Lodiak, ikusezinak pantailan

Gorputz lodiek ikus-entzunezkoetan daukaten errepresentazioari erreparatu diote Muñozek, Larrinagak eta Cruickshankek. Azpimarratu dute orokorrean pertsonaia lodi gutxi agertzen direla, ageri direnean presentzia horrek justifikatuta egon behar duela eta estereotipoz josita daudela.

Laura Galan aktorea, Cerdita filmeko eszena batean. BERRIA.
Olaia L. Garaialde.
Iruñea
2022ko irailaren 6a
00:00
Entzun
Zer-nolako gorputz lodiak ageri dira ikus-entzunezkoetan? Zein estereotipori lotuta daude? Zer bultzatzen dute? Zer dago horren atzean? Galdera horien inguruko gogoeta egingo du Patri Muñozek Ezin Kabitu! Euskal Herriko I. Jatunaldi Lodiak jardunaldietan. Irailaren 9tik 11ra izanen dira, Gernikan (Bizkaia). Gorputz lodien errepresentazioaren inguruko hitzaldi bat emango du Muñozek: zineman eta telesailetan jarriko du arreta, eta 11n izanen da, 09:45ean. Gehienbat teorikoa izan arren, gauza praktikoak ere landuko ditu. Scripta da lanbidez; hau da, filmen jarraipenaz arduratzen da. BERRIAk proposatuta gaiaren inguruan hausnartu dute Muñozek eta Karmele Larrinaga eta Maria Cruickshank aktoreek.

Gogoz aztertu dute gaia, eta aldatzen ari den arren, gorputz lodien errepresentaziorik eza azpimarratu dute hirurek. Muñozek nabarmendu du orokorrean ez dagoela protagonista lodirik: «Badaudenean, sekundarioak izaten dira; askotan, ezaugarri bakarra izaten da lodia izatea, eta horrek zer dakarren. Gainera, apenas duten eraginik». Gaineratu du ez-binario lodirik ez dagoela: «Normalean, gutxi agertzen dira, eta agertzen diren gutxi horiek argalak eta edertasun kanonen araberakoak dira».

Bat dator horrekin Cruickshank. Horrez gain, esan du lehen «zorrotzagoa» zela, eta «poliki-poliki» gauzak aldatzen ari direla: «Pitinka-pitinka, denetarik sartzen ari da; hala ere, urrun gaude kalean ikusten ditugun emakumeengandik». Gaineratu du protagonista lodia izateko kontsumitzaileari justifikatu egin behar zaiola zergatik aukeratu duten pertsonaia lodi bat: «Ematen du polita eta argala izateko ez dela justifikaziorik behar, baina lodia edota beltzarana izateko bai. Haiek ezarritako kanonetatik ateratzen bazara, justifikatu egin behar da».

Cruickshankek salatu du pertsona arrazializatuen errepresentazioa urria dela, eta «are gehiago» lodiak badira: «Emakumea, beltza eta lodia izatea oso zaila da; ez dut inon ikusi, eta oso urrun ikusten dut, Euskal Herrian eta Euskal Herritik kanpo». Lan egiteko aukerarik ezaz mintzatu da: «Beltzarana naiz, eta lan egin dut, baina ez ditut taldekide askoz gehiago ikusi». Urteetan pisuz «asko» aldatu dela azaldu du: «Egon izan naiz askoz lodiago edota argalago: orain, erdibidean nago». Hala ere, argalago edo lodiago egon, ez du lan aldetik aldaketarik sumatu: «Zaila da neurtzea zenbateraino eragiten duen, eta zergatik aukeratzen zaituzten edo zergatik ez zaituzten aukeratzen». Norbere esperientziaren araberakoa dela esan du: «Euskal Herrian, zaila da 17 urteetatik lanean jarraitzea, baina horrek ez du esan nahi beltzaran guztiek aukera berdina daukatenik».

