COVID-19aren izurriteak ikaragarrizko eragina izan du adineko pertsonengan: Espainiar Estatuko datuei erreparatzen badiegu, 70 urtetik gorakoak kutsatu diren pertsona guztien herenak dira, ospitalera joan behar izan dutenen erdiak, ZIU zainketa intentsiboetako unitatera joan direnen herenak, eta hildakoen ia %86. Izurriteak, bereziki, adineko pertsonentzako egoitzetan izan du eragina: Hego Euskal Herrian, orain arte ditugun datuen arabera, 850 pertsonatik gora hil dira egoitzetan, COVID-19aren eraginez hildako guzien %42, gutxi gorabehera.
Gure inguruko herrialde gehienetan gertatu da hori bera. Nazioarteko datuak konparatzea zaila bada ere, datuak ez baitira beti era berean jasotzen, argi dago gure artean gertatutakoa beste leku askotan ere gertatu dela: Estatu Batuetan orain arte hildako guzien %41 egoitzetako erabiltzaileak dira; Ingalaterran, %52; Portugalen, %40; Alemanian, %37; eta Frantzian, %51. Kanadan, koronabirusaren eraginez hildakoen %82 dira egoitzetako erabiltzaileak.
Zergatik gertatu da hori? Hilgarritasun tasa honen atzean hiru faktore talde daude, behintzat. Alde batetik, birusaren izaera bera, adineko pertsonengan eragin larriagoa duen neurrian. Logikoa da adineko pertsona asko elkarrekin bizi diren lekuetan birusak eragin handiagoa izatea, maila batean behintzat. Bigarrenik, egoitza bakoitzaren antolaketa eta izaerarekin loturiko arrazoiak daude: toki kopurua, logelen tamaina, ezaugarri fisiko eta arkitektonikoak, egoiliarrak isolatzeko aukerak, langileen lan baldintzak eta prestakuntza maila, jabego eta kudeaketa mota, ematen den osasun arreta... Azkenik, izurritea sortu zenetik zentro bakoitzak eman ahal izan duen erantzuna: noiz itxi zen zentroa eta noiz debekatu ziren kanpoko bisitak, nolako babes neurriak hartu diren eta nolako babes materiala erabili den, nola aldatu diren langileen arreta prozedurak, nolako osasun arreta eman zaien gaixotu diren egoiliarrei...
Ez dago oraindik argi faktore horietatik guztietatik zeinek eduki duen eragin handiena izurritea zabaltzeko orduan. Beharrezkoa litzateke, beraz, gertatutakoaren ebaluazio sakon bat egitea ahalik eta azkarren, jakiteko zeintzuk izan diren hilgarritasun horren atzean dauden faktoreak eta nolako neurriak hartu beharko diren datozen hilabeteetan egoera hori errepikatzen bada.
Egoitzen krisi honek, edozein kasutan, mendekotasuna duten pertsonei gaur egun ematen zaien arreta ereduaren mugak jarri ditu agerian. Neurri batean, baliabide kontu bat da: seguru asko, ez diegu arreta zerbitzu horiei eta bertan lan egiten dutenei baliabide nahiko ematen. Seguru asko, zentro horien kudeaketa kanpotik etorritako enpresen esku uztea ez da, kalitatezko arreta baten ikuspegitik, komenigarriena. Baina ez da baliabide kontua bakarrik; eredu eta kultura kontua ere bada. Egoitzak beste eredu baten inguruan antolatu behar dira —pertsona bakoitzaren beharren inguruan, eta ez erakundearen beharren inguruan— eta benetan indartu beharko da beren etxeetan bizi diren adineko pertsonei, eta beren zaintzaileei, ematen zaien arreta.
Euskal Herrian pauso sakonak eman dira azken urteetan eredu hori aldatuz joateko. Izurrite honek, ordea, pauso horiek azkartzera eta sakontzera behartzen gaitu, eragile guztien ikuspuntu, erreibindikazio eta interesak uztartuz. Baliabideak indartuz baina, batez ere, eredua aldatuz.
Koronabirusa. Adinekoen egoitzak. GIZARTEA PENTSALDIAN
Zer gertatu da egoitzetan?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu