Udal eta foru hauteskundeak. Zerrendak. Ane Larrinaga. EHUko Parte Hartuz Ikerketa Taldeko kidea

«Erakundeen aurkako sumindura orokortu egin da gazteen artean»

Alderdi politikoetatik eguneroko mikropolitikara lekualdatzen ari da gazteen parte hartze politikoa, Larrinaga soziologoaren arabera.

OSKAR MATXIN EDESA / ( FOKU.
xabier martin
2023ko otsailaren 17a
00:00
Entzun
Elite ekonomiko-politikoek helarazitako «gazteen estereotipo berekoia» baztertu du Ane Larrinaga EHUko ikertzaileak (Mungia, Bizkaia, 1960). Politika egiteko beste bide batzuk urratzen ari direla adierazi du, eta ukatu talde homogeneo bat direla.

Ikusi gehiago:Alderdiei gero eta zailago zaie hautagaien zerrendak nahi bezala osatzea

Gazteak politikarekiko interesa galdu dutelako ustea zabaldu da. Egia al da?

Gazteei erreparatzen diete askok talde homogeneo bat balira bezala, baina ez dira. Gazteen artean era guztietako kolektiboak eta kategoriak daude: adinaren arabera, jatorri sozialaren arabera, generoaren arabera, kultur mailaren arabera... Gazte horiek zein ingurunetan, zein familia motatan garatu diren, horrek eragin handia dauka politikarekin duten harremana aztertzean. Badira oso politizatuak dauden ingurune sozialak, eta horietan hazi eta hezi direnak politikari buruzko jarrera aktiboagoa azalduko dute seguruenera. Herrigintza edo naziogintzaren tradizioan murgildurik hazi diren gazteak gehiago hurbilduko dira politikara; edo industria auzoetakoak, edo giro abertzale batekoak.

Politika da gauza bat, eta beste bat, alderdi politikoak. Horien inguruan zer jarrera dute?

Orokorki, esango nuke badela belaunaldi berrien artean sistema politiko liberalean dauden instituzioekiko halako etsipen bat. Desilusioa eta frustrazioa ere sartu ahal dira sentipen orokor horretan. Erakunde horiek —eta alderdi politikoak sartzen dira hor— euren itxaropen zapuztuen erantzuletzat jotzen dituzte. Sistema politiko demokratikotik eta hura sostengatzen duten balio eta arauetatik gero eta urrunago sentitzen dira. Gobernuek, parlamentuek eta alderdi politikoek jaramonik ez dietela egiten uste dute askok. Erakundeen aurkako sumindura, etsipena eta frustrazioa orokortu egin dira gazteen artean.

Horrek ez du esan nahi, ordea, beren arazoak identifikatzeko gai ez direnik, ezta?

Gai dira horretarako, noski. Beren kezka nagusien artean dago prekarizazioa. Politika neoliberalen ondorioz lan merkatua erabat aldatu da, eta emantzipatzeko aukerak izugarri apaldu ditu horrek. Ondorioz, beren bizi proiektua gauzatzeko ahalmena galdu dute, eta ziurgabetasunean bizi dira. Eta egoera horri gehitzen zaio egungo agenda politiko guztia, tartean trantsizio sozioekologikoa. Horrek egonkortasun falta areagotzen du.

Bizi proiektuak ezin gauzatzeak edo geroa ezin aurreikusteak urrundu ditu gazte asko politikatik?

Bai. Ezintasun sentipen orokortuak batzuetan zinismora eraman dute alderdiekiko duten jarrera. Krisien artean bizi den belaunaldi berri bat dago hemen, eta ezin dira ahaztu munduko zenbait prozesu, esaterako, estatuak gogor jotzen dituen globalizazio neoliberala. Politika sozialak hondoratzen joan dira, eta erakunde politikoak gero eta gehiago daude eragile politiko globalen mende. Ildo horri beste ildo bat gehitu zaio, gainera: indibidualizazioa. Erakunde politikoek ez dituztela eraginkortasunez esleituak zituzten funtzioak betetzen; ikuspuntu hori oso zabaldua dago gizartean, eta ez bakarrik gazteen artean; pentsa daiteke alderdiek bitartekaritza egiteari utzi diotela gizartearen eta sistemaren artean.

Eta nola eragin nahi dute belaunaldi berriek alderdietatik at?

Alderdietatik urruntzea da gauza bat, eta politikatik urruntzea bestea. Elite politikoek, aktore ekonomiko nagusiek eta hedabide hegemonikoek gazteei buruzko irudi bat zabaldu dute. Marrazten dituzte pertsona berekoi gisa, arazo kolektiboen arduratik urrun, eta estereotipo hori alderatzen dute XX. mendeko bigarren zatiko belaunaldien estereotipoarekin. Maiatzaren 68aren itzalean sortutako gazteak islatzen dituzte erreboltari gisa, eraldaketa soziala nahi duen banako konprometitu gisa eta abar. Kontu handiarekin ibili beharko genuke estereotipo horiekin, ez datozelako bat egiarekin.

Alderdietatik at politika egiteko hautua zabaltzen ari da?

Joera argi bat da, bai. Agian gazteen presentzia ez da handia alderdietan, baina inplikazio soziala dutenak asko dira. Auzo elkarteetan, gazte asanbladatan... Modu askotara aritzen dira, mailaz maila baitoa parte hartze politikoa. Ez da dena edo ezer ez. Alderdi batean edo sindikatu batean parte hartu gabe ere politikoki aritzerik bada, eta nik uste dut gune aldaketa bat egon dela. Ohiko erakunde politikoetatik eguneroko bizitzako guneetara gertatu da lekualdatze hori. Gazte askok gune horietan aurkitu dituzte beraien kezkak eta balioak beren ikuspuntutik lantzeko abagunea. Mikropolitikarako jauzi bat egin dela esango nuke, eta hori lotua dago erabiltzen duten hizkuntzarekin, sexualitatea bizitzeko moduarekin, naturarekin duten harremanarekin, elikadurarekiko hautuarekin, eta abarrekin. Ekintza etiko-politikoak bihurtu dituzte eguneroko hautu horiek, eta 'ni'-a garatzeko bide eman die.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.