Cruickshankek eta Larrinagak ETBko Go!azen telesailean parte hartzen dute. Cruickshank dagoeneko ez dago telesailean, baina Larrinaga Basakabiko garbitzailea da oraindik. Haren pertsonaia Begoña da: «Alaia da, eskuzabala. Beti laguntzeko prest dago, eta gustuko du saltsa guztietan egotea; pixka bat kontakatilua da, baina pertsona ona». Larrinagaren ustez, beste telesail askotan bezala, pertsonaia lodi gutxi daude: «Orokorrean, neska eta mutil guapoak eta argalak aukeratzen dituzte; egia da, baita ere, lagun taldeetan gehienetan jendea argala dela».

Estereotipoak ardatz

Pertsona lodiak ikusezinak izateaz gain, ageri diren gorputz lodiak orokorrean «estereotipatuak» eta «lodifobiak sortutakoak» izaten direla azpimarratu du Muñozek: «Askotan, laguntasuna irudikatzen duten pelikuletan pertsona lodi bat agertzen denean, lagunak jazarri egiten zaizkio oso era naturalean». Horrek jazarpenaren «normalizazioa» eta «nolabaiteko hutsaltzea» dakarrela salatu du. Hala nola Verano azul telesaia (Antonio Mercero, 1982) eta Los Goonies filma (Richard Donner, 1985). «Horrelako pelikulak berrikusten direnean, zenbait egoeraren erromantizazioa egiten da».

Ilustrazioan agertzen den irudiak Cerdita filmari (Carlota Pereda, 2022) egiten dio erreferentzia. Film labur batean oinarrituta dago, eta Donostiako Zinemaldian ikusteko aukera egonen da. Herri batean girotuta dago filma. Protagonista Sara izeneko gazte lodi bat da, eta herrikoak lodia izateagatik jazartzen zaizkio; horien artean, haren lagun mina. Animalien izenak oihukatuz iraintzen dute gaztea. Gizon ezezagun bat agertuko da herrian, eta gazteari jazartzen zaizkionak bahituko ditu. Protagonistak bahiketa ikusiko du. Filmak aurrera egin ahala, ikusiko da zer egiten duen.

Jazarpenaz gain, pertsonaia lodiei beste estereotipo batzuk ere atxikitzen zaizkiola azaldu du Muñozek: «Pertsonaiaklarri inozenteak izaten dira, oso traketsak, ez daukate trebetasun sozialik, oso infantilizatuta daude, eta, sexualitateaz hitz egiten badugu, normalean ez daukate inolako erakargarritasunik, edo ez daukate bikotekiderik edo harreman sexualik, eta ez dute inoren nahia pizten». Gaineratu du emakumeei feminitate falta egokitzen zaiela, eta gizonei maskulinitaterik eza. «Asko lotzen da lesbiana butch iruditeriarekin».

Horri lotuta, Larrinagak azpimarratu du pertsonaiak asko lotzen direla alaitasunarekin: «Beti ikusi dugu lodikote jatorra». Gaineratu du pertsonaia horiek zaharragoak ere izan ohi direla: «Pertsonaiak lodiak ageri direnean, normalean zaharragoak izaten dira; nik, adibidez, amarena edo andre klasikoarena egiten dut batez ere».

Espezismoaren eta lodifobiaren arteko lotura egiten du Muñozek, eta gizakien gorputzez gain, gizakiz besteko animalien gorputzak ere hartzen ditu kontuan: «Lodifobiak beste animaliengan ere eragiten du». Garfield marrazki biziduna jarri du adibidetzat: «Haren eginbehar bakarra pizza jatea da, eta ez mugitzea». Pertsona lodiei atxikitzen zaizkien estereotipoei lotuta dagoela dio; hala nola alferrak izatea, etengabe jatea eta ariketa fisikorik ez egitea.

