xabier martin
GEURE KONTU

Bruselak zaintzen duen lan erreforma

2021eko urriaren 24a
00:00
Entzun
Honezkero, esan daiteke PSOEk eta UP Unidas Podemosek indargabetu behar zuten lan erreforma doitu egingo dutela, ez indargabetu. Ez diotela zuzenketa oso bat egingo PPren 2012ko gehiagoaren alperrak pasatuta onartu zen araudi desorekatuari, soilik «osagai kaltegarrienak» aldatuko dituztela, eta urtea amaitu aurretik berretsi ahalko dela azken asteetan eman dituzten zertzeladek marraztutako erreforma partziala. Espainiako Gobernuak presa baitu, orain, erreformaren prozesua burura eramateko. Europako Batzordearekin hartutako konpromisoa da urtea amaitzerako prest edukitzea: Next Generation funtsen bigarren poltsa dago jokoan, 13.793 milioi euro.

Nabarmena da Bruselak baduela zeresana Espainiako Gobernua, sindikatuak eta patronala lantzen ari diren erreformaren sakontasunean. Batzordeak txosten bat exijitu dio Madrili erreforma nondik nora joango den aztertzeko, beldur baita lan merkatuak malgutasun gehiegi galduko ote duen. Edo beste era batera esanda,urrunegi joango ote den soldatak debaluatzeko makinari egingo dizkion aldaketetan. Yolanda Diazen Lan Ministerioak aurki igorriko dio Batzordeari txostena, gainditu behar den azterketa gisa. Bistan da: Next Generation funtsek badute letra txikia.

Madrilen eta Bruselan prestatzen ari diren plateretik jan beharko dute datozen urteetan Hego Euskal Herriko langileek, eta gehiengo sindikala adi jarraitzen ari da prozesuaren azken urratsak, timing egoki bat izan dezaten erreformaren aurkako balizko mobilizazioek, greba orokorra barne. Sanchezen gobernuak azaroaren 15a arte eman die tartea sindikatuei eta patronalari ahalik eta adostasun handiena lortzeko, Kongresuan nahi duelako erreforma urtea amaitzerako. ELAk eta LABek informazio zehatzagoa eduki ahalko dute ordutik aurrera, Kongresura iritsiko den proiektuaren inguruan.

Batzordea eta patronalaren betoa

CCOOren eta UGTren babesa lortzea gutxieneko bat da Diaz Lan ministroarentzat; baina CEOEren oniritziak, gaur-gaurkoz, ezinezkoa ematen du, patronala ez dagoelako prest PPk emandako pribilegio askori uko egiteko, besteak beste, kaleratze errazak eta merkeak egitea. Ezezko hori oztopo handi bat gerta dakioke Madrili. PSOEren barruan bada eztabaida bat CEOE gabe ere erreforma aurrera ateratzeko egokitasunaren inguruan, baina PSOE eta UP gobernu bazkideen artean lehertu da benetan eztabaida hori, azken orduetan. UPko Diaz ministroak dio erreforma CEOEren babesarekin edo gabe egingo dela urte amaitzerako; bestela, badoala. Alabaina, Nadia Calviño Ekonomia ministro sozialistarenesku hartzeak islatzen du erreforma urardotu nahi duen gobernuko sektorea ez dagoela prest amore emateko.

Kontua da patronalaren oniritziaren eztabaidan ere Bruselak zeresana izan dezakeela. Europako funtsak jasotzeko baldintzetan, Madrilek Batzordearekin lotuta dauka «eragile sozialek» adostu behar dutela lan erreforma berria. Ikusteko dago Sanchezen exekutiboa gai ote den aurrera egiteko patronalaren onespenik ez duen agiri batekin. Next Generation funtsak direla eta, Bruselak CEOEren betoa inposatzeko adina indar ote du?

Batera edo bestera, oraindik ez du aurpegia erakutsi Espainiako Gobernuak moldean duen erreformak, baina antzematen zaizkio formak ez dira euskal gehiengo sindikalaren gustukoak. Asko hitz egiten ari da greba orokor bati buruz azken asteetan, eta azaroaren 15a gorriz markaturik daukate ELAk eta LABek, egun horren ondoren informazio zehatzagoa izango dutelako, seguruenera, erreformaren edukiei buruz. Gaur bertan, Hegoaldeko hiriburuetan manifestatuko da ELA, euskal alderdiak estu hartu nahian, lan eta pentsioen erreformak bozkatu beharko dituztelako Madrilen. Noiz, ordea? Erantzun hori jakitean LABekin duen negoziazioa aktibatuko du ELAk, greba orokorrera deitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.