Jon Fernandez.
GEURE KONTU

Istripuek airean utzi dute Boeing

2019ko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Bost hilabetean bi istripu eta 346 hildako eragin ditu Boeing hegazkin konpainia estatubatuarraren 737 Max 8 modelo berriak. Zehatzago esateko, modelo horren MCAS sistema informatikoak eragin ditu, ustez, bi istripuak: urrian Indonesian gertatutakoa (189 hildako), eta asteon Etiopian izandakoa (157 hildako). Drama humanoaz harago, bi istripuek zeruak eta lurrak astindu dituzte, eta astinduko dituzte oraindik ere, aeronautikaren sektorean.

Ezbaian geratu da Boeing konpainiaren eta FAA aeronautika zibila arautzeko AEBetako Gobernuaren agentzia federalaren fidagarritasuna. Lurra jotako bi hegazkinen kutxa beltzek istripuen arrazoiak argitu bitartean —hilabeteak edo urtea igaro daitezke—, Boeing 737 Max 8 eta 9 modeloen hegaldiak debekatu dituzte bost kontinenteetako hogeitik gora herrialdek, tartean, eta pare bat egunez itzulinguruka ibili eta gero, AEBak. Boeingek 2017an sortu zituen modelo berriok, eta horietako 358 hegazkin zebiltzan hegan, asteon gehienak lurrean gelditu diren arte. Halaber, Ethiopia Airlinesen kutxa beltzak ikertzera Parisera eraman izana ere kolpe bat izan da FAAren orain arteko erreferentzialtasunarentzat.

Boeingek galera handiak izan ditu Wall Streeten, inbertitzaileak ez direlako fio Max 8aren eta 9aren etorkizunaz. Eta ez dira edozein modelo konpainiarentzat: zuzendaritzaren aurreikuspenen arabera, modelo horiek datozen bost urteetako diru sarreren %33 ekarriko dizkie enpresari. Aurreikuspenak, ordea, irauli egin daitezke: alde batetik, hegazkinok aparkatuta dauzkaten aire konpainiek kalte-ordainak eskatuko dizkiotelako —Norwegianek dagoeneko eskatu dizkio—; eta, bestetik, eskari zorroa nabarmen hustu dakiokeelako.

Boeingek 737 Max modeloko 4.636 hegazkin egiteko eskaera zorroa dauka, baina baliteke erosleek orain atzera egitea. Aire konpainiak duda batean daude: batzuek etenda laga dituzte eskariak, MCAS softwarearen auzia argitu bitartean. Lion Air indonesiarrak eta Vietjet vietnamdarrak, esate baterako, jendaurrean esan dute aztertzen ari direla hegazkin eskariak bertan behera lagatzea Boeingekin eta Airbusi eskatzea abioi berriak egiteko: Lion Airek 201 hegazkin eskatuta dizkio Boeingi —hamalau jaso ditu jada—, eta Viejetek, beste 200 —ez du batik jaso oraindik—.

Dibertsifikazioa, segurtasun uhala

Aukera bat izan daiteke Airbusentzat? Izan daiteke, baina ikusteko dago gai ote den tamainako eskaera igoera bati aurre egiteko. Airbus europarraren A320 Neo eta A321 Neo modeloak dira Boeingen 737 Maxen lehiakideak. Kontua da Airbusek dagoeneko 5.754 hegazkinen eskari zorroa daukala bi modelo horietarako.

Boeing utzitako aire konpainien eskariak gehitzen bazaizkio, ba al du gaitasunik produkzioa handitzeko? Nekez, dagoeneko denak emanda baitabil Europako konpainia, aurten hilean 60 hegazkin egiteko helburuarekin. Baina, hara non, joan den hilabeteko albiste txarra, A380 erraldoia egiteari utzi beharra, mesede gerta dakioke orain Airbusi. Okzitaniako Tolosako muntatze lerroa libre geratuko baitzaio 2021ean, A320 eta A321gehiago egiteko aukerarekin.

Baina Boeing eta Airbus ez dira bakarrak zeruan: Txinarentzat ere aukera ezin hobea izan daiteke bere Comac C919 hegazkin modeloa merkatuan zabaltzeko.

Bitartean, Euskal Herrian ere konpainia ugari ari dira arreta handiz erreparatzen azken egunetako turbulentziei. Pisua baitu hegazkingintzak hemen ere. Hegan aeronautika klusterraren 178 lantegi bazkideek 14.457 langile dauzkate, horietako 4.819 Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Hemengo sektoreak bi erraldoientzat lan egiten du, Airbusentzat eta Boeingentzat, baita Bombardier eta Embraerentzat ere. Dibertsifikazioa segurtasun uhal bat izan daiteke euskal hegazkingintzarentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.