Mendebaldeak Errusia estutzen jarraitzen du, baina ito gabe. AEBek eta Erresuma Batuak gas, petrolio eta ikatz inportazioak debekatu dituzte, baina Europak ez. Moskuri blokeatu egin diote atzerrian dituen funtsetarako sarbidea, baina hori ez da aski izan default-a edo bankarrota eragiteko.
Herrialdeek munduko finantza merkatuetan duten fidagarritasuna neurtzen da mailegatzen dieten dirua itzultzeko duten gaitasunaren arabera. Azken egunetan esan da Errusia sistema horretatik kanpo egotetik oso gertu egon dela, baina ez da halakorik gertatu. Asteazkenean amaitu zitzaion haren zor publikoa erosi dutenei interesak ordaintzeko epeetako bat: guztira 117,2 milioi dolar pagatu behar zituen. Ostegunean, AEBetako JPMorgan bankuak esan zuen ordainketa tramitatu zuela, eta Joe Bidenen gobernuaren oniritziarekin egin zuela hori. Hartzekodunak hasi dira dirua poltsikoratzen. Eta esan daiteke Moskuk lehen partida salbatu duela. Hurrengo asteetan, 614 milioi dolar itzuli beharko ditu, eta apirilean konpromiso handiagoak ditu, 2.000 milioitik gorakoak.
Gainera, dirua dolarretan itzuli omen du. Hori ere ez zegoen argi, kanpoko erreserbetan dituen 640.000 milioiak eskuratzea blokeatuta baitauka. Errubloak, berriz, oso debaluatuta daude, eta oso zaila zirudien hartzekodunek onartzea. Gainera, aste honetako interes bonuek ez zuten aurreikusten —aurrerago ordaindu behar dituen beste batzuek ez bezala— Errusiako monetan ordaintzeko aukera.
Moskuk transakzioa egin izan ez balu edo egitea galarazi izan baliote, bigarren aldia litzateke zorra ordaindu gabe utziko lukeena, 1917ko iraultzaren ostean sobieten gobernuak egin zuen moduan. Baina Putinenak erakutsi du interesak ordaintzen jarraitzeko nahiko dolar duela bere bankuetan. Gerraren hasieran, 40.000 milioiko zorra zuen; 20.000 milioi atzerriarekin. Bolumena ez da bereziki handia, eta hori, hein handi batean, azken urteetan Mendebaldearen zigorrak saihesteko erabili duen estrategiaren ondorio da. Denbora askoan Errusiaren zorrak kanpoko hartzekodunak erakarri zituen, apustu nahiko segurua zelako, herrialdeak dituen dibisa erreserba ugariengatik eta petrolioaren eta gasaren diru sarrera oparoengatik. Baina Mosku zor hori gainetik kenduz joan da, batez ere 2014an Krimea anexionatu zuenetik, inbertsoreak urrunduko zirela jakitun.
Hala, Ukrainako gerrara iritsi da munduko zor subirano txikienetarikoarekin (BPGaren %19,3). Kopuru horiek ikusita, baliteke Mendebaldearen presioa nahikoa ez izatea Errusia nazioarteko merkatuetatik kanporatzeko. Gainera, pentsa liteke inori ez zaiola interesatzen halakorik. Litekeena da Mosku zigortzea helburu duten gobernuek begi onez ikustea ordaintzen jarraitzea, horrek herrialdeko dibisa erreserbak agortzea ekarriko duelako.
Gainera, default-a ezarriz gero, hori eragiteko Mendebaldeak jarritako debekuek auzitegietan amaituko lukete, zorraren likidazio legitimoari buruzko eztabai dela eta. Eta horrek, Errusiaren diruak ez ezik, beste askorenak ere jarriko lituzke jokoan; bereziki swap-en merkatukoak: swap-ak aseguru mota bat dira, hartzekodunek kontratatzen dituztenak interesak jasotzen ez badituzte. Kalkulatzen da aseguru etxeek 40.000 milioi dolar itzuli beharko lituzketela, eta kopuru hori Errusiak duen zorra baino handiagoa da.
2015eko Greziako krisian saihestu egin zen herrialdea default egoeran sartu zela esatea, hain zuzen ere, swap-ek eragingo luketen mundu osoko finantza ekaitza saihesteagatik. Oso gertu zegoen 2008an gertatutakoa: Lehman Brothers inbertsio bankuaren porrotak berekin batera eraman zuen AIG aseguru etxe handia, denek ondo gogoan duten nazioarteko krisi ekonomikoa eraginez.
Izan ere, nazioarteko finantza sisteman denak daude denekin zorretan. Eta gerrak markatzen dituen alde batean zein bestean asko dago jokoan. Badakite asko estutuz gero denak ito daitezkeela.