Bakarrik dauden etorkin adingabeak. Ikerketa

NERABE IZAN NAHI BAINA EZIN

«Behar bereziak dituztenen artean behar are bereziagoak dituztenak» dira bakarrik dauden etorkin adingabeak. Familia utzita, bakarrik egiten dute migrazio bidaia. Eskaini zaien harrera eskasa izan da, baliabide faltagatik. Esku hartzea hobetzeko, mugaz gaindiko ikerketa bat egin dute hainbat gizarte eragilek.

Migratzaile gazte batzuk, Cimade elkarteak egindako erakusketa bateko irudi batean. GAIZKA IROZ.
Arantxa Iraola - Ion Orzaiz - Oihana Teyseyre Koskarat
2020ko abenduaren 20a
00:00
Entzun
Sorterria utzi, eta Europako herrialdeetara familiarik gabe heltzen dira urtero hainbat adingabe. Azkenaldian Euskal Herrira iritsi diren gehienak Ipar Afrikako eta Saharaz hegoaldeko lurraldeetakoak dira. Larrialdi egoeratik hasi, eta integrazio prozesuan laguntzen dituzte bertako gizarte eragileek. Azken urteetan, baina, anitz emendatu da adingabe bakartuen kopurua. Egoera hori ikusirik, nerabe migratzaileen esku hartzea «hobetzea» izan dute helburu Agintzari, Zakan eta Zabalduz gizarte kooperatibek eta Paue eta Aturri Herrialdeetako Unibertsitateak. Nafarroako Gobernuaren, Gipuzkoako eta Bizkaiko diputazioen, eta Pirinio Atlantikoetako departamenduaren laguntzaz, mugaz gaindiko ikerketa bat egin dute, egoera zehatz aztertzeko lehenik, eta horren araberako baliabideak sortzeko ondotik: irailean plazaratu zuten Migratzaile adingabeen esku hartzearen ezaugarriei eta duten eraginari buruzko Euskadi-Nafarroa-Pirinio Atlantikoak mugaz gaindiko azterketa. Euroeskualdearen beka bat lortu zuten proiekturako.

Eduardo Diaz Agintzariko arduradunak azaldu duenez, azken urteetan etorkin adingabeak «publiko oso handia» izan dira gizarte elkarteetan: «Zailtasunak dituztenen artean, behar are bereziagoak dituzte». Premia horiei nola erantzun jakiteko, zentro berezietan diren 271 adingaberekin osatu dute ikerlana.

Txostenaren abiapuntuan gogoeta prozesu bat dago. Diaz: «Beste herrialdeetako integrazio ereduak begiratzen hasi ginen. Europako herriek ez dute denek berdin jokatzen. Guretzat, adibidez, integrazioa ez da soilik etxea eta lana; beste gauza asko izan behar dira kontuan: erlazioak, lagunak, hizkuntza... Hortik abiatuta, zenbait ildo diseinatu genituen esku hartzea hobeto egin ahal izateko».

Parte hartzaileei dozenaka galdera pausatu zizkieten ikerketarako, betiere hezitzaile berezituen bidez, «konfiantzazko harremana bermatzeko». Txosteneko galdera tresna batzuk «minberatsuak» direla aitortu du Diazek; hortaz, emaitza fidagarriak lortzeko, gazteekin diharduten langileekin aritu dira elkarlanean Euskal Herriko hainbat egituratan. Zortzi aste iraun zuen inkestak.

«Lurralde bakoitzeko egoerara egokitzeko gakoak zein diren pentsatu behar izan genuen. Integrazio prozesuak maila asko ditu: administratiboa, lana, ikasketak, harremanak...», azaldu du Diazek. Arlo horiei guztiei erreparatu diete, eta, emaitza nagusien arabera, Hego Euskal Herriaren eta Ipar Euskal Herriaren artean diferentzia bat badago adingabeen soslaiari dagokionez. Hegoaldean dauden etorkin adingabe gehienak Ipar Afrikatik etorritakoak dira, mutilak gehien-gehienak, eta 16-17 urte dituzte; arabiera edo bereber hizkuntza mintzo dituzte. Iparraldera iristen direnek adin bera dute, horiek ere mutilak dira batik bat, baina Saharaz hegoaldeko herrialdeetatik datoz, Gineatik batez ere, eta pulaar hiztunak dira. Diazen arabera, soslaia ezberdina izateak esku hartzea egokitzera behartzen ditu harrera egitasmoak.

Euskal Herrira iristen diren migratzaile adingabe bakartuen kopurua nabarmen hazi da 2016. urtetik aitzina, eta harrera egitasmoak ustekabean harrapatu ditu igoera horrek. Euskal Autonomia Erkidegoko Arartekoak bildu dituen datuen arabera, Arabara, Bizkaira eta Gipuzkoara 435 gazte iritsi ziren 2015ean, eta 2016an, 788. Ondoko urteetan, ordea, gorakada handia izan zen: 2017an 1.335 izan ziren; 2018an, 1.889; eta 2019an, 1.248. Gehienak Bizkaian artatu zituzten.

Nafarroan, gaur egun, seniderik gabeko 219 migratzaile adingabe bizi dira Nafarroako Gobernuaren babespean. Zehazki,Eskubide Sozialen Departamentuaren menpe dagoen Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentzia arduratzen da gazteen ongizatea eta formakuntza bermatzeaz. Agentzian darabiltzaten datuak bat datoz Agintzariren txostenean azaldutakoekin: «Nafarroara datozen gehien-gehienak mutilak dira, %99 inguru», azaldu du Olga Chuecak, Familien eta Adingabeen alorreko zuzendariordeak. «Marokotik eta Saharaz hegoaldeko Afrikatik etorriak dira asko eta asko —Gineatik, Ghanatik, Gambiatik...—. 16 eta 17 urterekin iristen dira hona, sorterrian familia utzita. Kasu gehienetan, kontaktu jarraitua dute hango senideekin».

Diazek esplikatu du orain arte Hego Euskal Herriko adingabe migratzaile gehienak Magrebekoak zirela, baina soslaia aldatzen ari den hipotesia egin du: «Iparraldean orain dagoen profila duela lauzpabost urte ia ez zen existitzen Hegoaldean. Baina, urteak pasatu ahala, Hegoaldean ere soslai hori badugu, geroz eta gehiago. Nire hipotesia da gero eta gazte gehiago iritsiko direla Saharaz hegoaldeko herrialdeetatik: Boli Kostakoak, Ghanakoak, Malikoak...». Txostenean ateratako ondorioek esku hartzea egokitzen lagunduko dutelakoan dago. «Gazteen profila aldatzen den heinean, esku hartzea ezberdina izango da. Beste ibilbide bat dute, beste hizkuntza bat, eta, beraz, prozesua ezberdina da, eta haien premiak ere bai». Mugaz gaindi eramandako lanak «hango eta hemengo» sistemak elkar elikatuko dituela espero du.

Ipar Euskal Herrira heltzen diren gazte gehienak Saharaz hegoaldeko lurraldeetatik datoz, txostenaren arabera. Horietako anitzek frantsesa menperatzen dute, eta Frantziako Estatura iristea dute helburu. Pirinio Atlantikoetako departamenduak hartzen ditu bere gain, Haurtzarorako Gizarte Laguntzaren bidez. Egitasmoak Biarno eta Ipar Euskal Herria biltzen dituenez, datuak departamendu osokoak dira. Iragan agorrilean, 450 gazte ziren instituzioaren ardurapean: horietarik 243 adingabeak ziren, eta 177, heldu gazteak. Izan ere, gazte horiek ere laguntzeko hautua egin du Pirinio Atlantikoetako departamenduak, Heldu gazte egitasmoaren bitartez. Adingabeentzako zentroetan izaten segitzen dute, eta gizarteratze prozesua luzatzen diete behar izanez gero.

Agintzariko Diazek esplikatu du «harrera egiteko bi eredu alderatu» nahi izan dituztela, gerora bata bestearen osagarri egiteko. «Ulertu nahi genuen Heldu gazte egitasmoa zer zen, eta hori ere izan da txostena egitera bultzatu gaituzten arrazoietako bat».

Adingabeen soslaia aztertzeaz gain, migratzeko arrazoiak zein izan diren ere ikertu dute txostenean. Chuecaren esanetan, «bizimodu hobe baten beharrak» bultzatzen ditu adingabeak Europara migratzera hain bidaia luze eta arriskutsuak eginda: «Hona iritsita, beren helburu nagusia izaten da lana lortzea, familiari laguntza bidaltzeko».Eduardo Diaz bat dator analisi horrekin: «Ikerketan gazteei galdetu diegu zergatik etorri ziren Europara. Argi dago haien helburua ikastea eta lan egitea dela. Oso gutxi dira arazo erlijiosoengatik, sexualengatik, eta oro har libertate arazoengatik ihes egin dutenak. Badira etortzeko faktoreak eta ihes egitekoak. Kasu honetan, gehienak etortzeko faktoreak dira».

Babes sistemak, tentsioan

Bakarrik dauden haur eta nerabeentzako babes sistemak Araba, Bizkai eta Gipuzkoan dituen ezaugarriak ondo ezagutzen ditu EAEko Arartekoko Haur eta Nerabeen Bulegoko zuzendari Elena Aiarzak; familiarik gabe dauden adingabe migratzaileei ematen zaien artaren nolakotasunei ere tentuz erreparatzen die bere jardunaren talaiatik. 2016. eta 2018. urteetako egoeraz mintzatu da: «Bolumen izugarrian iritsi ziren. Baliabide berriak ireki ahala, bete egiten ziren. Adibidez, Gipuzkoan propio atzerritarrentzako zentro bat ireki behar izan zuten, haiekin lan egiteko». Urte zailak izan ziren: «Oheak, oheak eta oheak zabaldu behar izan ziren. Eta nahiko lan izan zen eguneroko martxa atontzea. 'Nor zara zu?', galdetzea. 'Dutxa zaitez', esatea. 'Otordutarako hiru txanda daude', esplikatzea». Askotan arta «modu txarrean» eman zela aitortu du: «Urte haietan gainezka egon zen guztiz sistema, eta aldundiek ere aitortu behar izan zuten heltzen zitzaien dena ezin zutela kontrolatu. Adibidez, ez zegoen hezitzailerik».

«Ez zuen astirik eman antolatzeko», deitoratu du. Adingabeentzako babes sistema orokorrean eragin zuen: «Ezin izan zen hazi; dena erabili behar izan zen zentro berriak irekitzeko, gazteoi harrera egiteko». Arta horrek sortutako «tentsioak» eragin handia izan du urteotan. Areago: «Lehentasunak jarri behar dira lehentasunen gainean, eta ezin izan zaie eutsi eskatutako kalitate irizpideei. Ez adingabeentzako babes sistema bakarrik; hezkuntza sistema ere, adibidez, gainezka eginda ibili da, gazte horiei zer eskaini asmatu ezinik».

Nafarroan ere, «tentsio» puntu batera iritsi zen egoera. Gobernuak lau faseko programa bat onartu zuen 2019ko ekainean bakarrik ziren migratzaile adingabeak artatzeko. Lehen fasean, adingabeak hartzen dituzte Iruñeko zentro batean, eta hor egiten dute egoerari buruzko aurreneko balorazioa. Bigarrenean, beste harrera gune batera eramaten dituzte; iaz, bi zentro zabaldu zituen Nafarroako Gobernuak horretarako: bat Iturmendin, 25 pertsonarentzako tokia duena; eta beste bat Martzillan, 40 gazte har ditzakeena. Hirugarren fasean, gobernuaren babespeko etxebizitzetan bizi dira gazteak; laugarren faseari, azkenik, «autonomiarako fasea» esaten diote, helburua baita «gazteei laguntzea, beren kabuz etxebizitzaren arloko beharrei aurre egin diezaieten». Programa hori, baina, beste egoera baterako pentsatua zegoen: gobernuak indarrean jarri zuenean, nabarmen hazia zen herrialdera ailegatutako gazteen kopurua —ia 300 erregistratu zituzten 2019ko apirilean—.

Hegoaldean nola, Ipar Euskal Herrian ere departamenduak leku gehiagoren beharra sumatu zuen 2018tik aitzina. Dei berezi bat egin zien tokiko gizarte langintzako elkarteei migratzaile adingabe bakartuentzako toki bereziak emendatzeko. Aurten Iparraldeko bi proiektuk izan dute lekuak areagotzeko aukera: Haurtzarotik Helduarorainoko Babesak eta Don Bosco institutuak. Ipar Euskal Herri osoan etxebizitza gehiago dauzkate orain, eta guztira 300 leku ireki dituzte: 130 beren burua adingabetzat dutenenentzat baina ebaluazioa egiteko zain direnentzat, eta 170 adingabe gisa ezagutu dituztenentzat.

18 urtetik aitzina, zer?

Hemezortzi urte betetzen dituztenean, adingabeentzako eraikiak diren programetatik at gelditzen dira lagun asko. Orain, COVID-19aren zurrunbilo betean, igaro urteotan heldutako gazte ugari adin nagusitasunera heltzeko bidean daude. 18 urte betetzen dituztenean, baina, harresi baten kontra talka egiten dute migratzaile gazte askok. «Gehienen helburua da lan merkatuan sartzea, baina, hemen lan egiteko eta bizitzeko, paperak behar dituzte ezinbestean. Paper horiek lortzeko tramiteak bizkorrak izan daitezke, gazteek beren jaioterriko pasaportea baldin badute. Gainontzean, mantsoa eta korapilatsua izaten da prozesua, kontsulatuekin gestio asko egin behar direlako», esan du Nafarroako Gobernuko arduradunak.

Ikasketa mailaren ziurtagiria lortzea ere erronka latza izaten da askorentzat. Nafarroara iristen diren etorkin adingabe gehienek eginak dituzte oinarrizko ikasketak, baina horiek homologatzea oso bestelako kontua da. Gaztelania menperatu beharra da oztopo handienetako bat: «Gehienen gaztelania maila hutsaren hurrengoa da, eta horrek zaildu egiten du formakuntza prozesu arautu bati heltzea», azaldu du Chuecak. Nafarroako Enplegu Zerbitzuak ikastaroak eskaintzen ditu horretarako propio. Horiek gaindituta, gazteek aukera dute formakuntza arautua edo profesionaltasun ziurtagiriak jasotzeko, enplegu planetan sartzeko edota eskola tailerretan izena emateko.

Chuecarekin bat egin du Aiarzak: «Orain, arazo nagusia emantzipazioa da; gizarteratzeko sistemen esku geratzen dira askotan, eta sistema horiekin jostura nola egin: hori da orain erronka nagusia». Berebiziko garrantzia du: «Izan ere, 18 urterekin autonomoa izateko gaitasuna oso mugatua da. Normalean familiek ematen duten babesa ez da mugatzen gazteek 18 urte betetzen dituztenean; harago doa. Gazteok, berriz, 18 urte bete orduko lanean hastera kondenatzen ditugu; zer, eta bere buruaren jabe izateko moduko lan bat izatera, gainera». Lanerako eta etxebizitza lortzeko zailtasunak aintzat hartuta, ezinezkoa dela ohartarazi du Aiarzak.

Xede hori kontuan hartuta, aldundiek gazte horiei laguntzeko baliabideak badituztela esan du, baina «nahiko ezberdinak» dira erakunde batetik bestera. Oro har, 18-23 urteko gazteentzat dira, adin horretan has daitezkeelako diru sarrerak bermatzeko errenta eskatzen. Aiarzak onartu du hori bera ez dela bidezkoa: «Haiek askotan esaten dute ez dutela nahi laguntza gisara jasotako inolako errentarik: haiek lan egin nahi dute, edo lan hobe bat lortzeko trebakuntza lortu nahi dute». Askotan, ordea, Atzerritarren Legeak guztiz baldintzatuta, lanik gabe, lanik egin ezinik, gurpil zoro batean gaztigatuta egoten dira. «Erantzuna ahula da», aitortu du Aiarzak. Premia, berriz, gero eta gorriagoa. «Lehen adingabeei arta emateko zentroetan zegoen tentsioa orain bazterkerian dauden pertsonei laguntzeko sistemetara iristen ari da; eta gizarte sistemen sarean zerbitzu hori izan da beti ahulena».

Ipar Euskal Herriaren kasuan, Departamenduko Haurtzarorako Gizarte Laguntzak erabakitzen du 18 urtetik aurrerakoak babesten segitu ala ez. Heldu gazte programan sartzeko, harrera egin dien egiturarekin batera hartzen dute erabakia, gaztearen «beharren» arabera. Baimena lortzen dutenean, egitura berean segitzen dute, gehienez 21 urte bete arte. Baina, babes hori agortzen denean, Hego Euskal Herrian bezala, lan egin nahi baina ezinaren gurpil zoroan harrapatuta gelditzen dira.

Egoera administratiboa erregularizatzeko, Baionako suprefeturan egin behar dute eskaera gazteek. Adingabetzat joak izan diren gehienek ikasketa baimena lortzen dute, eta, horren bidez, lan egin dezakete, formakuntzaren parte delako. Baina epe mugatuko agiriak dira. «Adingabeek ongi asko dakite paperak lortzeko lana atzeman behar dutela, eta anitz lanbide heziketan hasten dira iritsi, hizkuntza ikasi eta berehala», baieztatu du Diazek.

Emaitza bertsuak atera dituzte Euskal Herriko administrazioek: formakuntza profesionalean jardun nahi dute gazteek, iritsi eta ahal bezain fite hasteko lanean, baina gehienek ez dute ikasketarik egin sorterrian. Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan elkarrizketatu dituzten nerabe gehienak bigarren mailako ikasketetara iritsi dira; Ipar Euskal Herrikoak, berriz, ez dira iristen ikasketa maila horretara. «Jatorri ezberdinak esplika dezake diferentzia», Diazen arabera.

Txosteneko emaitzek argi uzten dute, beraz: ikastera eta lan egitera etortzen dira etorkin adingabeak. Aurreiritzi mesfidati eta arrazistei aurre egin behar izaten diete anitzetan, baina datuek balio dute uste horiek baliogabetzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.