Koronabirusa. Heriotza

«Bakarrik pertsona bakar bat ere hiltzea ez genuke onartu behar»

Birusa kontrolatzeko hartuta dauden neurri zorrotzek baldintzatu egin dituzte heriotzak ere; agur egokia ematea zaildu dute. Hainbat profesionalek egonezina azaldu dute

Pertsona bat, maskara batekin babestuta, autobus batean. JUANJO MARTIN / EFE.
arantxa iraola
2020ko apirilaren 4a
00:00
Entzun
«Ukitzea, gertutasuna, besarkadak, baita musuak ere. Ohikoak dira horiek guztiak gure jardunean. Orain, ordea, eskularruek, maskarek eta babes sistemek ordezkatu dituzte». Espainian zaintza aringarrietan diharduten medikuen eta erizainen elkarte Secpalen eta Aecpalen batutako profesionalek asteon plazaratu duten agiri bateratutik hartutako pasarteetako bat. Testuan «kezka» azaldu dute COVID-19 eritasuna hesitze aldera ezarri diren neurriek eta, bereziki, gaixoen bakartzeak heriotzaren aurreko egun eta orduetan dakarten zaintza motarengatik: gabeziengatik. «Larritzeko» moduko egoeren berri izan dutela adierazi dute, eta hortik aldarria: «Bakarrik pertsona bakar bat ere hiltzea ez genuke onartu behar». Secpal elkarteko kidea da Alberto Melendez, eta zaintza aringarrietako medikua Osakidetzan, Araban. Azaldu du zaintza aringarrietan hobera egiteko igaro urteotan egin diren urratsak «bazter utzita» ikusi dituztela asteotan eta horrek eraman dituela agiri hau plazaratzera: hor daudela gogoratzeko nahiak. «Izan ere, jendeak, gainera, sentitzen du egoera honetan kexatzerik ez duela: 'Nola ba? Hau dena gertatzen ari da, eta, gainera, nire gertuko pertsona bat ondoan izatea eskatuko dut? Ez gaude luxuak izateko'».

Zinetan zaila da egoera. Murriztuta daude erietxetarako bisitak; zahar etxeetakoak, debekatuta. Bakartze neurriek, halaber, herritar guztien bizitza baldintzatu dute: zorrotz. Eri daudenena, eta gainerakoena.Hala ere, giro horretan ere, gaixoen arta eta heriotzako unea hobetzeko moduak badirela uste dute zaintza aringarrietako profesionalek, eta, hain justu, hainbat gida ondu dituzte propio koronabirusak ekarri duen atakara bideratuta. «Izan ere, gaitz honek eragiten dituen zalantzen eta beldurren ondorioz,ezinbestekotzat hartu behar dira hainbat neurri; baina kezkagarria da ikustea nola zapaldu den heriotza duina, lagundua eta atsegina izateko eskubidea, barkamenik ere eskatu gabe. Nolabait ere, aditzera eman da, garai onetan egin daitekeen zerbait dela, ongi geratzeko zerbait, baina ez dela hain garrantzitsua». Horrek arloko hainbat profesional mindu dituela adierazi du Melendezek.

Igaro urteotan heriotzako unea hobetze aldera egin diren urratsen norabide egokia aintzat hartuta, epidemia honek ekarri dituen atzerapausoak, hainbat bat-batekoak, gainera, arrunt mingarriak direla onartu du bioetika gaietako aditu eta EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Medikuntza Fakultateko irakasle Mabel Marijuanek ere. «Jendea ukitu nahi duzula, eta ezin; hitz egin nahi duzula, eta urrundik egin behar... Unibertsoaren broma bat dirudi: 'Ongi egin nahi zenuten, baina gauzak okertu egin daitezke'». Profesionalengan konfiantza du, hala ere: «Ziur naiz humanitatez ari direla». Igaro urteotan egindako lan mardularen zuztarretatik ahalegin onak loratuko direla uste du. «Hainbeste buelta eman dizkiogu gai horri; ezin da den-dena erori. Baina eragozpenak egongo dira ondo dagoela dakigun hori guztia egiteko».

Izan ere, distantzia, bakartu beharra, eragozpen handia da. «Bakartzea txarra da hiltzen denarentzat; geratzen direnentzat ere bai. Dolua asko okertzen da halakoetan», ohartarazi du Marijuanek. Bakartzeak asko zailtzen ditu, oro har, gaixoaldiak ere. Pazienteen izaera askotarikoa da, gainera: «Elbarritasunen bat duten pertsonak, arazo kognitiboak dituztenak, buruko arazoak dituztenak... Pentsatzekoa da, tunelaren amaieran sendatzea badago, denok euts diezaiokegula halako egoera bati, baina bada jendea hauskorragoa; denak gara hauskorrak, baina horiek asko sufritzen dute bakartze neurrien ondorioz»

Melendezek argi du zaintza aringarrien eremutik ekarpen handia egin dezaketela erietxe eta zahar etxeetan COVID-19arekin dauden pazienteei laguntzeko.«Sintomen kontrol on bat izatea, esaterako, oso garrantzitsua da; badakigu gaixoek bizitzako azken fasean arnasa hartzeko zailtasun handiak izaten dituztela, eta ez dakigu, botikei dagokienez, eta osagileen trebakuntzara begira, aski baliabide badiren hori arintzeko. Gero, sedazioaren gaia dago; ez dakigu behar bezalako indikazioei atxikita egiten den; guk zehazki ez dakigu, beste erkidego batzuetan ez bezala hemen ez delako kasu jakin hauetarako sedazio protokolorik egin». Kexu da; aholkurik ere ez zaiela eskatu salatu du: «Guregana hemen, adibidez, Araban, zaintza aringarrien unitatera ez du inork jo: inork ez digu galderarik egin».

Begirada bat

Giro berezi honetan, dena gogorragoa egin den egunotan, Iñaki Peñak onartu du zaintza aringarrien gaineko begirada zolituta edukitzea biziki lagungarria zaiola; Arrasateko erietxean dihardu (Gipuzkoa), mediku, eta urteak da zaintza aringarrietara hurbildu zela. «Eskerrak galdera hauek denak eginda nituen, etxeko lanak eginda heldu naizen hona». Artega ikusi ditu zenbait lankide: heriotzak berak dakarren «larritasuna» saihestu ezinik. Ulertzen du. Zitala da eritasuna, edonor bere onetik ateratzeko modukoa: «Oso azkar aldatzen da pazienteen egoera». Bakartzeak dakartzan ondorioak arintzen laguntzeko hainbat baliabide darabiltzatela azaldu du. «Telefonoa da, esaterako, egundoko erreminta. Eta, egun, bideo deiekin-eta, ikaragarria. Teknologiak oraintxe bertan tresna oso indartsua dira». Beste askorekin batera. «Pazientearekin harremanetan jartzeko kanal guztiak dira garrantzitsuak: ahal diren guztiak. Objektu pertsonalak, argazkiak, gutunak, marrazkiak... Beti inportanteak izan dira; orain, imajinatu».

Erietxe txikia da Arrasatekoa (Gipuzkoa), eskualde mailakoa, eta bakartzeak ezarritako neurriak betetzen badituzte ere, Peñak onartu du «malgu» jokatzen dutela. «Gurean, senideak ari dira pasatzen arratsalde osoak pazienteekin; baita gauak ere». Babes jantziekin beti. «Eta asko jotzen dugu telefonora. Sarri, haiek zuzenean darabilte. Adinekoak-eta gai ez direnean, senideek deitzen digute: informazioa gure ahotik jasotzeko». Azken ordua erietxean heltzen bada, argi du bete beharreko gutxienekoa zein den: «Xede nagusia da fisikoki familiako norbait egon ahal izatea. Nahiz eta igual ezin den besarkatu nahi izango zenukeen bezala, baina, behintzat hor egotea: presentzia ziurtatzea. Eta ezin bada, sarri ezin delako, kanalak zabalik izatea: esaterako, telefonoarena. Edo, adibidez, guk pazienteari helaraz diezaiokegu testu bat familiak eskuz idatzitakoa, gutun gisako bat: halakoak egundoko presentzia dira». Bat dator Marijuan: «Gakoa zera da erakustea: 'Hor nago, atearen beste aldean: entzuten zaitut'. Ahal bada, sendiko kide batek hor egon behar du; astronauta baten gisan jantzita bada ere: hor». Melendezek teknologia berrien bidezko lana txalogarritzat du. «Badakit profesional asko lan handia egiten ari direla: Whatsapp, Skype... Denak erabiltzen dira». Arrangura bat badu, ordea: «Langileen borondate onaren araberakoak dira; protokoloak eta baliabideak falta dira».

Etxean bertan

Birusa hesitzeko ahaleginei atxikita, Melendezek esan du hasieran ez zela egokitzat jo pazienteak etxean bertan hiltzeko bidea. Egun, ordea, kutsatzea orokortuta dagoela ikusita, uste du arta horiek etxean ongi eman daitezkeela. «Arta intentsiboei inolako onurarik aterako ez dien pertsona bat ongi egon daiteke bere etxean». Etxekoek jarraitu beharreko oinarrizko garbitasun arau batzuekin, aski izan daiteke:«Eskuak sarri garbitzea, maskarak erabiltzea, eskularruak erabiltzea...». Uste du aparteko babes jantzirik ez dela behar. «Ez, behintzat, familia hori paziente haren ondoan egoteko. Jakina, nik gero etxe horretara joan, eta handik aterata beste etxe batzuetara joan behar badut, nik jantzibeharko dut». Gainera, uste du etxean bertan hilda pazienteak gaixotasuna zabaltzeko arriskua ere urritu egiten dela. «Anbulantzia batean sartuta, larrialdietara eramanda... Egoera horietan, askoz ere pertsona gehiago izango ditu ondoan. Eta bizitzaren amaieraz ari bagara, amaiera tragikoagoa izango da: tristeagoa».

Bere zabalean eta bere gordinean: hor dira bakartzearen arrastoak, eta dolua ere zailduko dute usu. «Ondorio larriak ekarriko ditu; bai agur esan ezinik geratu diren familietan. Baita egoera oso gogorrak ikusi dituzten osasun arloko profesionaletan ere», esan du Melendezek. Bat dator Peña: «Familia berean, esaterako, biktima bat baino gehiago egon daitezke. Hori kudeatzea oso zaila da. Errituei begira, kontuan hartu beharko da; atzeratu egin beharko dira, beste era batean egin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.