Bestelako eredu baterako akuilu

Gasteizko Errekaleor auzoarentzat «mugarria» izan zen duela bost urte Iberdrolak argindar sarerako lotura moztu izana. Ordutik, auzo okupatua burujabea da energia elektrikoari dagokionez, eta bizimodu autogestionatuari esker, aztarna energetikoa murriztea lortu du.

Estitxu Villamor Lomas eta Ortzi Akizu-Gardoki ikerlariak, Errekaleorren. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
edurne begiristain
Gasteiz
2022ko abenduaren 9a
00:00
Entzun
Gasteizkohego-mendebaldean dago Errekaleor auzoa. 1950eko hamarkadan langileek eraikitako auzune bat da, antolakuntzaren eta autogestioaren erreferente bilakatu zena. 2013an hainbat gaztek auzoa berreskuratu egin zuten, eta, bide berari jarraikiz, Europako okupazio gunerik esanguratsuena bilakatu zen.

Egun, ehun bat lagun bizi dira bertan, autogestioan eta antolatzeko modu asanblearioan oinarrituta. Gunea husteko hainbat mehatxu tarteko, Iberdrolak argindarra moztu zien 2017an, Gasteizko Udalaren aginduz; hala ere, ez zuten bizilagunek gunea uztea lortu. Are, proiektua eta auzokideen elkarbizitza indartu zituen argindarra mozteak. Argia moztu eta ordu gutxian, hainbat argindar sorgailu jaso zituzten Euskal Herriko bazter guztietatik, eta, finantzaketa kolektiborako kanpaina bati esker, 100.000 euro baino gehiago lortu zituzten eguzki plakak eta sorgailuak erosteko. Haien bitartez, auzoa energiaz hornitzeko gai izatea lortu zuten. 2018az geroztik, auzoa burujabea da energia elektrikoari dagokionez.

Energiaren irla bilakatu daErrekaleor orduz geroztik, auto-hornikuntzaren eredu. Bizitza komunitarioari esker, aztarna energetikoa ere nabarmen txikiagoa da ingurukoarekin alderatuta. Hala ondorioztatu du EHUko Ekopol eta Life Cycle Thinking Group ikerketa taldeak egindako ikerketa batek. Errekaleorreko aztarna energetikoa kalkulatu du, eta ondorio argi batera iritsi da: bizimodu alternatibo eta komunitarioak energia aztarna murriztu dezake. Ikerketaren arabera, Errekaleor auzoko biztanleko aztarna energetikoa Euskal Autonomia Erkidegoarena baino %24 txikiagoa da —31,1 megawatt eta 40,9 megawatt biztanleko urtean, hurrenez hurren—.

Konponbideak krisiari

Aurrerantzean ere aztarna energetikoaren murrizketan akuilu izan nahi dute auzoko bizilagunek. «Apustu bat da», dio Linus Finke Errekaleorreko bizilagunak. Energia kontsumoa murrizteko auzoak emandako pausoek «kontzientzia hartzearekin» dute zerikusia, Errekaleorreko bizilagunaren ustez. «Edonork egin beharreko zerbait da, gizarte moduan gure aukeren gainetik bizi garelako; are gehiago, lehen mundu deritzona». Haren iritziz, krisi energetikorako eta klimatikorako «konponbideak» bilatzen dituzte Errekaleorren.

2017an Gasteizko Udalak argindarra mozteak, auzoaren proiektua ez ezik, energia eredu burujabea hauspotzeko ere balio izan zuela nabarmendu du Finkek: «Bizitu egin zuen auzoaren energia ereduaren gaineko erabakiak hartzeko prozesua». Auzokideek aspalditik zuten hizpideenergia kontsumoaren murrizketari buruzko eztabaida. Izan ere, 2014an ere Iberdrolak argindarraren kable bat moztu zien, eta ordutik energia burujabetzari buruzko gogoeta batean murgildurik zegoen auzoa.

2018ko gertakariek, «mugarri» bat ezarri, eta auzokideen arteko batasuna eta autogestio eredua trinkotu zituen. Hasieratik, instalazio fotovoltaikoa modu komunitarioan garatzeko planteamendua egin zuten auzoan, eta, etxebizitza bloke bakoitzean instalazioak egin beharrean, auzo osoa energiaz hornituko zuen instalazio zentralizatua egitea erabaki zuten bizilagunek. Bertan kokatutako eguzki plakei esker, energia ekoizteko eta auzoko kontsumoa kontrolatzeko era dute.

Argi mozketa izan aurretik, etxe guztietan zeuden hozkailuak, berogailuak eta bestelakoak. Orain, ordea, zerbitzu batzuk zentralizatuak dituzte: garbigailuak, esaterako, frontoian daude.«Ikasketa prozesu bat» da energia kontsumo hori praktikara eramatea, Finkek azaldu duenez. Aitortu du energia ereduak kontsumo ohiturak aldarazi dizkietela: «Ez dugu laberik, plantxarik, ile lehorgailurik edo irabiagailurik. Halakoak erabiltzeko adina energia ez du ematen instalazioak. Oinarrizko beharretarako ematen du soilik». Garbigailuak komunitarioak dira, baina seme-alaba txikiak dituzten familiek aukera dute berea izateko, baita hozkailu bat ere.

Norberaren kontsumoa kontrolatzeko erantzukizuna dute auzokideek, eta, edozein gailu martxan jartzeko, ordutegi zehatz batzuk errespetatu behar dituzte. Izaten dira arazoak, baina batzarrean adosten dituzte irtenbideak. Finkek azaldu du neguan izaten dela sasoirik latzena: «Eraikinak zaharrak direnez, neguan plaka fotovoltaikoak ez dira aski etxeak berotzeko, eta egurrezko berogailuak erabili behar ditugu». Arazoak arazo, Errekaleorreko proiektua argitzensegitu nahi dute auzokideek: «Kapitalismoari baino ez diogu kalte egiten».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.