Beste hiru euskal preso gerturatu ditu Frantziak

Suberbiola eta Goieaskoetxea Mont-de-Marsanera hurbildu dituzte, eta Bengoa, Lannemezanera; sei hilabetean hemeretzi lekualdatu dituzte

jokin sagarzazu
2018ko uztailaren 14a
00:00
Entzun
Frantziako Estatuaren kartzeletan dauden hiru euskal preso gerturatu ditu Parisek Euskal Herritik gertu dauden bi espetxetara. Igor Suberbiola eta Ibon Goieaskoetxea Arlestik Mont-de-Marsanera (Okzitania) lekualdatu dituzte, eta Asier Bengoa Clairvauxtik Lannemezanera (Okzitania). Altsasu (Nafarroa) erreferentzia gisa hartura —hala egiten du Etxerat-ek—, Mont-de-Marsango kartzela Euskal Herritik 160 kilometrora dago; Lannemezangoa, 230era.

Frantziako Justizia Ministerioak urtarrilaren erdialdean iragarri zuen gerturatzeei ekingo ziela, eta bi espetxe horiek aukeratu zituela horretarako. Ordutik hemeretzi preso gerturatu dituzte. Horrekin batera, gaiaz aritzeko mahai bat osatua du ministerioak Ipar Euskal Herriko erakunde eta eragileek osatutako ordezkaritza batekin. Nicole Belloubet Justizia ministroaren kabineteko zuzendariorde Helene Davok ere bilerak egin ditu ETAren indarkeriaren biktimen elkarteekin, eta, haiei azaldu dienez, «legeak jasotzen dituen eskakizunak betetzen dituzten presoak» gerturatuko dituzte soilik; besteak beste, «epaiketaren zain ez daudenak, odol deliturik ez dutenak, edota zigorra betetzear daudenak». Suberbiola 2008an atxilotu zuten; Goieaskoetxea, 2010ean, eta Bengoa, 2007an. ETAko kide izateagatik zigortu zituzten hirurak, eta 14-15 urteko espetxealdiak ezarri zizkieten.

Aurreko astean beste bi preso gerturatu zituen Frantziak. Hamazazpi daude aipatutako bi espetxe horietan. Denera, EPPK-ko 50 kide daude Frantziako Estatuaren kartzeletan. Mont-de-Marsanen hamahiru eraman dituzte; haietako bi —Julen Mendizabal eta Jon Salaberria— aske geratu ziren, zigorra beteta. Han jarraitzen dute 11: Zigor Garro, Josu Urbieta, Raul Aduna, Ekaitz Sirvent, Asier Borrero, Luis Iruretagoiena, Asier Ezeiza, Jurdan Martitegi, Aitzol Etxaburu, Igor Suberbiola eta Ibon Goieaskoetxea. Lannemezanera sei preso gerturatu dituzte: Jon Gurutze Maiza, Alberto Ilundain, Arkaitz Agirregabiria, Iurgi Garitagoitia, Asier Oiartzabal eta Asier Bengoa.

AEMren manifestazioa

AEM Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak manifestazio bat antolatu du abuztuaren 25erako. Bilboko Zabalburu plazatik abiatuko da, 19:30ean. Gudariak direlako! Euskal preso, iheslari eta deportatuak etxera izango da leloa. Mugimenduko kideek ohar batean azaldu dutenez, «harro» daude espetxean eta atzerrian dauden «gudariek» eginiko «borrokarekin»; besteak beste, independentzia eta sozialismoaren alde, langileen eskubideen eta euskararen alde, eta estatuen errepresioaren aurka aritzeagatik. Horregatik eskatzen dute haientzako amnistia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.