Chihiroren bidaia filmeko (Hayao Miyazaki, 2001) eszena bat ere aipatu du: hartan, Chihiroren gurasoek gero eta gehiago jaten dute, loditu egiten dira, eta txerri bihurtu. «Espezismoari lotuta dago, gainera, askotan pertsona lodiei egiten zaizkien irainak, emakumeei bederen, animaliekin lotuta baitaude». Gaztelerazko irainei erreferentzia egiten die; besteak beste, «ballena» (balea) eta «cerda» (txerria).

Barrura begiratzeko beharra

Esteriotipoetara jotzeak zer ondorio dituen aztertu du Muñozek, eta horrek zer eragin duen kontsumitzaileentzat: «Zinemak zenbait gauzaren normalizatzen ditu, eta esaten digu zer garen, eta zer izan nahi dugun». Horrez gain, helburuak mugatzen dituela esan du: «Esaten digu zein helburu ditugun, eta zer izatera heldu ahal garen». Horrek mugatzen dituela esan du. «Gorputz perfektuaren kontzeptua saldu digute, baina bizitzan denetarik existitzen da», gehitu du Larrinagak.

Horrek erreferenterik eza eragin dezakeela esan du Muñozek, baina identifikatuta sentitzeko aukera ere egon daitekeela uste du; horrek kezkatzen du gehienbat. Horrek dakartzan arriskuez mintzo da: «Norbait identifikatuta sentitzen bada; adibidez, jazarpenarekin, pentsatuko du filmean horri lotzen zaizkion irtenbideak izango direla dituen bakarrak, eta txarrerako izango da».

Hortaz, bestelako iruditeriak eta errepresentazioak behar direla azpimarratu du Larrinagak, baina «zaila» dela uste du: «Gizartea dela eta, lan handia egin behar dugu. Iruzkinek pisu handia daukate, eta jasotako heziketa eraldatu behar dugu». Hortaz, zenbait gauza aldatzeko ahalegina egin behar dela uste du. Errespetua eskatu, eta barrura begiratzeko beharra azpimarratu du: «Desberdintasuna aberastasuna da munduan. Ez dugu kanpoko itxurarekin geratu behar: pertsonak ezagutu behar ditugu».

Bestelako iruditerien eskasia

Ikus-entzunezko produkzioetan lan egin arren, filmen inguruan hausnartzen duenean ez zaizkio gogora etortzen bestelako iruditeriak sortzen dituzten ikus-entzunezkoak; «oso adierazgarria» dela uste du: «Iruditeria nahiko zaharkitua dago; ez dakit oso egunean gauden». Zerbait sortzeko orduan, gidoilariaren eta zuzendariaren begiradak nabarmen eragiten dutela esan du, batez ere zineman, batzuetan bien artean egiten dutelako: «Zuzendaria lodia bada, baina gidoia pertsona argal batek idatzi badu, nork egiten du irudikapena?». Horrek pertsonaiari atxikitzen zaizkion estereotipoetan eta aktoreen aukeraketan eragina duela esan du: «Film batzuetan, argalek lodien rola egiten dute, edo loditzen dira lodien rolak egiteko». Gordos filma (Daniel Sanchez, 2009) aipatu du: «Normalean, komediak izaten dira».

Errepresentaziorik eza egon arren, zinema independentean edo «beste kutsu bat» daukaten filmetan hori aldatzen dela uste du Cruickshankek. Black is Beltza II: Ainhoa filma ( Fermin Muguruza, 2022) nabarmendu du. Irailaren 22anestreinatuko dute, Donostiako Zinemaldian. Kanon asko apurtzen dituela azpimarratu du Cruickshankek: «Fisiko mota asko ageri dira, oso erreala da, oso gertukoa, gordina, eta, jarrera aldetik ere, berezia da; harremanak ez daude estandarizatuak». Filmean parte hartu du, eta Ainhoari ahotsa jarri dio: «Beltzarana da, emakume indartsua, beti aurrera egiten duena, beldurrik ez daukana eta egia bilatzen duena; eredu bat da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.