Hilabete barru beteko da urtebete Unai Laso profesionaletara itzuli zenetik (Bizkarreta-Gerendiain, Nafarroa, 1997). Nekez izan zezakeen itzulera ederragorik. Geroztik jokatu dituen txapelketa guztietan aritu da finalean: lehenbizi, Nafarroako lau eta erdikoan; jarraian, maila nagusiko lau eta erdikoan; ondoren, binakakoan; eta igande honetan, buruz burukoan, Joseba Ezkurdiaren aurka, Iruñean, Nafarroa Arenan. Galdu egin ditu aurreko hirurak. Laugarrenean eten nahi du bolada: «Bai, motel, bada garaia!». Irrikaz dago jokatzeko, are gehiago «etxean» jokatuko duela kontuan hartuta.
Non finala, han Unai Laso.
Oso pozik nago, urte guztiko lana emaitzetan islatzen ari baita; laugarren finala jokatuko dut segidan. Oso zaila da urte osoan ondo jokatzea, eta hori lortzen ari naiz. Oso gustura nago.
Aurreko hiruretan bezala, lehen aldia duzu buruz burukoan ere. Horrek bereziago egiten du?
Bai. Txapelketa nagusia da. Gainera, buruz burukoa jokatu nuen aurreko aldietan ez nuen izan esperientzia oso onik [ez zen pasatu final-zortzirenetatik, eta lau partidetatik bakarra irabazi zuen]. Aurten, ordea, oso gustura aritu naiz; sentitu dut nire ezaugarriak oso ondo egokitu direla buruz burukoaren jokamoldera.
Aurreneko finala buruz buru, eta Iruñean. Nekez aukera zenezakeen aukera aproposagorik.
Bada, ez. Bai niretzat, baita Josebarentzat ere [Ezkurdia], oso-oso berezia izango da finala etxean jokatzea. Gure zaleek ez dute Bilbora mugitu beharko.
San Fermin egun baten antzekoa izango da.
Erabat. Egun oso polita izango da; giro ederra egongo da, eta festa handia ere bai. Etxean, frontoia beteta... Sekulakoa izango da.
Aurrekoetan baino giro gehiago nabari duzu?
Bai. Sarrera pila bat eskatu dizkidate. Baina oso gutxi eman dizkidate: 170 besterik ez. Oso gaizki iruditzen zait, 3.000 pertsona sartzen baitira Nafarroa Arenako pilotalekuan. Gehiago eman behar zizkiguten. Jende asko ari zait galdezka ea sarreraren bat dudan eskura, eta ez da batere gustagarria ezetz esan behar izatea. Berriz ere diot: oso gaizki iruditzen zait horren sarrera gutxi jaso izana, eta enpresek eta bestelakoek horrenbeste izatea. Sarrerak eskatzen ari zaizkidan pertsona horiek txapelketa guztian joan dira frontoira, animatzera, eta, orain, finala iritsi, eta ezin dute horretaz gozatu. Ez du laguntzen finala jokatu baino hiru aste lehenago jartzeak salmentan sarrerak, jakin gabe zeintzuk jokatuko duten.
Noizbait jokatu duzu Nafarroa Arenan?
Behin bakarrik, duela lau urte, jaialdiko hirugarren partida batean. Ez naiz ia gogoratzen. Ez dut ezagutzen frontoia, eta bakarrik bi aldiz entrenatuko gara bertan [gaur ariko da bera lehen aldiz], gimnastikako txapelketa bat jokatu baita bertan. Aurreko astelehenean esan ziguten gimnastikako txapelketa hori jokatuko zela, eta, beraz, aurreko astean ezingo ginela entrenatu Nafarroa Arenan. Deskoordinazio handia egon da, eta traba izan da pilotariontzat.
«Sinatuko nuke final guztiak jokatzea, nahiz eta gero galdu», esan zenuen binakakoaren finala galdu ostean. Noizbait irabazi beharko duzu baten bat, ezta?
Bai, motel, bada garaia! Finaletan egote hutsa sari ederra da. Irabazi egin nahi dut, baina baita aurkariek ere. 25 urte ditut, eta, orain arte bezala jarraitzen badut, igande honetan edo beste batean irabaziko dut txapela.
Aurreko hiru finalekin alderatuta, ez duzu izango aurrean Jokin Altuna. Finalerdietan kanporatu zenuen. Bazenuen gogoa, ezta?
Bai, baina Joseba ere aurkari oso gogorra da; oso ona da, eta haren ezaugarriak bikain egokitzen dira buruz buru aritzeko: oso sendo jokatzen du, asko ematen dio pilotari, eta bolea izugarria du. Oso zaila izango da hari irabaztea. Lau eta erdian jokatu dugu elkarren aurka, baina hau buruz burukoa da, beste diziplina bat.
Sasoi betean zaude?
Bai. Josebak baino partida gehiago jokatu ditut [lau, eta hiru Ezkurdiak], eta partida horiek oso gogorrak izan dira. Ea finalaren egunean gorputza ondo dudan.
Igarri egiten da partida gehiago edo gutxiago jokatu izana?
Bai, gorputza freskoago baitago. Baina halaxe egokitu zaio Josebari. Hark ez du inolako kulparik. Agian, kalte egiten dio gutxiago jokatu izanak, auskalo.
Zuk uko egin zenion final-laurdenetako ligaxkako azken partida jokatzeari, eskuin sorbaldan mina baitzenuen. Arriskuan ikusi zenuen zeure burua?
Bai. Une txarrak izan ziren. Baina fisioterapeutek oso lan ona egin zuten, eta lesioa sendatu zidaten. Zalantzak nituen ea nola geratuko nintzen, baina oso ondo nago.
Aimar Olaizolarekin egin zenuen finalerdia jokatu edo ez erabakitzeko proba. Harekin ari zara entrenatzen ere. Nola da harekin lan egitea?
Oso gustura aritzen naiz Aimarrekin. Esperientzia handia du, eta aholku onak ematen dizkigu.
Zer esaten dizu gehien?
Ondo jokatzeko, eta partida osoan kontzentrazioari eusteko.
Ikusi gehiago:Joseba Ezkurdia: «Sanferminen aurrerapena izango da final hau»