Zergatik kaleratu dute Sodenako zuzendaria? Sodena sozietate publikoak, CEN Nafarroako Enpresarien Elkargoak eta Albyn Medical enpresak 2020an sinatutako kontratu batean «irregulartasunak» atzeman dituelako Nafarroako Gobernuaren Esku Hartze Orokorreko zerbitzuak. Txostena ezagutu eta berehela, Pilar Irigoien zuzendaria kargutik kentzea erabaki du Nafarroako Gobernuak, eta sozietatearen administrazio kontseiluak kargugabetzea berretsi du.
Zer zioen kontratuak? 2020ko maiatzean sinatutako kontratua izan zen, COVID-19ak eragindako itxialdiaren ostean, Nafarroako enpresei lanera bueltatzeko babes materiala bermatzeko xedez. Horren arabera, Sodenak bi milioi euro pagatu behar zizkion «Nafarroako enpresa bati» (Albyn Medical), maskara kirurgikoak Txinan erosi eta Nafarroara ekartzearen truke. Maskara horiek bertoko enpresei saltzeko asmoa zuen Sodenak, CENen bitartez. Alta, Espainiako Gobernuak maskaren prezioa arautzearekin batera, enpresek ez zuten Sodenaren maskarak erosteko beharrik ikusi, eta gehienak saldu gabe geratu dira.
Zer gertatu da saldu ez ziren maskarekin? Nafarroako Gobernuak Iruñerrian dituen bi biltegitan daude gordeta. Guztira, 1,7 milioi maskara dira.
Zer eragin du horrek? Diru publikoa galtzea, batez ere. Bi milioi horietatik, 1,248 milioi euro galdu ditu Sodenak. Albyn enpresak %3,5eko komisioa jaso zuen bitartekari lana egiteagatik: 70.000 euro inguru.
Zer gertatuko da orain? Kontuen Ganberak ikerketa bat abiatuko du, eta ebatziko du operazioa bidezkoa izan zen ala ez. Hortik harago, ez dirudi prozesuak soka luzea ekarriko duenik. Esparru politikoan, berriz, litekeena da oposizioak auzia erabiltzea gobernua higatzeko.
GAKOAK
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu