xabier martin
GEURE KONTU

Barra librerik ez debekuentzat

2021eko otsailaren 14a
00:00
Entzun
«Begia begi truk» erantzun baten beldur izan dira ostalariak, ostiraleko Labiren zain, baina ez: Eusko Jaurlaritzak erabaki du EAEko Justizia Auzitegi Nagusitik hartu duen kolpea realpolitik ariketa baten barruan kudeatzea, besteak beste, epaia inpugnatzeko saiorik egin gabe, epaiak eta epaileak piztu dioten haserrea oso garbi utzi duen arren. Kutsatzeak behera doaz, eta herri eta hiri populatu asko 500 kasuren intzidentziak ezartzen duen eremu gorri horretatik atera dira edo ateratzear dira, adibidez Donostia eta Gasteiz. Litekeena da egun gutxi barru eremu gorrian egotea salbuespena izatea, eta, hala ez balitz, kutsatzeak ugaritzen hasiko balira berriro, Gasteizko gobernuak izango luke nora begiratu arduren bila: irrati batean epidemiologoak gutxietsi ondoren, tabernak irekitzea baimendu duen epailearen aldera.

EAEko auzitegi nagusi horren ebazpenak arrasto luzea utziko baitu datozen asteetan, Euskal Herrian eta Euskal Herritik kanpo. Batetik, ostalariak beren negozioak ixteagatik kalte-ordainak eskatzeko prestatzen ari dira, adibidez Arzak eta beste izardun jatetxe batzuk, epaitegiek ate hori ireki dutelako jada; bestetik, beste zenbait sektorek auzitara joko dutela iragarri dute, ostalaritzaren aldeko epaiak hauspotuta. Gauzak horrela, inoiz baino biziagoa da koronabirusaren pandemian ostalaritzak irekita ala itxita egon beharko lukeen eztabaida. Tabernak bai ala ez eztabaida horren atzean beste eztabaida baten traza azaltzen ari da, ordea, gero eta indar handiagoarekin, eta lotura handia du pandemiari aurre egiteko aplikatzen ari den ereduaren kontraesanekin.

Birusarekin batera bizitzeko formula aspaldian hasi baitziren aplikatzen Euskal Herrian. Beste aukera da birusa desagerrarazten saiatzea, muturreko konfinamendu orokorrak eta gogorrak eginez, txertoek beren lana egin arte, betiere epidemiologoek eta birologoek sarritan azaldu dutenez. Baina iazko martxo-apiril-maiatzetako arantza errepikatzea ez dute benetako aukeratzat jo Mendebaldeko gobernu gehienek, eta, hortaz, ostalaritza auzitara jotzean esaten ari dena hau da funtsean: zergatik itxi behar da ostalaritza, beste hainbat sektore zabalik badaude, eta horiek ere kutsatzeak errazten dituzten ezaugarriak badituzte?

Egoera absurdoek ez dute laguntzen

COVID-19ak ZIUak beterik dauzkala ere, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak ez du froga nahikorik ikusi, itxuraz, kutsatzeei muga jartzeko ostalaritza ixtearen garrantzia erakusten duenik. Zientziak erakutsi du, ordea, birusa errazago zabaltzen dela pertsona asko areto itxietan elkartzean; are gehiago maskara kentzen badute. Jatetxe edo taberna baten barrualdean, jan-edanean egiten den moduan, adibidez. Kontua da ostalariak galdetzen hasi direla eurena al den sektore bakarra ezaugarri horiekin. Egunotan askok galdetu dute ez al dauden kutsatzeak zineman, kultur etxean, merkataritza gunean, metroan, gimnasioan eta lantokian. Beti betetzen al diren protokoloak, eta beti al diren eraginkorrak maskarak. Behar bezain berriak eta egokiak al diren, autobusean kontu-kontari doanak kutsatu ez ditzan albokoak.

Era guztietako debekuak onartu dituzte Euskal Herriko gobernuek, eta zenbat eta debeku gehiago jarri, orduan eta kontraesan gehiago sortzen dira birusarekin batera bizitzeko formula hautatuan. Urretxu eta Zumarraga lotzen dituen zubia gurutzatzeagatik egunotan isuna jasotakoek badakite zer den kontraesan horietako bat. Etxetik 300 metrora egonik Urbil merkataritza gunera joan eta isuna jaso duten lasartearrek ere bai. Egoera absurdo horiek erakusten dute zorrotzago ibili behar dela beharrezkotzat jotzen diren debekuak ezartzean, eta ostalaritza itxi behar bada, egoera hobeto esplikatzeaz gain, itxiera hori hobeto lagundu behar dela. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ostalariak 231 milioi euroko erreskatea eskatzen ari dira; 60.000 familia daude sektorean, eta Jaurlaritzak erabaki badu ezin dutela lanean jarraitu, laguntza plan oso batekin esplikatu behar die, ez adabakiekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.