Imanol Magro Eizmendi.
GEURE KONTU

El Corte Ingles: biltegirik ederrena

2021eko martxoaren 21a
00:00
Entzun
Ateak ireki zituenetik, 2009an, badago eibartar orok hainbatetan erantzun behar izan duen galdera bat: «Baina egoten al da jenderik zuen herriko El Corte Inglesen?». Erantzuna ia beti antzekoa izaten da: «Larunbatetan badago mugimendu pixka bat; astegunetan oso gutxi, hori bai. Ezin da alderatu Bilbo edo Iruñeko dendetan dagoenarekin». Itaunak, baina, etorkizun laburra du, saltoki handien kateak Eibarko merkataritza gunea goitik behera aldatuko baitu. Salmenta zuzena alboratu —optika eta bidaia denda izan ezik—, eta biltegi eta logistika zentro bilakatuko du. Markak eraldaketa digitala sakondu nahi du, eta Eibarren kokagune geografikoa primerakoa da salmentak, baita jakienak ere, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan zehar banatzeko.

El Corte Ingles 1996an iritsi zen Eibarrera, Galerias Preciados zenaren saltokia erosita. 13 urte geroago, jauzi kualitatiboa egin zuen, 20.000 metro koadroko saltokia eraikiz. Apustu deigarria zen: 27.000 biztanleko hiri bat, 73.000ko eskualde batean. ALFA kooperatiba historikoaren lurretan eraiki zuen, El Mundo kazetaren arabera 80 milioi euroko inbertsioa eginez. Orubea, aldiz, dohainik lortu zuen, udalak 75 urterako erabilera eskaini baitzion azpiegitura eraiki eta aparkalekua egitearen truke. Herriko merkataritza berpiztuko zuen amu moduan saldu zuten, baina errealitatea ezberdina izan da. Ireki berritan, jendea erakarri zuen, baina, denbora pasa ahala, ez zen ikusten garai bateko pilaketarik, eta autoz iritsitako erosleak gutxitan murgildu izan dira herrian.

Eibarko El Corte Ingles dendaren inguruko zurrumurru asko egon dira, eta marka eztulka hasten zen bakoitzean itzultzen ziren. Iaz hainbat denda itxiko zituela esan zuen, eta hala egin du: Andaluzian, Bartzelonan... Eibarren solairuen erdiak itxiko zituela entzun zen. Urteak erdia ustel. Aurten, hori bai, 3.000 langile kaleratzeko erregulazioa martxan jarri du, guztien %4, eta Debabarrenean urduritasuna zabaldu zen. Victor del Pino markaren zuzendariak, baina, Eibarko 207 lanpostuak mantenduko direla esan du, eta Jon Iraola herriko alkate izendatu berriak hala baieztatu du. Trebe ibili da sare sozialetan bideo bat jarriz eta Del Pinorekin izandako solasaldia azalduz. Kaleratze bat eta behin-behineko kontratu bat ez berriztea ez dira gauza bera, baina mezuak lasaitasun pixka bat barreiatu du. Dena den, ez du mesfidantza aldendu, aldaketak baitatoz, eta lehen saltoki ponposoa zena biltegi handi bilakatuko da, Untzaga plazatik 200 metrora. Langileek lan ezberdina egingo dute, trafikoa ugarituko da, eta denda ez da inoiz izango kanpoko erosleen erakargune.

Eibar laborategi bat izango da, halaber: El Corte Inglesen lehen dark store-a [denda iluna]. Markak «proiektu berrieneredu» moduan saldu du, baina errealitatea da korrika eta presaka egin beharreko metamorfosi baten lehen pausoa dela. Merkataritza guneen katea garai zailean dago. Izan ere, haren ikur diren ezaugarriek, bezeroa ondo tratatzeak eta kokagune bikaina izateak —beti hiri erdian; horrek urrundu du historikoki Donostiatik —, garrantzia galdu dute pandemiarekin eta Internet bidezko salmenten gorakadarekin. Adituen arabera, online salmenta da markaren ahulunetako bat, eta are gehiago zorpetu behar izan du. 2019an, 2.279 milioi euro zor zituen; egun, berriz, 4.551. Egoera, baina, ez da itotzeko modukoa, bere ondarearen %20tik beherakoa baita. Urre gorria balio duten orubeak ditu.

Larria ez, oraingoz. Bainaadierazgarria da El Corte Inglesen gisako marka klasiko bat online merkatura bete-betean sartu nahian ikustea. Lehen, hura zen arrain txikia irensten zuen arrain handia; orain, marrazoak iritsi zaizkio saretik. Berandu iritsi dela dirudi, baina indarrez. Eraldaketarako Europako Next Generation funtsen atea jo du, eta 4.000 milioi euro lortzeko moduko egitasmoak aurkeztu ditu. Jaurlaritzak espero duenaren erdia baino gehiago da. Eta Espainiako Gobernuak limurtu egingo du: langile gehien duen enpresa pribatua da herrialdean: 90.000; eta BPGaren %2,4 sortzen du. Espainiak argi du: nahiago ditu Eibarkoaren moduko biltegi modernoak, sei solairuko denda hutsak baino.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.