Lurrun makinak harrapatuta

Zigarreta elektronikoa dela eta, sei pertsona hil, eta 450 gaixotu dira, AEBetako osasun agintariek baieztatu dutenez. Hainbat sendagilek uste du gertatu dena etorriko denaren aurrerapen bat besterik ez dela.

Lurrun makinak harrapatuta.
Edu Lartzanguren.
2019ko irailaren 14a
00:00
Entzun

Zain geunden ikusteko zer ondorio ekarriko zituen zigarreta elektronikoak, argi genuelako ondorioak ekarriko zituela», esan du Maider Sierra psikologoak. Minbiziaren Kontrako Elkartean dabil lanean. «Oraindik ere ez dakizkigu zigarreta elektronikoen kartutxoetan sartzen diren likido horien osagaiak». Sierrak eta beste askok espero zutena baieztatzen hasi dira azken egunotan, AEBetan behintzat. Hango osasun agintariek baieztatu dute sei pertsona hil direla zigarreta elektronikoarekin harturiko lurrunen eraginez, eta birikietako arazo larriengatik artatu dituzte beste 450.

Indianan, Oregonen, Kalifornian eta Minnesotan hil dira lehenengo bost biktimak. Azkena Kansasen baieztatu zuten asteartean; azken hiru estatuotako biktimek birikietako gaitz kronikoak zituzten, bestela ere.

Duela hamabi bat urte zabaltzen hasi ziren zigarreta elektronikoak, tabakoa erretzearen ordezko gisa. Ikerketa asko egin dituzte horien inguruan. Esaterako, Ingalaterrako Osasun Publikoa erakundeak ondorioztatu zuenez, zigarreta elektronikoak erabiltzea erretzea baino %95 seguruagoa da, edo, bestela esanda, erretzaileak tabakoaren kalteen %95 saihets ditzake elektronikora pasatuz gero.



AEBetako CDC Gaitzak Kontrolatzeko Zentroa hango kasuak ikertzen dabil; ondorioztatu du gehienetan biktimak merkatu beltzean erositako kapsulak erabili dituztela. Legez kanpoko THC (kalamuaren konposatu psikotropikoa) hartzeko erosi zituzten likidook, baina, ikertzaileek susmatzen dutenez, E bitaminaren azetatoa —tokoferol azetatoa ere bazuten. Olio mota bat da, eta disolbagarri gisa erabiltzen dute; olio molekulak birikietan sartzen direnean, infekzioa eragiten dute, hau da, pneumonia.

«Hau izozmendiaren punta besterik ez da», esan du Milagros Iriberri Gurutzetako erietxeko Pneumologia saileko zerbitzuburuak. Sendagileak ez du zalantzarik: zigarreta elektronikoa erabiltzea «toxikoa» da. «Beste gaitz batzuk sortuko dira, gai asko daudelako zigarreta elektronikoan: nikotina, disolbagarriak, metal astunak... Gai horietako batzuk birikietako minbiziarekin lotuta daude, zalantza izpirik gabe».

Hildako gehienak adinekoak dira, eta gaixorik zeuden. Baina gaixotuen artean 20 urte inguruko gaztetxo asko daude, eta horietako batzuek makinek lagunduta arnasten eduki dituzte erietxetako zainketa intentsiboen unitateetan. Izan ere, zigarreta elektronikoak arrakasta handia du AEBetako gaztetxoen artean. Tobacco-Free Kids kanpainaren arabera, AEBetako institutuetako bost ikasletik batek erabiltzen ditu; hau da, 3,6 milioi adin txikiko denera.

Baina bakarrik AEBetako kontuak al dira horiek, tiroketa handiak bezala? Euskal Herrian ere egoera berdina dela ohartarazi du Sierra psikologoak. Institutuetara hitzaldiak ematera joaten delako daki zigarreta elektronikoak probatu dituztenak gehiago direla gaur tabakoa probatu dituztenak baino. «Gaur, hemen, gertatzen ari da». Batzuek gurasoei ikusi dizkiete gailuok. Duela bospasei-urte, zigarreta elektronikoen denda ugari zabaldu zituzten Euskal Herrian, eta jende askok erosi zituen. «Horietako askok etxean dituzte ahaztuta, eta seme-alabek hartu dituzte, edo, bestela, txinatarren dendetan erosten dituzte». Produktua oso erraz eskuratzeko moduan dago, beraz. Gainera, zaporeak eskaintzen dituzte, eta ez du tabakoaren kearen usain txarra. «Zure ondoan norbait coca-cola edo limoi lurruna hartzen ari bada —gazta-tarta gustukoak ere badaude—, hori oso erakargarria da nerabe batentzat».

Asteazkenean, Donald Trump AEBetako presidenteak iragarri zuen zaporeetako lurrungai horiek debekatzea pentsatzen ari dela. Zigarretak erretzearen moda Hollywooden bidez zabaldu zuten AEBetatik mundura, 1950eko hamarkadan, aktoreen glamourra erabilita. Zigarreta elektronikoa, berriz, Instagramen bidez ari da zabaltzen nerabeen artean, Sierraren arabera. Psikologoak adierazi du nerabeek kalterik gabeko gauzatzat dutela zigarreta elektronikoa. «'Baina lurruna besterik ez da eta!', esaten digute. Azaldu behar izaten diegu produktu horietan olioak daudela, eta olio horiek ondorioak ekarriko dituztela, eta ekartzen dituztela».

Erretzaileentzako salbazioa

«Funtsik gabeko alarmismoa» sortzen ari dela esan du Carmen Escrig Biologia Zelularreko eta Genetikako doktore eta MOVE erakundeko nazioarteko koordinatzaileak (Lurruna Hartzearen eta Zigarreta Elektronikoaren Aldeko Osasun Erakundea). Tabakismoaren Kalteak Murrizteko Plataformako kide gisa mintzatu da Escrig, eta, esan duenez, batzuek AEBetan gertaturiko kasuak zigarreta elektronikoarekin lotu nahi dituzte, nahiz eta hango osasun agintariek baieztatu merkatu beltzean lorturiko kalamu olioen kontsumoaren ondorio direla. «Baliteke estraktuok edozein osagai toxikorekin faltsutu izana, ez dituztelako kalitate eta segurtasun kontrolak pasatu».

Escrig bere esperientziaz heldu zen zigarreta elektronikoaren defendatzaile sutsua izatera. Urte luzez «erretzaile handia» izan zen, tabakoa 13 urterekin probatu zuenetik. «Estres garaietan bi pakete tabako erre nezakeen egunero, lasai asko, eta, gainera, gozatuz». Baina, zientzialaria izanik, ongi ulertzen zuen menpekotasun horrek ekarriko zizkion ondorioak. Zigarreta elektronikoak atera zuen tabakotik.

Escrigek zalantzan jarri du nerabeen artean zigarreta elektronikoek «izurritea» sortu dutela eta «tabakorako sarbidea» dela. Haren arabera, tabakoaren menpekotasuna historiako txikiena da AEBetan eta Erresuma Batuan, zigarreta elektronikoa sartu zenetik, baita adin txikikoen artean ere. Erresuma Batuan, esaterako, menpekotasuna %33tik %15era jaitsi da hamar urtean, haren datuen arabera. «Horrek erakusten digu zigarreta elektronikoaren kontsumitzaile gehienak erretzaileak zirela aurretik, eta erretzeari uzteko erabiltzen dutela, baita gazteek ere».

Escrigen arabera, «zientifikoki guztiz frogatuta dago» tabakoak sortzen dituen kalteak arintzeko produktuak tabakoa erretzea baino askoz kalte gutxiago egiten dutela: zigarreta elektronikoa, tabako berotua, snus-a eta nikotina ordezkatzeko terapiak daude tartean. «Norbaitek ezin badio erretzeari utzi ohiko sistemekin edo ez badu nahi—, bizitza salba diezaiokeen tresna hau [zigarreta elektronikoa] kenduko diogu?».

Sierra psikologoak ez du argudioa ontzat ematen, ordea, «osasun aldetik». Azaldu duenez, zigarreta elektronikoa erabiltzen da Erresuma Batuan sendagileen kontrol zorrotzean, eta une zehatzetan, asko erretzen duten pertsonekin, «keinu menpekotasuna» delakoari aurre egiteko, hau da, gaixoa zigarretaren inguruko erritualaren ordezko bat emateko (piztea, xurgatzea, itzaltzea...). «Gainbegiratze profesional batekin, eta epe motzean egiten dugu hemen ere». Baina uste du onartezina dela kalterik gabe egunero erabil daitekeen gauza gisa saltzea.

Zigarreta elektronikoaren arrisku nagusia zera da, lurruna hartzeari «modernotasun, garbitasun eta arriskugabetasun irudia» ematen diola, psikologoaren arabera. «Zorionez, Eusko Legebiltzarrean azkar ibili ziren erretzea eta lurruna hartzea legez berdintzeko». Erakundeak zigarreta elektronikoa tabakoarekin parekatu zuen 2016. urtean, Menpekotasunen Legean; horren arabera, erretzea debekatuta duten leku guztietan berdin galarazten da lurruna hartzea, esaterako.

Saltzaileak larri

David Flandesentzat ere AEBetan zigarreta elektronikoaren inguruan sorturiko larrialdiak ez du funtsik, «produktu baten faltsutze kasu bat» besterik ez delako. Iruñeko Vapeos dendako jabea da Flandes, eta lurruna hartzeko gailuak eta likidoak saltzen ditu han. Arazoa, Flandesen arabera, AEBetan merkatu beltzean salduriko olioak dira. «Halako kasuak ezinezkoak lirateke Europan, hemen dauden kontrol zorrotzengatik». Nabarmendu duenez, hamabi urteotan ez da kasurik gertatu Europan. «Zigarreta elektronikoari errua botatzea da esatea bezala xiringak gaindosien kausa direla».

Saltzaileak kezkaturik daude, edonola ere. Beldur dira administrazioak legedia gogortuko duen, gailuon erabilera murrizteko. Flandesek eta alorreko beste lankide askok dendak itxiko dituzte datorren astelehenean, Madrilera joateko; manifestazio bat egin asmo dute Espainiako Osasun Ministerioaren aurrean, erakunde horrek zigarreta elektronikoen aurkako neurriak har ez ditzan. Flandesek esan du Eusko Legebiltzarrak harturiko erabakia «akats handia» izan zela. «Gailu honek bizitzak salbatzen ditu».

Iriberri sendagilearentzat zaila da bereiztea tabakoak eragindako kaltea eta zigarreta elektronikoarena. «Izan ere, askok biak erabiltzen dituzte: tabakoa eta elektronikoa». Erretzeari uzteko tresna gisa, beste aukera batzuk lehenesten ditu Iriberrik: nikotina partxeak edo botikak. «Guk ez dugu erabiltzen zigarreta elektronikoa terapia horretan. Zientzia ikuspegitik ezin zaie herritarrei esan erretzeari uzteko aukera bat dela». Denborak esango du, beraz, non geratzen den zigarreta elektronikoaren kalte/mesede balantza. Horretarako, ordea, keak eta lurrinak argitu beharko dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.