Amaitu da hezkuntza eragileek eta alderdi politikoek Eusko Legebiltzarreko hezkuntza itunerako dokumentuari zuzenketak aurkezteko eduki duten epea. Atzo eman zuten haien berri alderdi gehienek: EAJk eta PSE-EEk, batez ere, euskarari eta euskal kulturari nahiz hezkuntza publikoari lotutako puntuetan proposatu dituzte aldaketak; EH Bilduk, euskara ardatz izatean eta eskola publikoaren garrantzian; eta Elkarrekin Podemos-IUk zuzenketarik gehienak bideratu ditu sare publikoa sistemaren erdigunean jartzera; halaber, euskararen inguruko jarrera argi du: ereduen sistema gainditu, eta hizkuntza eredu eleaniztun bakarraren aldeko apustua egiten dute.
42 zuzenketatan laburbildu dute beren ekarpena EAJk eta PSE-EEk. Testua aurkeztu zenetik ekarpenak egin arte zalantzak eta gorabeherak egon badira ere, gobernuko bi alderdiek batera aurkeztu dituzte azkenean. Ikasketetarako hizkuntzari dagokionez, hau esan dute ohar batean: «Bi hizkuntza ofizialak eta beste hizkuntza bat komunikazio hizkuntzatzat hartuko dira ikasteko orduan, baina kalterik egin gabe euskararen lehentasunari, euskara baita sistemaren ardatza». Zuzenketetan, ezabatu egin dituzte euskarari eta euskal kulturari buruzko aipu batzuk. Adibidez:jarri dute ikasleek «gure bi hizkuntza ofizialen —euskara eta gaztelera— ezagutza praktiko nahikoa» eduki behar dutela Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza bukatzean; jatorrizko testuan, berriz, «erabiltzaile aurreratu gisa» bi hizkuntzak menperatzea eskatzen zuten. Besteak beste, ikasleen eta irakasleen harremanetan euskara «lehenetsi» behar dela idatzi zuten lehen, eta «bultzatu» behar dela jaso dute orain.
Ikasketetarako hizkuntzari dagokionez, honako hau jasotzen du: «Hezkuntza proiektu eleaniztunaren alde egiten dugu, euskara ardatz hartuta, gure bi hizkuntza ofizialen eta gutxienez atzerriko hizkuntza baten irakaskuntza eraginkorra sustatzeko, eta, era berean, ikasleen beste hizkuntza batzuen ikusgarritasuna bultzatzeko». Eransten du hiru hizkuntzei «tratamendu integratua» emango dietela, «haien funtzioa eta egoera soziolinguistikoa kontuan hartuta». Euskal kulturaren transmisioari buruzko aipamena ere kendu dute 31. zuzenketarekin. «Irakasleria hizkuntzen irakaskuntzaren metodologietan formatzen jarraitzea aurreikusten du legeak, baita euskal kulturaren transmisio eraginkorrerako beharrezko den gaikuntza izateko ere», jasotzen du hasierako testuak. Aipamena osorik kendu dute.
Beste gai arantzatsu batean ere aldaketak proposatu dituzte: eskola publikoaren garrantziaren gaian. Sistemako «protagonismoa euskal eskola publikoari» dagokiola ebatzi dute. Halaber, kendu egin dute baldintza batzuk betez gero ikastetxe publikoak eta itunpekoak eskubidez eta betebeharrez berdintzen zituen atala, baina itunpeko sareak martxan jarraituko du, itunen bidez.
Oposizioko indar nagusiak ere bi gai nagusi horiek izan ditu mintzagai: euskarari dagokionez, kontrako bidean jo dute, protagonismo handiagoa emanez; eskola publikoaren arloan, berriz, adostasun zabalagoak erdiesteko aukera begi bistan dagoela dirudi. Euskarari helduta, honako hau da EH Bilduren eskea: «Hurrengo legeak ikasle guztiei euskara gaitasun egokia bermatuko dien eredu orokortua ezarriko du». Eta beste zuzenketa baten arabera, eredu horretan euskarak izan beharko du irakats-hizkuntza. Gainera, «ituntze unibertsala» amaitzea galdegin dute, eskola publikoari aparteko protagonismoa ematearekin batera.
Elkarrekin Podemos-IUren proposamen gehienen muina eskola publikoren defentsari lotutakoa izan da. Titulartasunari erreparatzen dio, esanez titulartasun publikoko eskolek izan behar dutela «euskal hezkuntza sistemaren ardatz egituratzailea», eta hamar urteren buruan «hegemoniko» izatea desio dute. Bide horretan,eskatu dute eskaintza publikoa nahikoa bada itunik ez egiteko.
Bestelakoan, gai nagusietatik aparte, eztabaida publikoan hainbeste agertu ez diren gai batzuetan egon liteke adostasunerako tartea, itxura batean. Esaterako, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemos-IUk eskolek izan beharreko izaera laikoa nabarmendu dute, eta Udal Eskola Kontseiluak sortzea nahi dute EAJk eta PSE-EEk; EH Bilduk eta Elkarrekin Podemos-IUk sinatuko lukete.
Bakoitza bere aldetik
Paperean jasotako proposamenak ahoz ere azaldu zituzten atzo legebiltzarkideek, zuzenketak erregistratu bezain pronto. Bakoitzak bere aldetik egin zituzten agerraldiak, eta iritziak ere askotarikoak izan ziren.
Euskaratik hasita, EAJko legebiltzarkide Leixuri Arrizabalagaren esanetan, eleaniztasuna defendatzen dute, eta hezkuntzan euskara ardatza izango da, «horretan ez dago dudarik». Gobernukide duten alderdiko legebiltzarkide Jose Antonio Pastorrek beste hitz batzuk erabili ditu. Esan du euskara, gaztelera eta atzerriko hizkuntza bat izan behar direla irakats-hizkuntza, eta euskarak «lehentasunezko arreta» izango duela. Halere, A, B eta D ereduak mantenduko direlakoan dago: «Iruditzen zaigu hizkuntza ereduen sistema horrek, behar dituen egokitzapen guztiekin, jarraituko duela, bai denbora batean behintzat». EH Bilduko legebiltzarkide Ikoitz Arresek ez du argi hiru hizkuntza irakats-hizkuntza izan litezkeen, eta, horren inguruan, EH Bilduren nahia bestelakoa dela adierazi du: «Euskara ardatz duen eredu eleaniztun orokortuaren alde gaude, non derrigorrezko eskolaldia amaitzean, ikasle orok B2 maila lortuko lukeen ofizialak diren bi hizkuntzetan».
Eta beste gai nagusia: sare publikoaren eta itunpekoaren auzia. Elkarrekin Podemos-IUko Miren Gorrotxategik egoera aztertzeko beharra ikusten du: «Diagnostikoaren arabera ikusi beharko da sare publikoaren eta itunpekoaren ehunekoa zenbatekoa izan behar den». Arrizabalaga ere ez da kopuruetan sartu, baina nabarmendu du publikoak «funtsezko papera» duela: «Eskola publikoak funtsezko papera jokatzen du, hezkuntza sistema osoaren protagonista da». Arresek itunpekoari ere erreparatu dio: «Ituntze unibertsala bukatzea proposatzen dugu». Eta eskolei zenbait baldintza jarri: hala nola segregazioaren aurkako konpromisoak hartzea, doakotasun erreala bermatzea eta laikotasuna.
Hezkuntza akordioa
EAJk eta PSE-EEk hezkuntza proiektu eleaniztuna hobetsi dute
Jaurlaritzako alderdiek hezkuntza proiektu eleaniztuna defendatu dute, euskara «sistemaren ardatz» hartuta. Bukatu da epea Eusko Legebiltzarreko hezkuntza itunerako testuari zuzenketak egiteko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu