Munduan biztanle gehien duen herrialdeak krisi demografiko bati egin beharko dio aurre laster. Txinako biztanleria gutxitu egin zen 2022an, lehen aldiz azken sei hamarkadetan, eta, hala, ofizialki baieztatu da krisi demografiko batean dagoela. Jaiotza tasak behera egin du etengabe urteetan eta urteetan, eta badirudi joera hori aldatzerik ez dela izango.
Ikusi gehiago:Pekinek atea ireki die pentsio pribatuei
2022an, Txinako biztanleria 1.411 milioira jaitsi zen, hau da, aurreko urtean baino 850.000 gutxiago ziren herrialdean. Urte etan, jaiotza tasak behera egin du etengabe, eta adituek uste dute joera horrek ez duela atzera-bueltarik izango. Datu ofizialek berretsi dutenez, krisi demografiko bat hasi da herrialdean, eta oraindik ezin jakin zer ondorio ekarriko dituen. Hala ere, argi dago ondorio sozialak eta, batez ere, ondorio ekonomikoak ekarriko dituela, bai Txinan eta bai mundu osoan.
Txinako estatistika bulegoak argitaratutako datuen arabera, 9,56 milioi pertsona jaio ziren 2022an, eta 10,41 milioi hil: heriotza gehiago izan ziren jaiotza baino, 1960ko hamarkada hasieratik lehen aldiz. Urte horietan, Txinako Gosete Handia izan zen. Orduko Txinako presidente Mao Zedongen esperimentu ekonomiko batek huts egin zuen, Aurrerako Jauzi Handia izenekoak, eta, ondorioz, gosete handia hedatu zen herrialdean, eta milioika lagun hil ziren.
Bizi itxaropena, gora
Azken hamarkadetan Txina potentzia ekonomiko bihurtu denez, hango bizi itxaropena handitu egin da, eta horrek ekarri du egungo egoera: pertsona gehiago zahartzen dira, eta haur gutxiago jaiotzen. Espero da 2035. urterako 60 urtetik gorako 400 milioi pertsona baino gehiago bizitzea Txinan, hau da, hiru biztanletik batek izatea 60 urte baino gehiago.
Joera hori beste gertaera kezkagarri bat bizkortzen ari da: Txinan ez da izango lan egiteko adina duten nahikoa biztanle, ezingo da orain arteko abiaduran hazi, eta, hain zuzen, abiadura horrek bihurtu du ekonomia globalaren motorretako bat. Gainera, diru sarrera fiskalak eta pentsio sistemaren kotizazioa ere murriztuko ditu eskulan eskasiak —dagoeneko estu eta larri dabil pentsio sistema—. Baina ondorio horiek ez diote Txinari bakarrik eragingo: produkziorako eskulan gutxiago izango denez, ekoizpen kostuak handitu egingo dira Asiako erraldoian luze gabe, eta, horren ondorioz, AEB Ameriketako Estatu Batuetan eta Europako Batasunean ere gora egingo dute prezioek eta inflazioak.
Global Times egunkari ofizialak aipatutako estatistika bulegoko funtzionario baten arabera, azaroaren 1ean biztanleriaz egindako inkesta bat dago aipatutako kopuruen oinarrian, eta, beraz, urtarrilaren erdialdera argitaratutako heriotza kopuruek ez dute erakusten heriotza tasa igo zenik zero COVID politikaren murrizketak kendu izanaren eta horrek koronabirusa zabaldu izanaren ondorioz.
Orain dela hilabete batzuetatik, Txinako Gobernuaren helburua da 1980 eta 2015 bitartean haur bat baino gehiago izateko debekuak eragindako kalteak konpontzea. 2021ean, agintariak zenbait neurri onartzen hasi ziren, besteak beste, zergetan kenkariak jartzeko, amatasun baimenak luzatzeko, aseguru medikoak hobetzeko eta arlo horretan zerbitzu gehiago eskaintzeko, eta diru laguntza gehiago emateko etxebizitzetarako, hartara herritarrek seme-alaba gehiago izateko pausoa eman zezaten.
Neurri horiek guztiak hartu arren, oraindik ere oso garestia da seme-alabak izatea, batez ere hezkuntzaren arloagatik, eta, horren ondorioz, seme edo alaba bat edo bakar bat ere ez izatea erabakitzen dute bikote askok. Ama izan nahi duten emakumeek hartzen dituzte batez ere horrelako erabakiak, haiek arduratzen baitira haurren zaintza ia osoaz: askok erabakitzen dute ikasketei edota kaudimen ekonomikoari ematea lehentasuna, eta ez familia bat sortzeari.
Biztanleriaren beherakada horren ondorioz, sinesgarriagoak dira aurten Indiak Txina gaindituko duela eta planetako herrialderik populatuena izango dela ziurtatzen duten iragarpenak. Bazirudien 2025ean geratuko zela hori, baina, Nazio Batuek biztanleriaren inguruan egindako proiekzioen arabera, Indiak 2023ko apirilean gaindituko du Txina, eta munduan biztanle gehien duen herrialdea bihurtuko da. Hilabete horretan, bi herrialdeetako populazio hazkundearen lerroak gurutzatu egingo dira, eta Indiak atzean utziko du Txina, hura ez baita aurrerantzean izango planetako herrialderik populatuena. Kalkulatzen da Indian 1.428 milioi izango direla orduan, eta Txinan, berriz, 1.426 milioi.
India, ziztu bizian
Indiak ere programa polemikoak ezarri zituen jaiotza tasa kontrolatzeko, Txinak haur bakarraren politikarekin egin zuen moduan, baina New Delhiko gobernuak ez zuen lortu helburua, nahiz eta milioika lagun behartu zituzten antzutzera.
Indiak zenbait faktore ditu bere alde, eta hizkuntza da horietako bat: herritar gehienek hitz egiten dute edo ondo dakite ingelesez. Inperio Britainiarraren kolonia ohi bat denez eta independentzia berandu iritsi zuenez, biztanle gehienek dakite ingelesez, eta, gainera, Erresuma Batura eta AEBetara migratu duten herritar askok lanpostu garrantzitsuak lortu dituzte. Indiako hezkuntza teknologikoaren kalitate bikainari esker, indiar jatorrikoak dira enpresa handietako zuzendari exekutibo asko, enpresa teknologikoetakoak batez ere. Horrek talentuaren epizentroan jarri du herrialdea. Munduan, 25 urtetik beherako bost pertsonatik bat Indiakoa da, eta indiarren %47k 25 urte baino gutxiago dituzte. Talentuari eta lanerako aukerei dagokienez, Indiak harrobi ezin hobea du datozen urteetan edozein herrialderi tokia kentzeko.
Hizkuntzari dagokion abantailaz gainera, egoera demografikoak ere lagundu egiten dio Indiari: Europan edo Txinan ez bezala, non biztanleria zaharragoa den oro har, Indian gazte ugari bizi dira. Hori abantaila bat da talentuari dagokionez, eskulan gazte eta kalifikatuaren potentzial handia baitago. Hala ere, erronka bat ere bada enplegua sortzeko orduan, batez ere emakumeentzat, langileen %10 bakarrik baitira. Hala, nahiz eta Indiak potentzial handia duen ekonomia garatzeko eta hazteko, beharrezkoa izango da erronka horiei heltzea, bere ahalmena ahalik eta gehien aprobetxatu dezan.
Txina. Biztanle kopuruaren gainbehera
Demografiaren tunel beltzean sartu da Txina
Txinak biztanleak galdu zituen 2022. urtean, lehen aldiz 1960ko hamarkadaren hasieraz geroztik, eta populazioa bizkor zahartzen ari da. Gainbehera demografikoak eskulan falta eragingo du, eta, harekin, baliteke inflazioa heltzea eta hazkundearen abiadura moteltzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu