu ». Ikasketak uzteko zorian ere egon da une gaitzetan: «Interpreterik gabe egon nintzenean, nik utzi egin nahi nuen».

Lan mundurako urratsa

Ikasketak osatzen ari den edozein andre gaztek duen helburua du Dacostak. «Niri gustatuko litzaidake nire lan bizitza gizarte langintzaren inguruan izatea». Baina badaki hori ere ez dela erraza izango: «Beldurra ematen dit lana laguntzarik gabe egin behar izateak». Lan mundurako trantsiziorako beka bati esker, lan esperientzia bat izan zuen, Gasteizko udaletxean.

Amaren laguntzari esker egin ahal izan zuen hori ere, ez baitzioten onartu beka horretarako laguntza. Bere ondoko itzala izan zen berriro ama, bere errutina guztien jagolea. «Amak laguntzen zidan lantokira joaten, gero ordenagailua jartzen zidan, berokia kendu, eta 11:00 aldera etortzen zen berriro ni komunera eramateko, hamaiketakoa ateratzeko, behar nuen edozertan laguntzeko». Baina beste biderik ez zuen izan lan esperientzia hura izateko. «Unibertsitateak berak esan zidan uko egin behar niola lanerako trantsiziorako bekari: lehenengo erantzuna hori izan zen. Nik esan nion, ordea, ezetz». Eta ez du damurik: oso esperientzia ona izan zen: «Hor benetako inklusioa sentitu nuen lankideen aldetik».

Graduko praktikaldia ere egin zuen, eta esperientzia horiek gogoan, hasia da bere burua lanean irudikatzen. «Esperantza daukat egunen batean programa bat egotea zeinean enplegu bat eduki ahal dudan horretarako behar dudan laguntzarekin». Argi du: berak «berdintasunean» lan egiteko era bakarra hori da. Ziarsolok ere enplegurako aukerak buruan izan zituen karrera hautatzeko orduan. «Hain justu, Fisioterapia aukeratu nuen oso praktikoa delakoa, eta neure burua kapaz ikusten nuelako gero horretan lan egiteko». Baina «beldur bat» badu berak ere: «Komunikazioa». Hortxe ikusten du gainditzeko erronkarik handiena. «Ni gai naiz elkarrizketa bat izateko, baina, jakina, era informal batean. Gero seriotasunez aritzean, ondo ulertu dudan jakiteko ziurtasuna garrantzitsua da. Gainera, pertsonekin lan egiten baduzu, haien ongizaterako lan egiten baduzu, zerbait ez ondo ulertuta kalte egin dezakezu: hori da nire lehen beldurra». Berak ondo lan egite aldera, pazienteek, gertuko lankideek, gorrekin komunikatzeko oinarrizko zantzu batzuk beharko dituztela argi du: «Zeinuen hizkuntza ez jakinda ere, aski da askotan espresioa, edo keinu bat; oso lagungarria izan daiteke». Bide horretan, argi dute biek zein den hitz gakoa: «Sentsibilizazioa».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.