Informaziorik eduki ez eta erabakiak hartu beharrean. Horrela sentitu dira Zaldibar (Bizkaia) inguruko ikastetxeak, sutearen ondorioz dioxina eta furano kantitateak gora egin ostean. «Eibarko ikastetxeetako zuzendariek WhatsApp talde bat daukate, eta hor esaten zuten 'zer gertatzen da?' edo 'zein neurri hartu behar ditugu?'», azaldu du Ane Egidazu Eibarko (Gipuzkoa) San Andres eskolako ikasketaburuak. Hedabideetatik jakin zuen umeak ezingo zirela atera eskolako jolastokira eta leihoak itxita eduki behar zirela, baina ez zieten argibiderik eman. «Sentitu dugu geuk hartu behar izan dugula erabakia, ez dugula Hezkuntza Sailetik, udaletik, ez beste inondik gomendiorik jaso».
Antzeko egoera bizi izan zuten Elgetako (Gipuzkoa) eta Zaldibarko eskoletan. Komunikabideetatik jaso zuen informazioa Libe Iñurrigarro Elgetako ikastetxeko zuzendariak ere. Udalarekin kontaktuan jarri ziren berehala, eta horiek emandako gomendioak bete zituzten. «Guk Hezkuntza Sailetik ez dugu ezer jaso», erantsi du. Asteazkenean izan zuten haien berri: «Mezu elektroniko bat bidali digute herritarrei informazioa ematen dieten pare bat web orrialderekin». Zaldibarko ikastetxeko kide batek ere ez du izenik eman nahi informazio falta sumatu du. «Hezkuntza Sailetik eta Osasun Sailetik astelehenean ez genuen gauza handirik jaso, eta gu jarri behar izan ginen kontaktuan eurekin», nabarmendu du. Egoeraren berri emateko eta zer egin jakiteko agiri ofizial baten falta sumatu du. «Informazio falta egon da bai gurekin, eta bai guk familiei emateko». Azaldu dutenez, astean zehar Hezkuntza Sailaren eta Osasun Sailaren teknikariekin elkartu dira ikastetxeetako zuzendariak, zalantzak argitzeko asmotan.
Ikastetxeetako egunerokoan eragina izan du patiora atera gabe eta leihoak itxita egon beharrak. San Andres eskolan, esaterako, txandak egin dituzte ikasleek gimnasioan pasa ditzaten jolas orduak. «Ezin ditugu gimnasioan sartu dauzkagun 400 ikasle pasa», azpimarratu du Egidazuk. Lehen Hezkuntzakoak eta Haur Hezkuntzakoak banatuta ere ez dira kabitzen. «Astelehenean eta asteazkenean LH1ekoak, LH2koak eta LH3koak joan dira, eta asteartean eta ostegunean LH4koak, LH5ekoak eta LH6koak», azaldu du. Gelan egon behar izan dute besteek. Arratsaldean ere jolas ordua edukitzen dute HHkoek, baina, gimnasioa okupatuta egoten denez, ikasgelan geratu behar izan dute. «Hor ez da bukatzen arazoa», ziurtatu du Egidazuk. Ia ikasle gehienak eskolan geratzen dira bazkaltzen, eta jan ondoren, bi ordu eta erdi izaten dituzte libre jolaserako. «Orduan ere gelan geratu behar izaten dute».
Hainbeste ikasle ez eduki arren, eragina nabaritu dute Zaldibarren eta Elgetan ere. «Saiatu ginen ikasle denak ordu berean eramaten kiroldegira, baina konturatu ginen ikasle asko zirela eta adin tarte handia zutela», azaldu du Zaldibarko eskolako kideak. Hori dela eta, HHkoak ordu jakin batean joaten dira, eta LHkoak beste batean. «Heziketa Fisikoko saioak pixka bat hanka motz geratu dira, kiroldegian egiten direlako. Beti ondorioak daude», erantsi du. Leku irekien falta izan dute egunotan. «Leku itxi batetik beste leku itxi batera doaz, eta umeek behar dute leku ireki batean jolastea».
Elgetako ikasleek, berriz, eskolako ganbaran pasatu dute jolas ordua. «LH1ekoak, LH2koak eta LH3koak hiru aste daramatzate Bergarako igerilekuetara joaten. Hori, azkenean, ondo etortzen zaigu, eskolatik ateratzen direlako», erantsi du Iñurrigarrok.
«Badakizu zer den gela batean 25 ikasle edukitzea, sei orduz jarraian, eta eguzkiak ematen badu?», galdetu du Egidazuk. Gainera, gela batzuk ez dira oso handiak. «Egun bat edo bi ez da hainbesteko arazoa, baina luzatuz bazoaz, arazo bihurtu daiteke». Hori saihestu nahian, haurrak eskolara ez eramatea erabaki du familiaren batek: «Batzuek erabaki dute, oporralditxo bat hartzea; eta etxea beste nonbaiten daukatenek, hara joatea».
«Noiz joango gara patiora?». Hori da haurrek behin eta berriz egiten duten galdera, Zaldibarko eskolako kidearen hitzetan. Beste batzuk galdetzen diete kutsadura noiz joango den, baina gauza handirik ez. «Jakin nahi dute noiz joango diren patiora, eta ez furanoek eta dioxinek dauzkaten ondorioak». Hala ere, badira herrian dagoen usainaz galdetzen dutenak ere.
Ikastetxeek egoera baliatu dute gaiaz mintzatzeko. «Proiektuka lan egiten dugu, eta ikasleek aukeratzen dute gaia. LH6koek kutsadura aukeratu zuten», azaldu du Egidazuk. Elgetan ere aritu dira gaia lantzen: «Astelehenean egon ziren esaten kutsadura zegoela entzun zutela etxean, baina haurrak lasai daude», nabarmendu du Iñurrigarrok.
Inauteriak besteetan bezala
Eibarko Udalak bertan behera utzi zituen atzo inauterien harira egitekoak ziren ekintzak, baina ez zuen ondoriorik izan San Andres eskolan. Aurreko urteetan ere ez dute parte hartu udalak antolatutako desfilean, eta gimnasioan egiten duten jaia mantendu dute. «Umeei ez genien kendu nahi daukaten ilusioa».
Jaurlaritzak atzo arratsean utzi zituen bertan behera dioxina mailagatik emandako aholkuak, baina, Eibarko San Andres eskolan, neurriak pentsatzen hasiak ziren, egoerak berdin segituko balu ere. «Hau luzatzen bada beste astebete, hamabost egun edo ez dakigu zenbat, beste irtenbide batzuk planteatu behar ditugu». Aholkuak indarrik gabe utzi behar zituztela jakin aurretik, jardun jarraitua egitea pentsatzen ari ziren. «Ahal dela, murriztu egin nahi dugu eskolan igaro behar duten ordu kopurua».