Irune Lasa.
GEURE KONTU

Yellen hautatzeko Bidenen arrazoiak

2020ko azaroaren 29a
00:00
Entzun
Jende asko zegoen beha Joe Bidenek nor aukeratuko Altxorreko idazkari. Ez da gutxiagorako, idazkari berria gidari erabakigarria izango baita herrialdea bere historiako krisi gogorrenetakotik ateratzeko. Ez dago modu bakarra krisiei aurre egiteko; argi frogatu zuen hori 2008ko finantza hondamendiari emandako erantzun zekenak. Pandemiatik eta Donald Trumpen arotik ateratzeko zer gidari, zer eredu hartuko dute AEBek Bidenekin? Altxorreko idazkari berriak, bidean asmatu ala ez, historia egingo du. Eta gidari hori Janet Yellen izango da.

Egia da ez Bidenek eta ez Yellenek ez dutela zaila izango aurrekoa hobetzea. Superheroien komikietako gaizto zitalen itxurako Donald Trumpek eta enparauek Etxe Zuria uzten dutenean, esperientzia handiko emakume oso errespetatu baten esku geldituko da AEBetako ekonomiaren lema. Erabakietan azken hitza Bidenen gertuko taldeak izango badu ere, Yellenen kontu joango dira AEBetako zerga politika, ekonomia bultzatzeko neurriak, eta baita merkataritza harremanak ere, Altxorreko idazkaria baita herrialdearen diplomazia ekonomikoaren burua.

Itzal handiko ekonomista bat hautatu du Bidenek. Etxe Zuriko ekonomisten nagusia Bill Clintonen administrazioan, 74 urteko Yellenek urteak egin ditu Erreserba Federalean; gobernadore aurrena,presidenteorde lau urtez, eta presidente gero, Barack Obamak izendatuta, 2014tik 2018ra.

Yellen usoa dela diote hedabide estatubatuarrek, austeritatearen aldeko belatzen aldean, Fed-en zegoenean gehiago kezkatzen zuela langabeziak inflazioak baino. Keynesen eskolakoa bada, behintzat. Era berean, desberdinkeriaren inguruan ere hainbat lan egin ditu, eta klima larrialdiari aurre egiteko karbonoa zergapetzearen alde agertu izan da.

Bere esperientziari eta ibilbideari esker, dagoeneko Bidenen bi gurari inportante bete ditu Yellenek. Batetik, erakutsi du Altxorra eta Erreserba Federala oraingoan elkar hartuta jardungo direla. Bi urtez izan zen banku zentraleko buruzagia, eta lanean orpoz orpo aritutakoa da Fed-eko egungo buruarekin, Jerome Powell errepublikanoarekin. Powellek hilabeteak daramatza Altxorrari dei egiten zerga neurriak har ditzan, dirua jar dezan pandemiaren ondorioz gorriak pasatzen ari diren herritarren larria arintzeko eta ekonomia akuilatzeko, baina Erreserba Federalak ezer gutxi lortu du Trumpen administrazioan. Orain Yellenekin gauzak desberdinak izango direla erakutsi nahi izan du Bidenek.

Lael Brainard, gobernadore errepublikanoz inguratutako Erreserba Federaleko gobernadore demokrata bakarra —Obamak izendatua— zen beste faboritoetako bat Altxorreko idazkari izateko, baina Bidenek Fed-en gelditzeko eskatu dio; ziurrenez, Powellen ondorengoa izateko banku zentraleko buruzagitzan. Gainera, Brainardek zailagoa zuen lehen aipatutako Bidenen bigarren guraria betetzea.

Eta Yellenekin bai, Alderdi Demokrata osoa konforme egotea lortu du Bidenek. Kontserbadoreak, zentristak, aurrerakoiak —betiere AEBetako estandarretan— xextran dabiltza demokratak, baina Yelleni abegi oso ona egin diote guztiek. Demokrata ezkertiarrenek ere ondo iritzi diote: «Ez da [Elizabeth] Warren, baina...».

Lehendik ere Altxorreko idazkari izateko aukera gutxi zituen Warrenek, baina Senatua errepublikanoen esku geldituz gero, batere ez. Altxorreko idazkariaren izendapenari oniritzia eman behar dio senatuak, eta Warrenek jai luke errepublikanoekin. Hori bai, oraindik argitzeko dago nola geldituko den AEBetako Senatua, Georgiako bi aulki bigarren itzuliaren zain baitaude (urtarrilean). Ehun aulkietatik, errepublikanoek 50 dituzte, eta 48 demokratek. Georgiako bi aulkiak demokratentzat balira, 50-50 geldituko lirateke, eta Kamala Harris presidenteordearen bozak hautsiko lituzke berdinketak. Baina demokratek zaila dute berdinketara iristea.

Eta horretara ere badator Yellen. Figura indartsua da, beharbada kontu jakin batzuetan errepublikano zentristenak bereganatu ditzakeena, edota bestela, senatu errepublikanoari izkin egiteko moduak topatuko dituena; adibidez, zerga igoeretan eta beste gai inportante batzuetan aurrera egiteko. Itzal handiak, irudi zentratuak, horretarako balio beharko lioke, are errazago Trumpek eta enparauek jokamolde heterodoxoen langa oso goian utzi duten honetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.