Paueko auzitegiak astelehenean erabakiko du elkargoaren geroa

Elkargoaren kontrakoek egitura «neurrigabea» salatu dute; aldekoek, gehiengo zabal baten babesa duen proiektua. Berehalako epaia onartuz geroz, prozedura guzia bertan behera gera daiteke

Yves Claisse abokatua, Bidarte, Erango, Bidaxune eta Garruzeko auzapezekin batera. E.E.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2016ko irailaren 28a
00:00
Entzun
Paueko Administrazio Auzitegiak erabaki beharko du 2017ko urtarrilaren 1ean Ipar Euskal Herriko Hirigune Elkargoa sortzeko prozedurak aitzina segi dezakeen ala ez. Elkargoaren kontrakoek jarritako helegitearekin batera eskatutako berehalako epaia aztertu zuen atzo. Helegiteari lotua, ebazpena iritsi artean prozedura bertan behera uzteko eskatzen du.

Elkargo bakarraren kontrako auzapezek uda honetan sortu duten elkarteak jarri zuen helegitea irailaren 9an, Hirigune Elkargo bakarraren sorrera aktatzen duen prefetaren erabakiaren kontra. Helegite bera, Barthelemy Aguerre Lukuzeko (Nafarroa Behera) auzapezaren izenean ere jarri zuten, elkarte baten izenean izateagatik berehala bazter utz ez zezaten. Eric Morvan Pirinio Atlantikoetako prefetak ez duenez oraindik kargua hartu, Catherine Seguin Baionako suprefetak hartu zuen hitza Frantziako Estatuaren izenean; Jean Rene Etxegarai Hautetsien Kontseiluko presidentea parte zibil gisa jarri zen epaiketan, hautetsien izenean elkargoa sortzeko prozesua defendatzeko. Bi parteen dosierrak aztertu ondoren, heldu den astelehenean, urriaren 3an emanen du erabakiaren berri epaileak, 14:00etan.

Ezohiko interesa piztu zuen atzoko epaiketak Paueko Administrazio Auzitegian. Normalean kasik hutsa gelditu ohi den epaiketa gela, Ipar Euskal Herriko komunikabide gehienetako ordezkariek eta alde bati edo besteari sostengua erakustera etorritakoek bete zuten. Elkargoaren kontrakoen artean, Nafarroa Behereko Garruze, Erango, eta Bidaxuneko auzapezak agertu ziren, Emmanuel Alzuri Bidarteko (Lapurdi) auzapeza buru zutela. Aldekoetan, Etxegarairekin batera agertu ziren Colette Capdevielle PSko diputatua, Roland Hirigoien Mugerreko (Lapurdi) auzapeza, eta Martine Bisauta Baionako axuanta eta Baterako kidea. Elkarri agur hotz bat eskaini ondoren, bakoitza bere lekuan eseri zen. Tentsio handia nabari zen bi taldeen artean.

Handiegia eta azkarregi

Yves Claisse Parisko (Frantzia) abokatuak ordezkatu zituen elkargoaren kontrakoak. Esplikatu zuen, proiektua «ideia on» batetik abiatzen dela, baina, egiteko moldeekin dutela desadostasuna. «Nire bezeroen elkartearen helburuek dioten gisan, Ipar Euskal Herriak instituzio propioa izatearen aldekoak dira. Ideia hori ez dugu zalantzan jartzen; Notre legeak eskatzen zuen herri elkargoen arrazionalizazioa nola egin den jartzen dugu ezbaian, XXL egitura bat sortu izana». Oroitarazi zuen, orain elkargo bakarra sortzea defendatzen dutenak orain dela urte batzuk proposamen berdina arbuiatzen zutenak direla.

Claissen arabera «ideia on» horren gauzapena «neurrigabea eta teknokratikoa» izan da, eta ez du aurrekari administratiborik, «ez abiaduran, ez eta handitasunean ere». Azpimarratu zuen Parisko metropolian baino herri gehiago batuko direla Ipar Euskal Herriko Hirigunean; «departamendu bat departamendu barnean», ebatzi zuen. Halaber, ohartarazi zuen gaur egun ez dagoela leku egokiturik hiriguneko kontseiluan parte hartuko duten 250 hautetsiak bildu ahal izateko. Hilabete gutxitan eta «presaka» eramana izan den proiektu bat deskribatu zuen. «Legegilearen helburua ez zen munstro administratibo baten sorrera bultzatzea», Claissen hitzetan.

Azkenik, prefetaren rola ere deitoratu zuen. Claissen ustez, «estimatze akatsa» egin du, «neurrigabeko» egitura baten sorrera baimenduz. Era berean, erabakiaren publikazioa ez zela behar bezala egin eta beraz herritarrek ez zutela behar besteko informazioa jaso ebatzi zuen. Argumentatu zuen orain arte gidaritza batzordean ez dutela ezer aitzinatu, eta beraz, prozedura orain gelditzeak, eztabaidarako eta gogoetarako denbora gehiago utz lezakeela.

Aurkezpen juridikoa egin zuen Baionako suprefetak, elkargoaren kontrakoek mahaingaineratutakoei puntuz puntu erantzunez. Seguinen hitzetan, berehalako epai eskaera ez da jasogarria: Barthelemy Aguerrek, herritar arrunt bezala helegitea jartzeko eskubidea badu ere, elkargoaren sorrerak ez duela bere pertsonarengan eragin zuzenik izanen adierazi zuen; elkartearen helburua «Ipar Euskal Herriko instituzio baten sorrera» denez, helegitea elkartearen helburuen kontra doala ebatzi zuen.

Suprefetaren arabera, legea «hitzez hitz» bete dute prozedura guzian. «Elkargoen arrazionalizazioa egin eginen da; 2020rako 72 sindikatu misto desagertuko dira departamenduan», jakinarazi zuen. Halaber, prefetaren erabakiaren publikazioa legearen barruan egin zela baieztatu zuen, departamenduko egunkarian eta webgunean agerrarazi baitzuten. Prozedura osoa babestu zuen Seguinek: «Gogoeta aspalditik abiatua eta aitzinatua zen, Notre legeak kuadro bat eman dio».

1992an abiatu prozesua

Hautetsien Kontseiluko presidente gisa, Hirigune Elkargoa sortzeko prozesuaren defentsa politikoa egitea zen Jean Rene Etxegarairen xedea, eta hala adierazi zion epaileari: «Gertakariek zuzenbidea argitu ohi dute maiz». 1992ra jo zuen, Garapen eta Hautetsien Kontseiluaren sorreretara. «24 urte dira Ipar Euskal Herriko eragile politiko eta sozialak mahai berdinaren inguruan biltzen garela lurraldeko politikez gogoetatzeko eta eztabaidatzeko. Pays egitura duen herri juridikoa izan aitzin ere, Euskal Herria herri bat da. Argumentu juridikoak entzun ditut, eta Zuzenbideak bere lekua dauka -bereziki hemen-, baina Politikak ere. Zuzenbideak aitzin, Politikak erabakitzen du», adierazi zuen abokatuak hitzaldi teatral batean.

Urte luzetan elkarte egitura batekin funtzionatu izanagatik, Ipar Euskal Herrian sortu diren tresna guziak zerrendatu zituen: Euskararen Erakunde Publikoa, Lurra eta Etxebizitzaren Erakunde Publikoa... «Ohartzen zarete? 1901eko legearen pean sortutako elkarte bateko presidentea, lurralde oso baten ordezkari, Frantziako Gobernuko, departamenduko eta eskualdeko ordezkariekin, tokian tokiko politikez eztabaidatzen. 2001 eta 2006 arteko Hitzarmen Bereziaren bidez 364 milioi euro bideratu ziren». Etxegaraik argi utzi zuen beren hautua eskumen bereziko lurralde elkargo baten aldekoa izanen zela, baina Frantziako Gobernuak ezezko borobil batekin erantzun zuela. «Prefetak erabakia hartzera bultzatu gaituela diozue, baina guk bultzatu dugu Frantziako Gobernua zerbait proposatzera», deiadar egin zuen.

Bi parteen dosierrak aztertuta, astebetera emanen du erantzuna epaileak. Berehalako epaia onartuko balu prozedura bertan behera geldituko litzateke. Ondoren, helegitearen mamia aztertzea egokituko zaio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.