Joan den asteazkenean, bitcoinak 20.000 dolarren langa gainditu zuen. Kriptodibisa ezagunena bere inoizko balio handienetik —2017ko abenduko 19.511 dolarretatik— gora dago, koronabirusak akuilatutako aldakortasun olatuaren aparrean. «Urre digitala» omen da batzuentzat.
1. Gobernuak eta banku zentralak nola dabiltzan ikusita, eta batez ere prezioak igotzen badira, ez dirudi toki txarra inbertitzeko, ezta? Diru tradizionalen balioa txikitu dezakeen inflazioaren mamua beti dago hor azkenaldian. Mamua esan beharko, inflazioa bera oraingoz ez delako ageri. Baina bai, diruaren txorrotak zabal-zabalik daudelako inflazioa etor litekeela pentsatuz gero, bitcoina aukera bat izan daiteke. Batez ere diru horren zati handi bat galtzeko moduan dagoenarentzat.
2. Asmoa ez da galtzea izango, irabaztea baizik. Irabazteko asmoz beteta dago iruzur piramidalen historia. Bitcoina, ordea, arriskutsua da; besterik ez bada ere, oso aldakorra delako. Goian egoten badaki, baina behean ere bai. Kriptodibisa 2017ko abenduan erosi zutenek ezer gutxi irabazi dute oraingoz. Eta, tartean, batzu-batzuek dirutzak galdu dituzte.
3. Baina momentuan asmatuta, agian... Ideia horrekin bat egiten dute askok. Bada esaten duenik bitcoina 400.000 dolarretara iritsiko dela, hurrengo urrea izango dela. Egia da ere kriptodibisek urteetan bizirik iraun ahala haien gaineko kritikak leunduz doazela. Koronabirusak bizkortutako digitalizaziorako joerak ere mesede egingo zien. Baita banku zentralak diru digitalekin esperimentuetan hasteak ere.
4. 400.000 dolar, fiu...! Bitcoinak, funtsean, balio du jendea harengatik ordaintzeko prest dagoena. Ez dauka gordailurik atzean, ez dauka inongo herrialderen babesik, ezta berezko baliorik ere. Urrearekin, besterik ez bada ere, bitxiak egin daitezke. Gainera, herritar xeheek nola eros ditzakete bitcoinak? Ziur daude bitartekariak egiaz bitcoinak erosi dizkiela?
5. Zenbat erreparo! Kriptodibisak banku zentralen kontrolaz askatzeko modu gisa defenditzen dutenek ere aitortzen dute gaizkileentzako eta legez kanpoko irabazientzako babesleku izan direla kriptodiruak.
6. Orduan, ez du merezi hor inbertitzea? Hori 20.000 euro dauzkanaren kezka izango da.
7. Azken hilabeteetan beti etxean sartuta edo paseatzen, itsulapikoa beteko zen... Baina, baina, baina... Zenbat gastatzen duzu zuk tabernetan, bada? Bide batez, BERRIAlagunak zer diren kontatu behar dizut...
BAKARRIZKETA
Iritsi ote da bedeinkapena bitcoinarentzat?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu