Nekazarien protestak

Urre likidoaren madarikazioa

Aurreko urteetako uzta onak, Trumpen muga zergak, banaketa enpresen taktikak... Arrazoi ugariren ondorioz, oliba olioaren prezioa oso merke dago, eta sektorea kexu da horregatik.

Arroitzen, olibondoak. JOSEAN GIL-GARCIA / FOKU.
joxerra senar
Iruñea
2020ko otsailaren 20a
00:00
Entzun
Urre likidoa deitu ohi zaio oliba olioari. Urrearen antzeko koloreaz gain, kalitatez bikaina delako eta osasunarentzat osagai mesedegarriak dituelako. Ekonomikoki ere, oliba olioaren sektorea indartsua izan da Mediterraneo inguruko herrialdeetan. Euskal Herrian ere ekoizten da oliba olioa, batik bat Nafarroan, Lizarraldean eta Erriberan. Azken bizpahiru urteetan urte oso onak izan ostean, ekaitz hodeiak pilatu dira olibondoen gain. Izurrite bat balitz bezala, faktore anitzeko madarikazio batek harrapatu du sektorea, eta etorkizuna belztu. Olio sektorea kezkatuta dago, eta ezin da ahaztu atzoko protesten sorburuetako bat Andaluzian (Espainia) dagoela, olibondoen erreinuan.

«Espainian ekoizten denaren aldean, gu tanta txiki bat baino ez gara», dio Pedro Luis Gonzalez Trujal Mendiako lehendakariak. Nafarroan, oliogintzan aritzen diren 4.000 laborari biltzen ditu kooperatiba horrek, eta lurraldeko olioaren %40 inguru ekoizten du. Espainiak produzitzen du munduan olio gehien, eta hango merkatuaren bilakaeraren menpe dago ezinbestean Trujal Mendia. Gonzalezen arabera, faktore asko elkartu dira aldi berean, eta prezioak beherantz ari dira, ekoizleen negozio tartea estutuz: «Eskaintza ugari dago, eta laborantza oro har atomizatuta dagoenez, lauzpabost ekoizle handik prezioak itundu eta jaisten dituzte». Trujal Mendian, zuzeneko salmentaren eta kalitatearen aldeko apustu egiten badute ere, kanpoko joeraren menpe daude: «Jakina, eragiten digu. Iaz prezio bat ezarri genuen, baina aurten jaitsi behar izan dugu».

6.000 hektarea Nafarroan

Azken bi kanpainetan, oliba ekoizpenak nabarmen egin du gora Nafarroan 6.000 hektareako eremua hartzen duten olibondoetan —Araban ere biltzen da, baina askoz ere gutxiago—. 2016ko kanpainan, 16.000 tona oliba bildu ziren; iazko kanpainan, 27.427 tona oliba bildu ziren. Azarotik martxora bitarteko aurtengo kanpaina amaitzeko hilabete inguru baino ez da falta, baina abendura arteko datuek aditzera ematen dute %20 inguru jaits daitekeela. Espainian, berriz, iazkoa ezohiko kanpaina izan zen, 5,9 milioi tonatik bederatzi milioi tonaraino gora egin zuelako oliben bilketak, eta uzta bikain horrek olioaren gainprodukzioa ekarri du.

«Eskaintzaren eta eskariaren legearen ondorioz, aurreko urteetan olibaren uztak oso onak izan direnez, jatorriko prezioek behera egin ohi dute», azaldu du Cristina Sanduak, Aceites Sanduako kudeatzaileak. Hala ere, ez dago kezkatuta. «Nafarroan ekoizten dena bertan kontsumitzen da, edo esportaziorako erabiltzen. Ez dago desorekarik. Hemen, salneurria ez da jaitsi beste tokietan adina, egoera orokorrak eragin duen arren».

Donald Trump AEBetako presidenteak ere izan du zerikusirik. Urrian, Europako Batasunak Airbusi emandako laguntzen aurkako erreakzio gisa, hainbat elikagaiaren gainean %25eko muga zergak ezarri zituen —tartean Espainiako oliba olioari—. Hiru hilabete geroago, ondorioak jada nabari dira: esportazioak behera egitearekin batera, olio soberakinak handitu dira. «Saltzen ez den olioa Espainiako merkatuan geratu da, eta metatutako olio kopurua handitu du», azaldu du Sanduak.

Hutsunea beste ekoizleek baliatu dute —Tunisia, Aljeria, Grezia, Italia eta, neurri apalagoan, Argentina eta Australia—. Halaber, Espainiako olio enpresa handiek beste herrialde batzuetan dituzten fabriketara bideratu dute produkzioa, baina merkatu espainiarra olioz gainezka dago. Europako Batzordeak promes egin zuen merkatutik 150.000 tona ateratzeko eta biltegietan gordetzeko laguntzak eskainiko zituela, baina ezer gutxi egin du.

Supermerkatuetako apaletara jo besterik ez dago gehiegizko eskaintzaren ondorioak ikusteko. Eskaintza bereziak eta beherapenak nonahi. «Prezioei begira hasten zara, eta bi botilaren truke bat ordaintzea eskaintzen dutela ikusita, etsitzen zara. Bertako produktuen kalitatearen garrantzia aipatu ohi dugu, hitz politak dira, baina, azkenean, prezioari begiratzen zaio», kexu da Gonzalez.

Sanduak salatu du dendek kontsumitzaileak erakartzeko erabiltzen dutela olioa: «Gutxietsi egiten dute atzean dagoen lan guztia». Haren irudiko, «zerbait gaizki dago» baldin eta prezioak olio ekoizpenaren balioa islatzen ez badu: «Olioa galerekin saltzen ari dira edo kalitatearen lepotik». Olioaren trazabilitatea jaso behar luke produktuak, «kontsumitzaileak haren egiazko jatorria eta nondik norakoa ezagut ditzan».

Olioa biltegietan gordetzeko laguntzek sektoreari arnasa eman badiezaiokete ere, epe erdira kontsumoaren sustapenari eman dio garrantzia Sanduak. «Eskari eta eskaintzaren oreka hobeago bat lortzeko, hemen eta nazioartean kontsumoa sustatu behar da, eta erabiltzen ez duten herrialdeetan kultura aldaketa bat bultzatu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.