Positibo bat. Norbaitek positibo eman du SARS-CoV-2 birusa atzemateko proban. Azken egunetan harekin harreman estua izan dutenak ere kutsatuta dauden jakiteko garaia da. Kutsatuei galdetu behar zaie. Haiekin harreman estua izan dutenei telefonoz deitu. Kutsatu batekin harremana izan dutela jakinarazi. Bi astean bakartzeko esan. PCR testa egin. Bilakaera zein den ikusi. Kutsatuen eta haiekin harreman estua izan dutenen arrastoari segitzeko aztarnari taldeen lana da.
COVID-19aren lehen olatua mendi bihurtu aurretik, bazeuden kutsatuen arrastoari jarraitzeko baliabideak eta taldeak Euskal Herrian. Ez handiak. Baina olatuak aurretik hartuta eraman zituen. Baldintza horietan, ez zioten jarraitu kutsatuen arrastoari. «Lehen kasuak agertu zirenean, Osasun Publikoa hasi zen kutsatuen kontaktuei jarraitzen», azaldu du Oscar Lezeak. «Baina, oso azkar, kutsatzea komunitario bihurtu zen, eta ezin izan zen segitu jarraipena egiten». Nafarroako aztarnarien taldeko koordinatzaileetako bat da Lezea.
Izurritean positibo emandakoen arrastoari jarraitzeko beste zailtasun bat nabarmendu du Ignacio Garitanok: «Arrastoari jarraitzea osasun publikoko departamenduen eta epidemiologoen esku egon da, eta, historikoki, baliabide gutxiko taldeak izan dira, txikiak, mendebalde guztian. Mundu guztiak zekien gauza batzuk egin behar zirela, baina ezin zen. Olatuak baliabideak gainditu zituen».
Lanbidez Gasteizko Txagorritxuko ospitaleko ginekologoa da Garitano. Prestakuntzaz, epidemiologoa. Apirilaren 20tik bera da Eusko Jaurlaritzaren deskonfinamendu faserako zaintza eta kontrol planaren koordinatzailea. Jaurlaritzak lehendik prestatua zuen plana, eta Garitanori egokitu zaio abian jartzea.
COVID-19aren lehen olatua igarota, bai Eusko Jaurlaritzak, bai Nafarroako Gobernuak, kutsatuak azkar atzemateko eta haien kontaktuen jarraipena egiteko planak ezarri dituzte. Aztarnari taldeak barne.
Antzeko ezaugarriak daude bi erakundeen estrategian: biek inplikatu dute osasun sistema guztia kasu berrien jarraipenean; biek jarri dute indarra lehen arretan; biek sortu dituzte aztarnarien talde bereziak; biek erizainetan oinarritu dituzte talde horiek; biek sortu dituzte kopuru nahiko apaleko taldeak, 36koa Eusko Jaurlaritzak eta 23koa Nafarroako Gobernuak; eta biek aurreikusi dute talde horiek handitzea.
Lehenbailehen kasuak atzematea eta kutsatzeen katea etetea da helburua. Horretarako, ezinbestekoa da herritarren «erreakzio gaitasuna», Garitanoren hitzetan. Sintomarik txikiena duten momentuan, osasun zerbitzuekin harremanetan jartzea, lehen arretako medikuak jakin dezan. «Ez bakarrik kutsatua atzemateko», osatu du Lezeak, «baizik eta kutsatzen jarraitzea eragozteko». Sukarra, eztul lehorra, arnasa hartzeko zailtasuna, usaimena galtzea, ondoeza, beherakoa, ahultasuna dira COVID-19aren sintometako batzuk.
PCRak, eskura
Hurrengo urratsa PCR proba egitea da, sintomak dituen herritarra ea kutsatuta dagoen jakiteko. «Jendeak jakin behar du egoera asko aldatu dela», nabarmendu du Garitanok. «Lehen ez geneukan gaitasunik beharrezko proba horiek guztiak egiteko, baina orain, PCR proba eskatuz gero, berehala egiten da, eta emaitza 24 orduren buruan jasotzen da. Orain, 10.000-12.000 PCR proba egin ditzakegu egunero».
Positibo emanez gero, aztarnarien garaia da. Galdetzen diete norekin izan duten harreman estua aurreko bi egunetan. Harreman estua? Hamabost minutuko harremana, bi metro baino gutxiagora. Aurreko bi egunetan, «sintomak eduki edo gaixotu baino bi egun lehenago kutsatu baitezake», zehaztu du Garitanok. «Bi egun horiek baino lehenago ez».
Kutsatuaren harreman estuen zerrenda osatzen dute, eta banan-banan deitzen diete, kutsatu batekin harreman estua izan dutela jakinarazteko, horrek dakarren guztiarekin: hamalau egunez bakartzeko eskatzen diete, eta, bakartuz gero, bi PCR proba egiten dizkiete. Osakidetzaren kasuan, bata hasieran, eta bestea handik astebetera; Osasunbidean, bata hasieran, eta bestea hamalaugarren egunean. Jakina, harreman estu horietakoren baten probaren emaitza positiboa izango balitz, azaldutako prozesu guztia egingo lukete harekin eta harekin egondakoekin ere.
PCR proba egiten diete baita sintomarik ez badaukate ere. SARS-CoV-2 birusaren inkubazio epea hamalau egun artekoa izan daiteke, eta epe horretan bakartzen dituzte, ea sintomarik garatzen duten ikusteko: horrela, sintomarik gabeak edo lehen sintomak dituztenak aurki ditzakete.
Bakartuta dauden bi asteetan haien jarraipen estua egiten dute osasun zerbitzuek. Sintomarik duten galdetzen diete. Baldin badute, eskura dituzte deitu beharreko telefono zenbakiak, lehenbailehen PCR proba bat egin ahal izateko. Nafarroan, gobernuaren CoronaTest aplikazioa erabiltzeko gomendatzen diete, aplikazioak kutsatuen jarraipenerako atal bat baitu, eta erabiltzaileei egunero gogoratzen baitie zenbait neurri hartzeko: tenperatura neurtu...
«Berritasuna» izango litzateke, Garitanok nabarmendu duenez, «lehen arretak ardura izango duela zaintza epidemiologikoan». Nafarroako kasuan ere, garrantzia hartu du lehen arretaren zaintza lanak. Hala ere, osasun sistema eta zerbitzu guztiak inplikatu dituzte zaintza lanean.
Beste herrialde batzuetako aztarnarien kopuruak ikusita, atentzioa ematen du Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuen taldeen txikitasunak. Egia da talde horiek epidemiologoen eta medikuen babesa eta laguntza dutela. Alemanian, positiboen jarraipenean eredugarri izan den herrialde batean, 20.000 biztanleko bost aztarnari izatea da helburua. Proportzio horretan, Hego Euskal Herrian 700dik gora beharko lirateke.
Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak kopuruak handitzeko asmoa dute. Eusko Jaurlaritzaren kasuan, 36 aztarnari horiek —erizain kudeatzaile deitzen diete— hasiak dira lehen arretako 150 erizain gehiago prestatzen. «Aste gutxi barru» egongo dira prest. Orduan, oinarrizko 36 aztarnari horiek osasun zentroetako jarraipena koordinatzeaz arduratuko dira, eta bakoitzak hiru edo lau osasun zentroren ardura izango du.
Aurrekoa «egoera baikor» baterako plana izango litzateke, Garitanok zehaztu duenez. Jaurlaritzaren planak egoera ez hain baikorrak ere aurreikusten baititu. «Kasu horretan», jarraitu du, «denbora gutxian 150ak bikoiztu edo hirukoiztu egin daitezke».
Ikasleak eta beteranoak
Dozenaka berri horietan egongo lirateke erizaintza eta medikuntza ikasleak eta 60 urtetik gorako mediku eta erizainak ere. 60 urtetik gorakoen kasuan, Garitanoren iritziz, «pandemiaren hurrengo olatu batean agian ez lukete aurrez aurre lan egin beharko, baina era horretako lan bat egin dezakete». Nafarroan orain ari dira aztertzen, 23 aztarnari horiez gain, langile gehiago kontratatzeko eta prestatzeko modua.
Asmoa da osasun zerbitzuetako langileak edo osasunari arloko prestakuntza dutenak izatea; baina ez Lezeak, ez Garitanok, ez dute baztertu, muturreko egoera batean, osasun sistemako administrazioko langileekin ere osatzea.
Garrantzitsua da osasun gaiei eta izurriteari buruzko oinarrizko ezagutza edukitzea, baina baita komunikatzeko gaitasuna izatea ere. «Horregatik», Lezearen esanetan, «telefono bidezko komunikazio teknikak ere irakatsi dizkiegu».
Egoera gordinak kudeatu behar baitituzte: «Norbaiti deitu eta esan behar diozu, bera ondo sentitzen baldin bada ere, bi astean etxean geratu behar duela. Agian oraintxe hasi berri da lanean. Agian arazoak ditu etxeko martxa antolatzeko. Oso garrantzitsua da deitzen duenak komunikatzeko gaitasuna izatea».
Kutsatuen kopuru txikiagoarekin jarri dituzte abian kutsatuen arrastoari jarraitzeko taldeak eta sarea. Lezeak uste du hori ondo datorkiela, guztia prestatzeko eta doitzeko: «Orain, erraz samarra den garaian, ahalik eta gehien doitu behar dugu sistema».
Egungo egoerak, baina, paradoxa bat eta arrisku bat ere baditu: kutsaturik gabe, kasurik gabe geratzea. Badaezpada, halako egoera batean ariketak eta simulakroak egitea aurreikusi dute, «inork trebetasuna ez galtzeko», Garitanoren arabera.
Joan-etorrien arriskua
Hala ere, barealdiaren aurrean, ohartarazpen bat egin du: «Hau ezin da inolaz ere aurreikusi. Bihar bertan kutsatutakoen autobus bat irits daiteke nonbaitera, eta egun gutxi barru aurreko egoeraren parekoa eduki dezakezu». Izan ere, joan-etorriak errazteak kutsatu gehiago izateko arriskua handitzen du, eta, era berean, positibo ematen dutenen jarraipena zaildu, harreman kopurua handitu egiten delako eta kasu batzuetan harreman horiek ezezagunekin izaten direlako.
Kutsatzeak esponentzialki hazi daitezke, eta arrastoa jarraitzeko sistemaren lana ere bai. Baten batek positibo emanez gero, jende gehiagorekin jarri behar da harremanetan, jende gehiago bakartu behar da, eta jende gehiagoren jarraipena egin behar da. «Erabateko mugimendu askatasunarekin, bederatzi edo hamar izan daitezke kasu bakoitzeko», ohartarazi du Garitanok. Ekuazioa erraza eta kezkatzeko modukoa da: ehunka kutsaturekin, milaka pertsonaren jarraipena egin behar da.
Jarraipen lanean laguntzeko, OME Osasunaren Mundu Erakundearen GoData programa—datu basea— baliatzen ari dira Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailean. Edozein izurrite kudeatzeko tresna da, baina bertako egoerara eta informazio premietara egokitu dute. Informazioa zentralizatzen eta jarraipen lanaren plangintza egiten laguntzen du. Bereziki baliagarria da kasu asko pilatzen direnean eta jende askoren jarraipena egin behar denean. Nafarroako Gobernuak bere sistema propioa egokitu du.
Bigarren olatu batek berriro azpian harrapatuko al lituzke osasun sistemak? Positiboen arrastoa jarraitzeko sistemek funtzionatuko lukete? Aztarnariek lagunduko lukete, baina baita «diagnostiko sistema indartsu batek» ere, Garitanoren esanetan: PCRak lehen 24 orduetan , lehen arreta sendoa... «Aztarnarien sistema indarrean jartzearen helburuetako bat da kasu kopuru horretara ez iristea, kutsatzeen katea etetea», azaldu du. «Kasuak oraingo moduan jarraituta eta kontrolatuta, asko irabazi dugu aurretik gertatu dena ez errepikatzeko».
Koronabirusa. Estrategiak
Kutsatuen arrastoan
Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak berriro abiatu dituzte COVID-19ak kutsatuak azkar atzemateko eta kutsatuekin harremana izan dutenen jarraipena egiteko sistemak eta taldeak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu