Sei urte joan dira Eneko eta Iker Pou anaiek Lau Elementuak proiektuari ekin ziotenetik. 2017an, Argentinako Patagonian, airea izan zuten lehen elementua. Airea mugimenduan; Patagonian ia betierekoa den haizea, alegia. Han, bide berri bat zabaldu zuten Guillamet Orratzaren ekialdeko aurpegian: Aupa 40! (M.7/85o/V+/525 m.). «Urte txarra egokitu zitzaigun Patagonian, betiko legez. 17-18 orduko leihatila bat izan genuen, eta izotz eskaladako lerro hori ireki genuen. Ikerrek egun haietan bete zituen 40 urte, eta hortik bidearen izena», oroitu du Eneko Pouk.
Ikusi gehiago:Trango II Dorrean (6.320 m) bide berri bat zabaldu dute Iker eta Eneko Pou anaiek eta Fay Manners ingelesak: Waa Shakir (6b/M5/70?/2.200 m)
Urte berean, udan, Peruko Amazoniara jo zuten bi anaiek, Manu Ponce eta Pedro Galan espainiarrekin batera. Agertoki ikusgarria aukeratu zuten ura elementurako: Gocta ur jauzia. «Gure asmoa ur jauziaren alboko horma behetik goraino eskalatzea zen, 750 metro inguru, baina beheko aldean harkaitza oso-oso txarra zen, oso hauskorra, eta goiko zatia ireki genuen». Horrela sortu zen Yaku Mama (Ama Ura) bidea (7a+/185 m.).
2018an, Afrikako Sao Tome eta Principe uhartera jo zuten. Nekez aurkituko zuten horma ikusgarriagorik sua elementurako: Cao Grande lepo bolkanikoa, 400 metroko zutarri erraldoi bat oihanaren gainean. «Arroka beltza da, oso berezia. Bertako jendea ere zoragarria da. Abentura ederra izan zen». Zutarri hartan, Leve Leve (lasai, lasai, bertako hizkuntzan) bidea (8b+, 450 m.) zabaldu zuten, Cao Granden egundaino eskalatu den zailena. Horrez gain, ingelesek zabaldutako Nubivagant (8b/450 m.) eskalatu zuten era askean lehen aldiz.
Orain, Trangoko espedizioarekin eman dute amaitutzat proiektua. Pou anaiak pozik dira emaitzarekin: «Bide txikiagoak alde batera utzita, guztira bi bide berri izan dira harkaitzean, Amazoniako Yaku Mama eta Sao Tome eta Principeko Leve Leve eta beste bi bide alpinismokoak, Patagoniakoa (Aupa 40!) eta orain Himalaiakoa (Waa Shakir). Bide eta jarduera onak, gure ustez».
Arnasa luzeko halako proiektuak amaitzean, beren ibilbidean mugarri izan direnak, «hutsune sentipena» izatea saihetsezina da, bi anaien hitzetan. Eta orain zer? «Mendia da gure bizitza, eta gustatuko litzaiguke honetan luzaro jarraitzea. Proiektu handiak, proiektu isolatuak, ez dakigu zer egingo dugun aurrerantzean, baina, beti bezala, geure buruari asko eskatzen jarraituko dugu».
Airea, ura eta sua
Zazpi urte egin dituzte Iker eta Eneko Pou anaiek Lau Elementuak proiektuan murgilduta, pandemia ere tartean. Lau bide berri zabaldu dituzte munduko hormetan: alpinismoko bi eta harkaitzeko bi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu