Iker Aranburu.
GEURE KONTU

Sukaldari asko plater bakarrerako

2021eko ekainaren 13a
00:00
Entzun
Mundua sei gizon zuri eta asiar baten artean nahierara banatzen zuten garaia amaituta dago, zorionez. Baina oraindik badu pisua G7ak, munduko BPGaren %40 ordezkatzen duen talde horrek, eta hori erakutsi nahi izan du, mundu osoan sozietate zergaren gutxieneko %15eko tasa bat ezartzeko akordioa lortuta. Kopuruak gorabehera —oso apala dirudi—, analisia zuzena da: enpresa handien ekarpenak derrigorrez handitu beharko du, kapitalismoak bere burua irentsi nahi ez badu.

Baina akordioak mahai txiki baten bueltan lortzeak badu arazo bat: zazpik soilik indarrean jartzeak ez duela ezertarako balio. Horiek horrela, erdi prestatutako platera atera dute mahaira. Erabaki gabe utzi dute zehazki enpresen zein irabazi eta diru sarrera zergapetuko dituzten—zerga oinarria—, zer salbuespen egongo diren —finantza enpresak, esaterako?—, eta nola lortuko duten multinazional handienek beren irabazi erraldoien zati bat munduan zehar ongi banatzea. Letra txikia lan handia da, eta udazkenerako lotu nahi dute, OCDEn gaia aspaldi aztertzen ari diren taldean; aurretik, uztailean, G20aren Veneziako goi bileran bedeinkapen zabalago bat jaso beharko luke.

Sukaldeko lana, gainera, etxean hasi beharko dute G7ko kideek. Esaterako, Alemaniak, Frantziak eta Italiak ikusi beharko dute nola lortzen duten Europako Batasuneko sukaldaritza fiskalaren bi plater ezagun enpresa handien menuetatik desagertzea: irlandar bikoitza (double Irish) eta Herbehereetako ogitartekoa (dutch sandwich). Hala esaten diete multinazional handiek EBn ia zergarik ez ordaintzeko baliatzen dituzten sistemei; hitz bitan, dirua batetik bestera mugitzea, eta bide horretan ordaindu beharreko zergak txikitzea, batzuetan desagertzeraino. Izan ere, justizia sozialaren bandera gogoz astintzen duen arren, EBk zerga paradisuen ezaugarriak dituzten hainbat herrialde ditu barnean: Herbehereak, Irlanda, Luxenburgo, Malta... Haizea kontra dutela badakite horiek, baina kosta ahala kosta eutsi nahiko diete oraingo zerga egiturei, galtzeko asko dute eta.

Irlanda, totem baten defentsan

Argi gehienak Irlandara begira daude, han sozietate zergaren %12,5eko tasa ikur bat delako, totem bat. Harekin lotzen dute pobreziatik atera izana, eta adostasun politiko handia dago haren inguruan. Azken egunotan baizik ez dute auzitan jarri Sinn Feinek eta Laboristek, aho txikiarekin badaezpada ere. %12,5eko tasa «sutsuki» defendatuko duela agindu du Paschal Donohue Finantza ministroak. G7koen bileran izan zen Donohue, eurotaldeko burua ere badelako, baina argi du zeri zaion leial: patrikari. Kalkulatu duenez, urtean 2.200 milioi euro gal ditzake Irlandak, sozietate zergaren bilketaren bosten bat —pisu handia du, bilketaren %21; Hego Euskal Herrian ez da %8ra iristen—.

Eta nola da posible tasa handituta bilketa txikitzea? Multinazional handi batzuen ekarpena txikituko litzaiokeelako. Irlandan dituzte Europako egoitzak Applek, Googlek eta AEBetako beste multinazional askok, eta hango zerga sistemak erraztasunak ematen dizkie kontinentean irabazitakoaren gehiena hara bidaltzeko, eta gero zati txiki bat baizik ez ordaintzeko. Horixe eragotzi nahi du sistema berriak, hain zuzen ere.

Baina Joe Bidenentzat ere gauzak ez dira errazak izango etxean. Hark eman zion bultzada bat sozietate zergaren nazioarteko araudiari, onartu zuenean bere multinazional teknologikoak zergapetzeko sistema global bat ezartzea, gutxieneko tasa baten truke. Baina horrelako proposamen batek bi hereneko gehiengoa behar du AEBetako Senatuan, eta dagoeneko jaso du errepublikanoen ezetza.

Suitzak ere asteon iragarri du eginahalak egingo dituela zerga apaleko bere kantonamenduetan ezer gutxi gal dezaten.

G7aren labetik ateratako plater erakargarria urardotzeko gogoa duten sukaldari asko daudela, alegia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.