Koronabirusa

Sendoago jendez, estuago diruz

Hedabideen diagnostikoa egin du Hekimenek: diru mozketa handiak izan dira, audientziak igo arren

Sendoago jendez, estuago diruz.
Garikoitz Goikoetxea.
2020ko ekainaren 11
00:00
Entzun
Euskarazko komunikabideen azken urteetako joera areagotu egin da koronabirusaren krisiarekin. Bi aldeko txanpona da. Alde batean, jendea: inoiz baino euskaldun gehiagorengana iritsi dira asteotan euskal hedabideak, batez ere sarean. Bestetik, ordea, egoera ekonomikoa: publizitatea nabarmen gutxitu da, ekonomiaren geldialdiarekin batera, eta diru sarreren zutabe bat itxi zaie hedabideei. Datozen hilabeteetarako aurreikuspenak ez dira hobeak: murrizketa espero dute hedabide gehienek. Sektorearen diagnostikoa egin du Hekimen herri ekimeneko hedabideen elkarteak, eta kezka azaldu du, sendotu gabeko sektorea izanda gogor jo baitezake krisiak. Hedabideak babesteko eskatu du, hortaz: «Jarrai dezagun elkarrekin bidea egiten».

Euskarazko hedabide gehienek jardunean segitu dute koronabirusaren krisiarekin, baita alarma egoera ezarri osteko geldialdian ere: oinarrizko zerbitzutzat jo zituzten. Ez da egoera erraza, ordea: etxetik aritu dira langileak jardunean —oraindik ere bai asko—, familia eta lana uztartzeko zailtasun handiekin, koronabirusaren krisiak ekarritako informazio oldeari erantzun ezinik... Hekimen elkarteak jasotako datuen arabera, produkzioari eutsi egin diote hedabideek, baldintza zail horietan arituta ere: papereko euskarrietan izan da jaitsiera —aldizkari batzuk, adibidez, ez zituzten argitaratu aste batzuetan—, baina Interneten kasuan nabarmena da ekoizpenean egindako gorakada. Bost hedabidetik hiruk areagotu dute sareko jarduna, eta salbuespenekoa da ekoizpena jaitsi izana.

Audientzietan nabarmena da emaitza: sekula baino euskaldun gehiagok jo dute euskarazko hedabideetara. Hekimeneko komunikabideen audientziak metatuta, aurreko urteetako datuetatik oso gora daude aurtengoak: martxoan, adibidez, 1,4 milioi erabiltzaile, 4,3 milioi saio eta ikusitako 9,5 milioi orrialde. Iazko martxoarekin konparatuta, milioi erdi erabiltzaile gehiago dira, %59ko igoera; eta, proportzioan, handiagoa da saioen eta ikusitako orrialdeen igoera, interesaren erakusle.

Jardunari nola eutsi

Apirilean eta maiatzean ez dira iritsi martxoko datuen heinera, baina aurreko hilabeteetako audientzietatik oso gora daude orain ere. Kontuan hartu behar da osasun krisiarekin areagotu egin dela informazio gosea, herritarrek inoiz baino gehiago jo dutela hedabideetara, eta ezohiko datuak direla. Euskarazko hedabideentzat aukera da, euskaldun gehiagorengana iristeko aukera. Hori uste du Hekimenek: «Oso zaila izango da erabiltzaile kopuru horri eustea, ezinezkoa, baina argi dago euskarazko komunikabideak erreferentzia ukaezina direla gero eta herritar gehiagorentzat».

Kontua da nola eutsi hedabideen jardunari. Hiru zutabe nagusi dituzte euskal hedabideek: publizitatea, irakurleen edo ikus-entzuleen diru ekarpenak eta babes publikoa. Hirurek eragiten dute kezka orain. Publizitatean galera handia nozitu dute komunikabideek asteotan: jardun ekonomikoa etenda, saltokiak itxita, ekitaldi publikorik gabe, iragarkien kopurua nabarmen gutxitu zaie. Argigarriak dira Hekimenen datuak: hamar hedabidetik zazpik azaldu dute %40 baino gehiagoko murrizketa izan dutela publizitatean —ia hirutik batek galdu du publizitatearen %80tik gora—. Eta iragarpenak ez dira hobeak: hirutik bik uste dute publizitatearen %40 galduko dutela datozen hilabeteetan, egoera zein den ikusita. Publizitate instituzionalaz ohartarazi du Hekimenek: herrialde batzuetan areagotu egin dutela instituzioen publizitatea, hedabideen egoera zaila ikusita, eta Euskal Herrian ere behar direla horrelako neurriak, euskarazko hedabideak bereziki aintzat hartuta, haien «izaera estrategikoa eta funtzio soziala» zein den ikusirik.

Gainerako bi zutabeek, herritarrenak eta erakundeenak, hobeto eutsi diote orain arte. Harpidetzei dagokienez, bost hedabidetik batek azaldu du harpidedunak galdu dituela, eta kasu gehienetan %20tik beherakoa da jaitsiera. Bi arrazoi daude horren oinarrian: harpidetza kanpainarik ez dutela egin hilabeteotan, eta ezohiko bajak izan direla —adibidez, taberna eta eskola batzuek, itxita egon direnez, utzi egin dute harpidetza—. Zer gertatuko den aurrerantzean, lautik batek agertu du harpidedunak galtzeko beldurra. Bilakaera ekonomikoaren araberakoa ere izango da jaitsiera hori. «Baina unerik zailenetan geure komunitateak ez digu huts egiten».

Babes publikoa da hirugarren hanka. Diru laguntzetan oraingoz ez dute murrizketa esanguratsurik nabaritu hedabideek, baina nabarmena da kezka: erdiek baino gehiagok uste dute laguntzak murriztuko dizkietela datozen hilabeteetan. Gogoan izatekoa da hedabideak babesteko sisteman aurrerapauso handia eman zutela iazko martxoan hedabideek eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erakunde nagusiek —Eusko Jaurlaritzak eta hiru aldundiek—: ezarri zuten hedabideen kostuaren zati bat estaliko zutela laguntzek, eta 2021 arteko kopuruak adostu zituzten. «Testuinguru berezi honetan, berebiziko garrantzia hartuko du erakundeek sektorearekin adostutako diru laguntzen sistemari eusteak», ohartarazi du Hekimenek. Urteotako bidean segitu nahi dute, lankidetza ardatz, hedabideen arloan izaten ari diren aldaketa handiei erantzuteko. «Aurreko krisi ekonomikoaren ondorioak gainditu gabe oraindik, eta sektoreak orokorrean bizi duen krisiaren erdian, herri ekimeneko euskal hedabide askorentzat hil ala bizikoa da izango da erakundeen konpromisoa».

Aurreko krisiak egoera makurra utzi zuen sektorean, eta orain kezka dago: lantaldeekin zer gertatuko den, bost hedabidetik bik esan dute ez dutela garbi ikusten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.