joxerra senar
GEURE KONTU

Siemens Gamesan, zantzu txarrak

2023ko urriaren 29a
00:00
Entzun
Euskal Herrian lan egiten duten Siemens Gamesako langileak eta sindikatuak azaroko egutegiari begira daude: azaroaren 15a da inbertitzaileen eguna, eta azaroaren 21a kapital merkatuaren eguna. Data horietako batean Siemens Energy taldeak etorkizuneko plana aurkeztuko du. 2017an Siemensek Gamesaren gehiengoa bereganatu zuenetik —iaz %100 erosi zuen—, hainbat albiste txar etorri dira, baina oraingoan kolpea are latzagoa izan daiteke. Siemens Energyk benetan zer asmo duen jakiteko aste gutxi falta badira ere, zantzuak oso txarrak dira. Batetik, Reuters agentziak duela bi aste aurreratu zuen lurreko haize errotak ekoizten eta diseinatzen diharduten fabrikak eta bulegoak ixtea aztertzen ari zela. Bestetik, asteon Der Spiegel aldizkariak kaleratutakoaren arabera, Siemens Energyk aurten 4.500 milioi eurotik gorako galerak espero ditu, eta errua Siemens Gamesari bota dio (4.300 milioi). Bertan aipatzen denez, Gamesa ez da taldean integratu, eta zuzendaritzarekin arazoak dituzte.

Okerrenean jartzeko motiboak badaude ere, Bruselatik etorri da itxaropen izpia asteon. Europako Batzordeak industria eolikoarentzako laguntza plana iragarri zuen asteartean. Izan ere, Siemens Gamesa ez da arazoak dituen enpresa bakarra. Europako beste bi ekoizle handiak zenbaki gorrietan dira ere: Danimarkako Vestasek iaz 1.572 milioi euro galdu zituen, eta lehen seihilekoan 99 milioi; Nordex-ek, berriz, 498 milioi iaz, eta urtarriletik ekainera 282 milioi. Kontraesana adierazgarria da. Europako Batasunaren helburua da 2030erako egun ezarritako potentzia ahalmena 204 gigawattetik 500 GWera handitzea; halaber, 2050era bitartean urtero ezartzen diren proiektu eolikoen erritmoa lau bider handitu daiteke munduan. Nola liteke, orduan, sektoreko enpresak hain gaizki izatea?

Sektorearen arazo nagusiak

Europako Batzordearen arabera, arrazoi ugari daude atzean. Batetik, industriak ez du proiektu eolikoen ikuspegi orokorrik: ez dakite EBko herrialdeetan nola hedatuko diren, eta egitasmo asko oso atzeratuta doaz osagaien garraio baimenak lortzeko prozedura konplexua delako. Bigarrenik, azken urteetako inflazio handiak eta lehengaien garestitzeak prezioen gorabeheren arriskua estaltzera behartu ditu, finantzaketa arazoak eraginez. Hirugarrenik, parke eolikoen enkanteetan prezio apalenak lehenesten dira, eta horrek Asiako lehiakideei mesede egiten die, produktuak %20 merkeagoak direlako. Horri gaineratu behar zaio susmoak daudela Txinako enpresek estatuaren laguntzari esker lehia desleiala egiten dutela. Apurka, historikoki Europako enpresek sektorean izan duten abantaila txikituz doa: 2020an, mundu mailako merkatuaren %42 zuten, eta iaz, %35.

Hala, asteon, laguntza plana iragarri du Bruselak. Lehenik, Europako Inbertsio Bankuaren bidez, bermeak handituko dira enpresek finantzaketa baldintza hobeak lor ditzaten, eta laguntza ekonomikoa bikoiztu egingo da, 1.400 milioi eurora arte. Bigarrenik, parke eolikoen enkanteak sinplifikatu nahi dituzte eta irizpide bateratuak ezarri. Prezio merkeenean oinarritu ordez, bestelako kontuak aintzat hartzea nahi dute: hala nola ingurumen estandarrak edo erresilientzia zibernetikoa. Gainera, baimenen prozedurak azkartuko dituzte.

Nahikoa izango ote da Siemens Gamesaren gain diren hodei beltzak uxatzeko? Alemaniatik zabaldu dute taldea Berlingo gobernuarekin negoziatzen ari dela milaka milioi euroren bermeak, bankuen finantzaketa lortzen laguntzeko. Nafarroan ondorioztatu dute Gamesa erreskatatzeko erabiliko duela, baina urrunegi joatea da hori, Siemens Energyk bere arazoen erantzule dela egozten baitio. 2017an Gamesa beretu zuenetik, errentagarria izateari utzi dio. Ordutik, Agoizko (Nafarroa) fabrika itxi eta ehunka langile kaleratu ditu, eta lau presidente izan ditu. Denborak erakutsi du Euskal Herrian sektore estrategiko bateko ikur nagusia saltzea ez zela batere erabaki estrategikoa izan. Ea azaroan guztiz damutzeko arrazoirik ez den.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
BERRIAk ahotsa ematen die gizarte justu baten alde egiten duten mugimenduei. Urriaren 3a baino lehen 100 euroko ekarpena eginez gero, 'Gazako egunerokoa' liburua jasoko duzu opari.