Kattalin Miner.
LARREPETIT

Aberririk gabe, bakerik ez

2016ko martxoaren 25a
00:00
Entzun
Neure burua abertzaletzat izan arren, ez naiz ni aberrizalea izan ia inoiz. Esan nahi dut hitzak berak ere atzerakoa eman izan didala ia beti, eta, egiari zor, kasik terrorea laztantzen duen izua sortu. Aberria eta abertzalea hitzak —inoiz egin behar ez den gisan— gaztelaniara itzultzen baditut, sekulako narda eta izua sartzen zaizkit gorputzean, nahiz, noski, ondo ikasia naizen «ez dela gauza bera aberria eta patria».

Dena den, edozein hizkuntzatan kontzeptualki gehiegi izutzen nauen gauza da aberria. Beldurtu egiten nau aberri batek —generikoki—, eta aberriarekiko sorrarazten diguten maitasun eta defentsa senak. Izutzen nau aberriaren izenean mintzatzen den orok eta ikaratzen naute abertzale onek, hots, patriotek.

Ez naiz abertzale ona, baina, inozoa ere ez naizenez, badakit desberdina dela herri zapaldu edo ukatu baten abertzaletasuna edota inperio batena. Horregatik, agian, ospatu izan dugu etxean beti Aberri Eguna, eta ez hainbeste Jesusen berpizte hori.

Baina, ia beti bezala, onena politikatik etortzen denez, gaurko txistea podemita vasco-ek ekarri digute. Diotenez, aberririk gabeko Aberri Egun bat ospatu behar omen dute, zehazki, «identitarioa ez den Aberri Egun bat». To. Non, eta Donostiako bakearen usoan. Identitaterik ez izateko leku kuriosoa hautatu dute, bada.

Nik, nire partetik, buruari eragin diot, eta pentsatzen nabil —politika berriak hala agintzen badu— ea nola ospa dezakegun, adibidez ,emakumerik gabeko Martxoaren 8a, langilerik gabeko Maiatzaren 1a, edo nola egituratuko ote ditudan arrazismoaren aurkako arrazarik gabeko diskurtsoak.

Eta batek daki zertan arituko diren Podemos Euskadikoak igandean identitaterik gabe uso baten bueltan; baina, era berean, gauza bat eskapatu zaielakoan nago, hain zuzen, identitaterik ez izatea bera ere oso identitarioa izan daitekeela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.