Koronabirusa

Kanpoko bisitariei ezarritako mugek ezinegona sortu dute erakundeetan

Alemaniak Nafarroara ez bidaiatzeko gomendatu du, eta Hegoaldera bidaiatzen duten Erresuma Batuko herritarrek berrogeialdia egin beharko dute itzuleran

Hernaniko eraikin batean hainbat positibo atzeman zituzten atzo, eta testak egin zizkieten bizizlagun guztiei. JON URBE / FOKU.
Olatz Esteban Ezkati.
2020ko uztailaren 29a
00:00
Entzun
COVID-19aren hedapenak nazioarteko joan-etorriak mugatzenjarraitzen du; oraingoan Europako zenbait herrialdek hartu dituzte neurriak. Neurri horiek, baina, ez dituzte begi onez ikusi tokiko agintari batzuek. Erresuma Batuak asteon iragarri du Espainiaren administraziopeko herrialdeetara bidaiatzen duten herritarrek bi asteko berrogeialdia egin beharko dutela itzuleran, eta Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak jakinarazpen bat igorri dio Hugh Elliot Erresuma Batuko enbaxadoreari, bere ezinegona adierazteko. Izan ere, Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramaileak azaldu du berrogeialdia ezartzeak eragina izan dezakeela erkidegoaren «erreputazioan».

Alemaniako Atzerri Ministerioak ez die herritarrei debekurik ezarriko, baina Nafarroaraez bidaiatzeko aholkatu die, kutsatu «asko» daudela eta. PSNk gogor gaitzetsi du Alemaniaren mezu «alarmista», eta nabarmendu du Nafarroa erkidego «segurua» dela, bere osasun sistema «indartsuari» esker.Bestalde, gaurtik aurrera Galiziara joan nahi duten Hego Euskal Herriko biztanleek beren datuak helarazi beharko dizkiete osasun agintariei. Bisitariek nondik datozen eta egun horietako bizilekua zein izango den jakinarazi beharko diete agintariei, kasurik atzemanez gero «lokalizaturik» izateko.

Azken hilabetean izandako kutsatze ugarien ondorio izan dira erabaki horiek. Osasun agintariek jakinarazi dute 174 positibo atzeman dituztela Hego Euskal Herrian, baina herrialdeka badira aldeak. Kasu gehienak Bizkaian daude: 85 positibo atzeman dituzte han. Nekane Murga Jaurlaritzako Osasun sailburuak atzo adierazi zuen Bizkaiko kasuen gorakada herrialdeko «mugikortasun handiarekin» lotuta dagoela. Gipuzkoan 35 positibo atzeman dituzte; Araban, bederatzi. Nafarroan, berriz, erdira murriztu dira kasuak egun batetik bestera: 97tik 44ra. Bestalde,erkidegotik kanpo kasu bat detektatu dute.

Herriz herri, kutsatze gehienak Bilbon daude oraintxe: 36 positibo atzeman dituzte azken orduetan, eta 113 asteburutik. Halaber, Eibarko (Gipuzkoa) eta Ermuko (Bizkaia) agerraldiek ere aktibo jarraitzen dute. Eibarren azken orduetan 16 positibo izan dira, eta Ermuan, 11. Hala, bi herri horietako agerraldiekin lotura duten kasuak 384 dira dagoeneko.

Atzo goizean beste udalerri batean piztu zen alarma: Hernanin (Gipuzkoa). Udaleko iturriek jakinarazi zuten herriko eraikin bateko biztanle guztiek PCR proba egin beharko zutela, eraikinean hainbat positibo atzeman baitzituzten. Kutsatzeak zenbait familiatako kideen artean atzeman zituzten, eraikin berekoak guztiak. Murgak adierazi zuen pertsona horiek ez zeudela «konfinaturik», baina proben emaitzak jaso arte etxean geratu beharko dutela. Udaleko iturriek esan zuten astelehen iluntzean izan zutela kasuen berri, osasun agintarien abisu baten bitartez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.