Pilak agortzen hasi zaizkio munduko jostailu konpainia handienari. Toys R Usek kiebra jo du; porrot aitorpena egin, eta babesa eskatu du zor handiaren zamari buelta eman ezinik. Bezeroek azken urteetan jostailuak erostean izan duten joera aldaketek kalte handia egin diote AEBetako jostailugileari: Amazonen sareko salmenten nagusitasunak muturreko egoerara eraman dute Toys R Us. Zor handia pilatua zuen multinazionalak, eta, azkenean, Virginiako barrutiko Kiebren Auzitegian kiebrarako eskaera egin du. Kanadan ere, beste hainbesten egin du, baina ez, ordea, Europan edo beste kontinenteetan.
Mundu zabalean dituen denda eta ekoizpen zentroak berregituratzeko lanean sarturik dago gaur egun; errentagarritasun txikiko dendak itxi eta besteak berritzeko asmoa duela jakinarazi du konpainiak. AEBetako porrotak Europako adarrari ez diola eragingo ziurtatu dute enpresako iturriek, baina bada kezka Euskal Herrian dituen dendetako langileen artean. Garbera merkataritza gunean (Donostia), Megaparken (Barakaldo), Boulevarden (Gasteiz), Bilbondon (Basauri), Iruñan (Iruñea) eta Baionan daude denda horiek.
Porrot adierazpen judizialaren bidez lortuko duen oxigenoari esker, produktu gehiago erosiko dituela eta bere operazioak finantzatuko dituela dio Toys R Usek. AEBetan egindako kiebra eskaeraren ondoren,jostailu konpainiak bere kudeaketaren zatitirik handienari eutsiko dio, baina arlo judizialaren zaintzapean.
1.700 saltoki munduan
Mundu osoan 1.700 saltoki dauzka AEBetako konpainiak, eta 9.600 milioi euroko salmentak egin zituen 2016an. Charles Lazarusek sortu zuen Toys R Us 1948an; II. Mundu Gerraren osteko baby boom-ari etekina ateratzen jakin zion bere enpresa etengabe handitzeko. Washingtonen ireki zuen lehenengo denda, Children's Bargain Town. 1957an, izena aldatu zion, eta enpresa Toys R Us da geroztik. 1978an, berriz, burtsan kotizatzen hasi zen.
Harik eta 2005eko martxoan, 5.500 milioi euroren truke erosi zuten arte. Kohlberg Kravis Roberts, Bain Capital eta Vornado Realty Trust funtsek osatutako patzuergoak erosi zuen. 2013an, erabat baztertu zuten burtsara itzultzea, arazo larriak hasiak baitzeuden. Ordutik, ezin izan du zor handia txikitu, eta zama hori oztopo handia izan da inbertsioak egiteko; besteak beste, sareko salmentaren atalean. Amazonek Toys R Usen salmentak hondoratu ditu sarean.
Orain, auzoko dendak zabaltzeko estrategiari ekin dio, eta atzean utzi du hiritik kanpoko saltoki handietan kokatzeari. Euskal Herrian, merkataritza guneetan jarraitzen du. Aurrerantzean ikusteko dago zein izango den jostailugilearen estrategia.
Toys R Us ez dago jolaserako
AEBetako konpainiak kiebra jo du, eta kezka dago Euskal Herriko saltokien geroarekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu