Gerra Ukrainan. Tentsioa Artikoan

Artikoko oreka, atakan

Ukrainako gerrak arriskuan jarri du ipar polotik gertuen dauden estatuen arteko elkarlana. Errusia NATOko kidez inguratuta geldituko da bere muga luzeenean

Artikoko oreka, atakan.
Gorka Berasategi Otamendi.
2022ko maiatzaren 17a
00:00
Entzun
Ukrainako gerrak goitik behera aldatu du munduko agertoki politikoa eta ekonomikoa, eta Artikoraino ere heldu dira Europa ekialdeko eztanden uhinak. Ipar hemisferioaren muturrean, ipar polotik gertuen dauden estatuen arteko elkarlana ohikoa izan da azken hamarkadetan, baina Errusiak Ukraina inbaditu duenetik aldatu egin dira kontuak. Moskuk erasoari ekin eta astebetera, martxoaren 3an, Atlantikoko Kontseiluko gainerako kideek erakundearen jarduna eten zuten oldarraldi militarra salatzeko. Ordutik, blokeatuta dago Artikoko auziei buruz eztabaidatzeko erakunde nagusia. Hainbat adituk ohartarazi dute inguruaren garrantzi estrategikoa aintzat hartuta munduaren segurtasunaren kalterako izango dela.

Zortzi herrialde dira 1996an sortu zuten Artikoko Kontseiluko kide: Errusiaz gain, AEBak, Kanada, Danimarka, Islandia, Norvegia, Suedia eta Finlandia. Erakunde horren bidez, estatu kideek lankidetza bultzatu dute ikerketa zientifikoen alorrean, erreskate zerbitzuetan eta ingurumen politiketan. Iaztik, Errusiak du erakundearen txandakako presidentetza —2023ra arte—, eta San Petersburgon egin behar zuen bilera apiril erdialdean, baina gainerako zazpi estatuek uko egin zioten parte hartzeari, Errusiak Ukrainari eraso izanak nazioarteko zuzenbidea urratzen duela argudiatuta. Goi bilera egitekoa zen egun berean, Vladimir Putin Errusiako presidenteak adierazi zuen ez duela Artikoa «auzi geopolitikoetarako eremu gisa» ikusten, «elkarrizketarako, egonkortasunerako eta elkarlan eraikitzailerako» baizik.

Kontseiluko gainerako estatuek, ordea, kezka handiz erreparatu diote Errusiak azken urteetan Artikoan bere ahal militarra areagotzeko egin dituen urratsei. Bereziki, 2014an hasi zen handitzen tentsioa, Errusiak Krimea anexionatu ostean, Mendebaldeko kideen begietara errealistagoa bihurtu zelako Moskuk Artikoan duen nagusitasun militarra etorkizunean baliatzeko aukera. Otsailean, Kremlinek Ukrainaren kontrako erasoa hasi izanak aurrez ikusi gabeko egoera batera eraman ditu harremanak, eta inoiz ez bezalako erabaki bat hartu zuten Errusia ez beste kide guztiek: erakundearen jarduna blokeatzea. Ikusteko dago erabaki horren eragina zein izango den, baina ugaritu egin dira ekar ditzakeen arriskuez ohartarazi duten ahotsak. Artikoa ez baita edozein eremu nazioartearentzat. Pisu estrategiko handikoa da, interes ekonomiko eta militar nabarmenekoa delako. Baina ahula da haren gobernantzarako orain arte eratu den sistema.

Estrategikoa eta aberatsa

Artikoa gizadiari ia-ia esku hartu gabe gelditzen zaizkion naturagune bakarrenetakoa da, eta klima aldaketa inguru horretako oreka ekologikoa suntsitzen ari da. Artikoko izotza urtu ahala, geroz eta eskuragarriago gelditzen ari dira inguruak dituen natur baliabide aberatsak. AEBetako Zerbitzu Geologikoaren arabera, munduko petrolio eta gas erreserbarik handienak gordetzen ditu izotz eta ur azpian; mineral estrategikoak ere bai —nikela, platinoa, paladioa eta lur arraroak—; eta arrantzarako baliotsuak liratekeen arrain kopuru handiak, planktonean aberatsak diren uretan.

Gainera, izotza urtzen den heinean, pentsatzekoa da mundu osoko merkataritzarako bide nagusiek Artikoa zeharkatuko dutela, dirudienez nabarmen murriztuko baitira Asia ekialdearen eta Atlantikoaren arteko bidaien kostuak, Suezko (Egipto) eta Panamako kanaletako eta Malakako itsasarteko (Indonesia) itsasbideekin alderatuta. Artikoko izotza abiadan ari da urtzen. Geruzarik finenaren %95 urtu da azken 30 urteetan, eta, berotegi gasen isurketak kopuru esanguratsutan murriztu ezean, litekeena da 2040. urte ingururako izotzik ez egotea uda garaian. Errusiak Artikoko Ibilbidearen proiektua aurkeztu zuen 2011n, eta 2035erako korridore irekia izatea espero du. Haren bidez, hamar-hamabi egun murriztuko litzateke Shanghai (Txina) eta Murmansk (Errusia) arteko itsas bidaia, egun Suezko kanaletik barrena 35 egun behar dituena.

Baina Artikoan bosgarren ozeano bat irekitzen ari denez, merkataritzarako bezala erabili ahal izango da gerrarako ere, eta hori ez zaio oharkabean pasatu Errusiari. Jakitun dago izotzak babesten duela bere mugarik luzeena —24.000 kilometrotik gorakoa—, eta babes natural hori desagertzen ari dela. Gainera, Artikoko baliabide energetiko eta mineral handienetako asko Errusiaren gertuko eremuetan daude, eta horiek babesteko mugimendua ere bada Moskuk bere iparraldea indartzeko egin duena.



Besteak beste, Errusiak sobietar garaiko 50 behaketa postu berritu ditu, eta hamar radar azpiegitura eguneratu. Baina urratsik adierazgarriena Artikoko itsas armada indartzea izan da, Iparraldeko Ontziteria delakoarena. Mendebaldeko Kola penintsulan du base nagusia, eta han dauzka biltegiratuta misil nuklearrak, urpekoak, urpekoen kontrako hegazkinak eta misilez hornitutako itsasontziak, besteak beste. Viatxeslav Xtirov Artikorako eta Antartikorako adituen kontseilu errusiarreko presidenteak 2015ean esana zuen jada «gatazka militar global bat» gertatzen bada «aukera asko» dagoela Errusiako Artikoa «defentsaren lehen lerro» bilakatzeko, «arerioek misil balistikoekin norabide horretatik eraso egitea baita gertagarriena».

Kremlinek iparraldeko posizio militarrak sendotzeko eman dituen pausoei erantzunez, NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeak azpiegiturak eta ariketa militarrak ugaritu ditu Artikoan. Azken entrenamendu saioak Eskandinaviako herrialdeekin batera egin ditu; martxoan, Norvegiako armadarekin, eta apirilean, Finlandiako eta Suediako indarrekin. Errusiak «kezka» agertu zuen Nikolai Kortxunov herrialdeak Artikoko Kontseiluan duen ordezkariaren ahotik: «Honek ez dio laguntzen eskualdeko segurtasunari». Adierazpenen tonua ez zen batere gordina izan, NATOk Europa ekialdean duen presentziari buruz esandakoen aldean. Hain justu, Vladimir Putin Errusiako presidenteak joan den astean esan zuen Moskuk «behartuta» egin diola eraso Ukrainari, Atlantikoko aliantza militarra Europan Errusiaren mugetara hedatu delako, segurtasun bermerik eskaini gabe.

Finlandia eta Suedia

Testuinguru horretan sartuko dira Finlandia eta Suedia NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundean, ezustekorik ezean. Horrek ez du egoera baretuko, behin aliantzako kide bihurtzen direnean NATOko zazpi estatuk inguratuko baitute Errusia Artikoan.

Kremlinek apirilaren 14an ohartarazi zuen Suediak eta Finlandiak aliantzarekin bat eginez gero arma nuklearrak ezarriko dituela Baltikoan. Neurritsuago mintzatu zen atzo Putin. Haren esanetan, NATOren hedatzea ez da Errusiarentzat «mehatxu zuzen bat izango», Suediak eta Finlandiak aliantzaren «azpiegitura militarrak» hartzen ez badituzte. Baina ohartarazi du NATOk erasorako baliabideak ezartzen baditu Moskuren «erantzun bat» eragingo duela, «mehatxuaren neurrikoa».

NATOk, Artikoan bi kide gehiago izanik, eta Ukrainako gerraren bilakaeraren arabera, berriz aztertuko du Artikorako estrategia. Ikusteko dago, besteak beste, Artikoko Kontseiluaren blokeoa zenbateraino luzatuko duen. Aukeretako bat da kontseiluak nazioarteko elkarlanaren eredu izateari uztea, eta Europako tentsioa ipar hemisferioaren muturrera hedatzea. Baina horren arriskuak nabarmenak lirateke, Errusiarekin elkarrizketa berreskuratzearen aldeko analisten iritziz. Besteak beste, klima larrialdiaren aurrean ezinbestekoa delako Artikoa babesteko estrategia bateratu bat, eta elkarrizketa nahitaezko baldintza delako eremuaren militarizazioa eta armamentu lasterketa bat eragozteko. Artikoaren garrantzi estrategikoa zenbaterainokoa den ikusita, erraz bihur daiteke interesen arteko talka eremu, eta, beraz, gatazken agertoki. Ordea, kontseiluan Errusiarekin harremana berreskuratzearen kontrako ahotsek diote egungo baldintzetan Mendebaldeak ez duela Mosku hizketakide gisa hartu behar, zilegitasuna aitortuko liokeelako Ukrainaren aurkako erasoari.

Errusiak, oraingoz, elkarrizketaren eta elkarlanaren aldeko jarrera erakutsi du. Maila desberdinetan jarri ditu Europako auzi militarra eta Artikoko Kontseiluari dagozkion lanak. Kortxunoven esanetan, segurtasun militarrari lotutako kontuak kontseiluaren eginkizunetik harago daude, eta elkarlana eteteak oztopoak gehituko dizkio orain arte erronkei «eraginkor» erantzuten aritu den erakundeari. «Konbentzituta gaude Artikoko arazoek ez dituztela irtenbide militarrak eskatzen», adierazi zuen.

Kortxunovek Ottawako Adierazpenari egin zion erreferentzia apirilaren erdialdean egin zituen adierazpen horietan. Ottawako akordioaren arabera, kontseiluak uko egiten dio segurtasun militarrarekin lotutako auziak aztertzeari. Batzuek Artikoko erakundearen hutsunetzat dutena haren arrakastaren gakotzat dute beste batzuek, baldintza horri esker kontseiluak elkarlanean jarraitu duela iritzita; esaterako, Errusiak Krimea anexionatu zuenean. Lankidetza horregatik, erakundea Bakearen Nobel sarirako hautagai izendatu dute behin baino gehiagotan.

Baina Artikoko Kontseiluak bere jarduna gelditu du lehenengoz, Ottawako Adierazpenari muzin eginda, eta baliteke neurria mugarri izatea, baldin eta epe motzean ala ertainean elkarrizketarako bideren bat berreskuratzen ez bada. Artikoko harreman politikoen sarea korapilatsua da, eta estatuen arteko bitariko hitzarmen sare konplexu batean oinarritzen da. Horregatik, litekeena da estatuek sare hori ez urratzea egun batetik bestera.

Artikoko Kontseiluaren blokeoa luzatzen bada, ipar poloaren gertuko eremuan eragina handitzeko aukera eskainiko die erakundearen kide ez diren baina inguru horretan interes handia duten herrialdeei; bereziki, Txinari. Pekinek ehunka milaka milioi euro inbertitu ditu Artikoko estatuetan, izan ikerketa zientifikoetan, azpiegituretan nahiz baliabide naturalen ustiapenean. Txinak Artikorako Estrategia aurkeztu zuen 2018an, eta lehentasunen artean jarri zuen Artikoan itsasbide bat irekitzeko proiektua. Ordutik, Pekinek eta Moskuk hainbat hitzarmen ekonomiko sinatu dituzte. Mendebaldearen kezka da lankidetza hori arlo militarrera ere hedatuko ote den. Gertagarriagoa izango da AEBek eta haren aliatuek Errusia baztertzeko neurriekin jarraitzen badute, Moskuk Pekinen babesa bilatzea beste aukerarik ez baitu izango.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.