Eusko Legebiltzarreko inbestidura saioa. Bi lehendakarigaiak

Lehendakari, gehiengo osoz

Eusko Legebiltzarrak Iñigo Urkullu izendatu du lehendakari hirugarrenez: ekonomia suspertzea eta osasun sistema indartzea ezarri ditu lehentasun. Iriartek «gobernantza modu berri bat» proposatu du

Norabide politikoa aldatzeko «trantsizioa» proposatu du EH Bilduko hautagaiak. RAUL BOGAJO / FOKU.
Edurne Begiristain.
Gasteiz
2020ko irailaren 4a
00:00
Entzun
Ezusterik ez da egon, eta Eusko Legebiltzarrak Iñigo Urkullu izendatu du Eusko Jaurlaritzako lehendakari EAJko eta PSE-EEko legebiltzarkideen babesarekin. Gehiengo osoz hautatu dute, lehen bozketan. Jeltzaleen eta sozialisten akordioari esker, gobernabidea bermatuta izango du Urkulluk bere hirugarren agintaldian.

Lehendakari izendatzeko ez ezik, bi proiektu politiko alderatzeko parada ere eskaini du legebiltzarreko inbestidura saioak. EH Bilduk Maddalen Iriarte lehendakarigai aurkeztu izanak aukera eman du horretarako. Koronabirusak goitik behera baldintzatu ditu Urkulluren eta Iriarteren hitzaldiak, eta biak ala biak luze mintzatu dira krisiaren ondorio ekonomikoei eta sozialei aurre egiteko neurriez. Arlo horretan, Urkullu eta Iriarte bat etorri dira gogoeta batean: krisialdiak «premiazko» erantzunak behar ditu, eta eragile guztien arteko elkarlana ezinbestekoa da horiek martxan jartzeko. Enpleguaren eta zerbitzu publikoen defentsa egin dute bi hautagaiek, eta egoera berriaren erronkei heltzeko funtsezkotzat jo dute «trantsizio» bat abiatzea. Baina, asmo orokorretatik harago, edukietan eta helburuetan ikuspuntu desberdinak azaleratu dituzte. Trantsizio «sanitario, soziala, teknologikoa eta ekologikoaz» mintzatu da Urkullu, eta Iriarte, berriz, politika egiteko «modu berri bat» bermatuko duen trantsizioaz aritu da. Arlo sozialean ere agerian utzi dituzte euren ezberdintasunak, eta baita autogobernu alorrean ere.

Ekonomia suspertzea, enplegua berreskuratzea eta osasun sistema indartzea. Horiek izango dira Urkulluk gidatuko duen gobernu berriaren lehentasunak, goizeko diskurtsoan aurreratu duenez. EAJk eta PSEk hitzartutako gobernu akordioaren ardatzak azaltzeko baliatu du bere mintzaldia, eta, hain justu ere, une horretan bertan ezagutarazi dute bi alderdiek dokumentua.

Urkulluk aitortu du ez duela etorkizun samurra aurreikusten; areago, onartu du hilabete eta urte «oso zailak» datozela, eta konpromisoa hartu du aro berri honetan «errealismoaz» eta «erantzukizunez» jarduteko. Osasungintza, enplegua eta gizarte kohesioa helburu hartuta erantzun nahi die izurriak sortutako krisiari, eta betiere «adostasuna eta elkarlana» sustatuta. Adierazi du lankidetza nahi duela alderdiekin, erakundeekin, arlo «publiko-pribatuarekin» eta baita Espainiako Gobernuarekin ere.

Krisi ekonomikotik irteteko neurriek bete dute Urkulluren hitzaldiaren zatirik handiena, eta, besteak beste, iragarri du oinarrizko zerbitzu publikoetan «zero murrizketa» egingo dituela eta osasun publikoa indartu egingo duela, lau mila langile berri kontratatuta. Izurriaren eraginez egoera zailenean bizi direnak babeste aldera, berriz, diru sarrerak bermatzeko errentaren lege berria iragarri du eta baita kontziliazioan aurrera egiteko urratsak ere. Helburu behinena, hala ere, enplegua sortzea izango da eta langabezia tasa %10etik jaistea.

Hezkuntzako sindikatuek grebara deituko dutela iragarri duten goiz berean, ikasturte hasieraahotan izan du Urkulluk eta ideia bat azpimarratu du: aurrez aurreko eskolak lehentasunezkoak dira. Birusari aurre egiteko urratsak hiru direla azaldu du: arriskuak aurreikustea, hezkuntza komunitatearekin koordinatzea, eta egoerara moldatzea. Aurrera begira, berriz, Euskal Hezkuntza legea onartzeko asmoa duela adierazi du, sistema berritzeko, eta «hizkuntza aniztasuna eta aukeren berdintasuna» bermatzeko.

Bestalde, hurrengo legealdian Gernikako Estatutua osorik betetzea izango da gobernu berriaren lehen erronka, Urkulluk nabarmendu duenez. Eusko Legebiltzarrak orain arte egindako lanak abiapuntu hartuta eta «aldebikotasunean» oinarrituta, legealdi honetan estatutu itun berri bat lortzeko «oinarri sendoa» dagoela uste du. Autogobernu «handiagoa eta hobea» nahi du Urkulluk, kontuan hartuta euskal gizartea «plurala» dela eta, beraz, autogobernua «paktuak» egitea dela.

«Nazio errealitatea» aitortuko duen eta autogobernuaren berezitasunak jasoko dituen estatutu itun berri bat adosteko aukera ikusten du Urkulluk, haren bitartez Espainiarekin aldebiko harremana sendotu ahal izateko. Eusko Legebiltzarrean akordio hori lortze aldera, lau gogoeta jarri ditu mahai gainean: legebiltzarrak adostutakoa errespetatuko dela bermatzea, eskubide historikoen eguneraketa jasotzea, EAEren eta estatuaren arteko harremanak «leialtasunez eta lankidetzaz» lantzea, eta Europarekiko harremanak sendotzea.

«Neurriak hartzeko ordua»

Iriartek, berriz, burujabetzaren eta independentziaren aldeko apustuari eutsi dio, gogora ekarrita legebiltzarreko %77k gutxienez erabakitzeko eskubidearen alde egiten duela. «Ezin diogu nazio eztabaidari heldu herri hau nola eraiki nahi dugun planteatu gabe, eta ezin dugu eskubide sozialez hitz egin erabakitzeko gaitasunik ez dugula onartu gabe». EH Bilduko hautagaiak azpimarratu du legealdi honetan legebiltzarrak eta Jaurlaritzak erantzun bat eman behar diola auzi horri. «Berdinetik berdinerako harremana behar dugu, berme guztiak izango dituen harreman konfederala, Espainiako gobernuak aldebakarrez urratu ezingo duena».

Autogobernu lantaldean lortutako akordioari eutsi eta legealdiaren erdialderako proposamen bat izatea eskatu du, gero herritarren artean kontsulta egiteko. Bide hori jorratzeko, eskua luzatu dio gobernuari zein oposizioari, baina ez «alferrikako luzapenetan ibiltzeko».

Koronabirusaren krisiaz ere luze eta zabal mintzatu da Iriarte. Bere hitzaldia hasi du ohartaraziz «neurriak hartzeko garaia» dela krisi sanitario, ekonomiko eta «psikosozialari» aurre egiteko eta «herri gisara» datozen urteetan egin beharreko aldaketa estrategikoak eztabaidatzeko.Iriarteren ustez, koronabirusak agerian utzi du beharrezkoa dela «gobernantza modu berri bat», eta «elkarlanetik eta kooperaziotik» bakarrik lortuko dela hori.

Horretarako «trantsizio bat» proposatu du EH Bilduko hautagaiak, feminismoa, ekologia, gizarte aurrerapena eta zerbitzu publikoak ardatz izango dituena eta «norabide politikoa aldatzea» ekarriko duena. Halaber, herri akordioak aldarrikatu ditu,eta etorkizuna erabakitzeko tresna guztiak izatea eskatu du.

Hezkuntza ere hizpide izan du Iriartek, salatzeko gobernuak «modu zabar eta traketsean» kudeatu duen arloa izan dela.«Aukera bat galdu da gauzak beste modu batez egiteko». Etorkizunari begira, hezkuntza sistema publiko burujabe baten alde egin du, eta Euskal Hezkuntza Lege berri bat onartzea lehentasunen artean jarri du.

Ohartarazi du, halaber, koronabirusak osasun sistemaren «ahuldade eta indarguneak» agerian utzi dituela. Osasun gastua handitzearekin batera, Iriartek eskatu du Osakidetzaren prekarizazioa premiaz jaistea eta, besteak beste, lehen arretan 300 langile gehiago kontratatzea. Era berean, izurriaren kolpe gogorrena jaso duten gizartearen sektore zaurgarrienei babesa emateko, diru sarrerak bermatzeko errentaren legea aldatzea proposatu du.

Ekonomia eta enplegua ere ezarri ditu lehentasunen artean, eta «kalitatezko enpleguaren aldeko herri itun bat» bultzatzeko konpromiso hartu du, eta proposatu du 1.200 eurokoa izateko gutxieneko soldata, eta 35 ordukoa izatea lan astea. Fiskalitatean ere egin ditu proposamenak: zerga politika «justuagoa» proposatu du, eta konpromisoa hartu du COVID tasa izeneko bat sortzeko diru gehien dutenentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.