Imanol Magro Eizmendi.
GEURE KONTU

Telelanaren tranpa

2021eko maiatzaren 2a
00:00
Entzun
Pandemiaren hurrengo olatua antsietatearena eta estresarena izango da. Gaixotasun psikosozialak handitzen ari dira, eta erakundeek garaiz iristeko aukera dute oraindik». Iragarpena Juan Carlos Cardenas UGT Euskadiko lan osasuneko arduradunak egin zuen, asteazkenean, Lan Osasunaren Munduko Egunaren karietara. Alfonso Rios CCOOko haren kargukideak antzeko adierazpenak egin zituen, eta telelanaren hedapenean jarri zuen arreta. Sindikatuek eta erakundeek gertutik bizi dute egoera. Pandemiarekin, areagotu egin dira lanarekin lotura duten edo hark eragindako gaitz psikologiko eta emozionalak, eta, haien eskutik, somatizatzearen poderioz, baita ondorio fisikoak ere.

Argi gorri bat pizten ari da ikusi nahi duenarentzat. Espainiako Lan Ministerioak arrisku psikosozialak detektatu eta salatzeko irizpide berri batzuk ezarri dizkie lan ikuskatzaileei. Iragan apirilaren 14an sartu ziren indarrean, eta lan araudiaren urraketak aurkitzeko eremua zabaldu diete. Isunak ere aurreikusten dira, 40.000 eurorainokoak. Beste tankera batzuetako lan gaitzekin ikusi da ikuskaritzak zorroztea ez dela konponbide magikoa, eragin eremu mugatua dutelako, baina deigarria da lan agintaritzak arrisku psikosozialetan arreta jartzea.

Arrisku psikosozialek aurpegi asko dituzte: jazarpen moral edota sexuala areagotzea, lan erritmoak gogortzea, langileak bakartzea... Eta beste hainbat ondorio: antsietatea, estresa, gaitz psikologikoak... Patroi bat markatzea ez da erraza, esparru publikoan zein pribatuan gertatzen direlako, baina sindikatuak eta Osalan bat datoz bi ohiko aldagai nabarmentzean: batetik, emakumeek maizago jasaten dituzte, eta, bestetik, arrisku handiagoa dago zenbat eta lan prekarioagoa izan. Beldurra aspaldikoa da, baina koronabirusak areagotu egin du mehatxua, eta pandemiak lan munduan eragindako aldaketetako asko luzerako iritsi dira.

Soldatapeko edo autonomo?

Etxetik lan egiteko aukera da aldaketa nabarmenetako bat: telelana, alegia. Alde positiboak ukaezinak dira: COVID-19aren zabalkundea murrizteko erreminta baliagarria da, eta langile askori lanerako joan-etorria arindu eta merkatu die. Baina ez da idealizatu behar. Telelanaren irudi bukolikoa balio erantsi handiko eta soldata oneko lanpostu liberalei lotuta doa: ingeniariak, arkitektoak, etxean lanerako gela bat eduki dezaketenak... Baina pandemiak langile prekarioak ere etxera bidali ditu, eta, orain, 1.000 euro irabazten dituzten telefonistek edo komertzialek etxeko sukaldeko mahaitik dihardute.

Era berean, pandemiak telelangile eredu berri bat sortu du: etxera bidalitako langile finkoa. Lantegi fisikoko baldintzak etxean mantentzen dituzte behargin horiek, baina ez da ahaztu behar pandemiaren aurretik etxetik lan egiten zuten gehienak autonomoak zirela, eta hor datza arriskua, enpresa askok orain ikusi dezaketelako soldatapekoek egiten duten lana autonomoen bitartez bete dezaketela. Esan gabe doa egoitza fisiko baten alokairua ez ordaintzea goxoki erakargarria dela enpresentzat.

Telelanak, baina, arrisku gehiago ditu. Lantokiaren eta etxearen arteko banaketa fisikoak deskonektatzen laguntzen du, eta zehaztasun handiagoz ezartzen da lan egunaren hasiera eta amaiera: lankideak etxera badoaz, zu haiekin. Etxean, aldiz, errazagoa da eternizatzea, eta horrenbestez eguna luzatzea. Telelanak, halaber, langileen atomizazioa dakar: lantaldearen babesetik urrundu eta bakartu egiten du. «Beti konektatuta eta bakarrik dagoen jendetza bat» osatzen dute telelangile horiek, Remedios Zafra filosofoak El entusiasmo saiakeran deskribatu dituen bezala. Ondorioz, langileen arteko elkartasuna lausotzen da, zailagoa da eskubideen alde borrokak ehuntzea eta sendotzea, eta lan arazo kolektiboak arazo pertsonal eta indibidual bilakatzen dira. Jazarpena edo tratu desegokia jasan eta ematea ere errazagoa da: bideodei bat izan daiteke boterekeriaren lekuko bakarra.

Etxetik jarduteak zaintza orduakere areagotzen ditu. Adinekoen eta umeen zaintza amaiezina delako berez, eta telelanean diharduenak zama handiagoa hartzeko arriskua du: etxean denbora gehiago igarotzen duenak gehiago zainduko du. Eta, jardunaldi murriztuekin gertatzen den bezala, emakumeak nagusi dira telelanera igarotako lanpostu prekarioetan. Harekin datoz lanaldi bikoitza gogortzea, kontziliazioaren balizko oreka haustea, eta gaitz psikosozialak areagotzea. Eta etxea lantokia denean, zer da lan gaixotasuna? Nola ezberdindu zerk eragin duen antsietatea edo estresa? Hori erabaki behar duen mutualitateak zer esango du? Serio hartzen badute, lan ikuskariei ez zaie lanik faltako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.